Xabier IZAGA GONZALEZ

Afganistango emakumeek burkarik gabe daudela jasaten dute bortxarik handiena

Monica Bernabe eta Gervasio Sanchez kazetariek testuz eta argazkiz jaso nahi izan dute Afganistango emakumeen egia, topikoez harago eta burkaren azpian dagoena erakutsiz. Jantzi hori deserosoa izan daiteke, baina ez emakume afganiar batek jasaten duen errepresio handienaren eragilea.

Ez da burka afganiarrak gehien itotzen dituena
Ez da burka afganiarrak gehien itotzen dituena

Burkak ikusmena eragozten du. Janzten duen emakumearena, jakina, baina baita Mendebaldetik begira dagoenarena ere. Iristen zaizkigun irudiek eta azalpenek janzkera horri lotuta ikusarazten digute Afganistango emakumeen bizimodua, haien arazorik larriena burka eraman beharra dela pentsarazten. Monica Bernabe kazetariak, ordea, Afganistanen eman duen denbora luzean ez du behin ere sumatu hango emakumeen artean burkagatiko kezkarik. Jantzi hori ezerosoa izan liteke, baina ez emakume afganiar batek jasaten duen errepresio handienaren eragilea, ezta hurrik eman ere. Monica Bernabek berak ere eraman izan du sarritan, bere burua babestuago sentitzeko.

Joan den astean Gasteizko Artiumeko auditorioa leporaino bete zen “Mujeres/Women. Afganistan” liburuaren aurkezpenean. Bertan izan zen Monica Bernabe kazetaria, lanaren egile bietako bat. Haren testuekin batera Gervasio Sanchezen argazkiek osatzen duten liburuan ez dugu begirada mendebaldarrak murriztu duen irudirik topatuko. Hainbat emakume afganiar aurpegia eta are besoak ere agerian dituztela erakusten dituzte, baita futbolean edo boxeoan dihardutela ere, eta bertatik bertara jasotako istorio ugariren berri ematen dute. Eguneroko drama ikaragarriak, burkaren ondorio ez direnak.

Emakume afganiarren benetako arazoa ez baita janzkera, ezta talibanak ere, diote Bernabek eta Sanchezek. Bortxarik handiena etxean jasaten baitute, burkarik gabe daudela, hain zuzen ere. Mespretxua, jipoiak, bortxaketak, hilketak eguneroko bizimodu dituzte. Emakume afganiarrari emakume izate hutsagatik dagokion infernua.

Maria Maeztu Forum Feministako ordezkari Miren Ortubayk Gasteizko aurkezpenean esan zuenez, Afganistango emakumeak sistema patriarkalaren ankerkeria jasaten dutenen sinboloa dira nolabait. Hala ere, munduko beste hainbat lekutan ere indarkeria sexista ohikoa dela gogorarazi zuen Ortubayk. Urrunera gabe, Euskal Herrian bertan. Ez Afganistangoaren edo Ciudad Juarezkoaren tamainakoa, baina bai ohikoa. Hain zuzen ere, Gasteizen egun bi lehenago hilik agertu zen Rosa Lidia ahotara ekarri eta Artiumeko ekitaldia hilketa horren salaketa ekintza ere izateko asmoa agertu zuen.

Liburua eta argazki erakusketa

“Mujeres/Women. Afganistan” liburua izen bereko proiektuaren ataletako bat da. Beste atala, argazki erakusketa bat, egunotan Bartzelonan dago ikusgai, baina, besteak beste, Euskal Herrira ekartzeko asmoa dute. Proiektu hori emakume afganiarraren omenez abiatu zuten, Bartzelonako Udalak finantzatuta. Hango Kultura zinegotziak «zerbait» egitea proposatu zion Gervasio Sanchezi, eta argazkilari kordobarrak Monica Bernaberi proposamenaren berri jakinarazi zionean, Afganistango emakumeen egoeraz zer kontatua bazutela pentsatu zuten, ez zela lan erraza izango jakinda ere. Eta asmatu zuten, ez baitzen inondik inora erraza izan, lan luze eta mota guztietako oztopoz betea baizik.

Egileen curriculuma ezagututa, gaiaren lanketa egokia eta obraren kalitatea bermatuta zeuden. Izan ere, Monica Bernabe bartzelonarrak zortzi urte eman ditu Afganistanen kazetari. 2000. urtean joan zen hara lehen aldiz, artean talibanak agintean zirela eta, beraz, herrialdean xaria indarrean zegoela. Bertan, emakumeen aldeko lanari ekin zion eta, handik itzulita, Afganistango Giza Eskubideen aldeko Elkartea (ASDHA) sortu zuen. Gehiagotan itzuliko zen, ordea, eta herrialde hura bizileku izango zuen luzaroan. Afganistanen finkatu den Estatu espainoleko kazetari bakarra eta munduko bakanetakoa da. Hainbat hedabiderentzat lan egin du freelance gisa.

Gervasio Sanchez eskarmentu handiko kazetari eta argazkilaria da, sobera ezaguna. Azken hamarraldietan munduko gatazka armatu nagusietan izan da, argazki kamera begirada kritikoaren aurrean: Hego Amerikan, Afrikan, Europan –Jugoslavia ohiko gerretan– eta Asian. Bere lanek eman dioten bozgorailua nazioarteko agintariek munduko gatazken aurrean erakusten duten hipokrisia salatzeko baliatu izan du, baina ez du gustuko kazetari konprometitua dela entzutea. Kazetaria baita, beste barik. Kazetari petoa: «kazetaritza konpromisoa da eta».

Eta lortu zuten, lortu zutenez, emakume afganiarrari egin nahi zioten omenaldia gauzatzea, “Mujeres/Women. Afganistan”, Blume argitaletxeak kaleratutako liburua osatuz. Omenaldiek, ordea, eskuarki ez dute arazorik konpontzen, ez dute egoerarik aldarazten. Badute beren izateko arrazoia, hunkigarri eta onuragarriak izan ohi dira, baina zoritxarrez, maiz, maizegi, gertaera eta egoera larrien ondorioen eragin izaten dira.

Nolanahi ere, proiektuak baditu beste helburu batzuk, omenaldiaz harago, hala nola Afganistango emakumeen benetako bizimodua, benetako oinazea, ezagutaraztea. Eta bizimodu hori erakusteaz gainera, egoeraren benetako izaera eta haren kausak azaltzea. Hartarako, Gervasio Sanchezek azaldu zuenez, beren lana burkari lotutako emakume afganiarraren «postal gisako ikuskeratik» aldendu behar zuten. Azaleko ikuskera hori baztertu, alegia.

Gizonaren jabego hutsa

Emakume haien egoera halako janzkera eraman beharra baino askoz ere gordinagoa da. Emakume afganiarra jabego hutsa da. Gizonaren jabego. Aitarena lehenbizi, senarrarena ondoren. Kontu jakina da talibanen erregimenaren menpeko Afganistanen bizi izandako errepresioa, emakumeei, besteak beste, hezkuntza eta osasun zerbitzuak debekatzen zizkiena; hala ere, talibanak hedatu ez ziren inguruetan ere berdintsua zen oro har emakumeek jasaten zuten indarkeria sexista.

Talibanen agintea baino lehen, bitartean eta ondoren, emakume pobreek zein aberatsek, analfabetoek bezala ikasketak egin dituztenek ere jasaten dute gizarte hartan sakon errotutako indarkeria bera, emakumezko sendagilearen eta neskatila txiroaren arteko bazterketarik egiten ez duen basakeria. Egiturazkoa, soziala, etxekoa. Egoera soziopolitikoaren edo garaian garaiko gobernuaren araberakoa ez dena, ezta janzkeraren ondorio ere, bortxarik handiena etxean jasaten baitute emakumeek, lehen aipatu bezala, burkarik gabe daudenean, hain zuzen.

Menderatze horren bermeetako bat, berriz, menderatzailearen erabateko zigorgabetasuna da. Adin txikiko alaba saltzea, alegia, nahi ez duen gizonarekin ezkontzera behartzea, edo emazteari tratu txarra ematea, jazarri eta zigortu beharrean, jokaera arruntzat joten dute.

Liburuaren aurkezpenean Maria Cilleros proiektuaren koordinatzaile eta ASDHAren ordezkariak esan zuenez, nahiago zuketen beren proiektua aurkeztu behar izan ez balute. Are gehiago, egileek eta berak ondo dakite, eta halaxe aitortu zuten, lan horrek ez duela emakume afganiarren egoera konponduko. Baita aldaketa hori ez dela berehala gertatuko ere, hartarako ezinbestekoa baita pentsamolde aldaketa sakona, eta horrek hezkuntza prozesu luzea behar baitu aurrez. Hala eta guztiz ere, garrantzitsua da salaketa lana ez ezik, munduak Afganistanen egiaz gertatzen dena topikoez harago ezagutzea ere.

Nazioartearen erantzukizuna

Nazioartearen laguntza berebizikoa izan liteke aldaketa prozesu horretarako, baina ezkor azaldu ziren aukera horri dagokionez; are gehiago, nazioartearen erantzukizuna salatu zuten, tartean Estatu espainolarena berarena. Izan ere, Afganistango okupazioaren ostean, Kabulgo Gobernuak herrialde askoren finantzazioa jaso du, erruz; gastu militarretarako, baina. Nazioarteko laguntza horrek, bestetik, ez du saihestu zenbait gerra-jauntxo gobernuan bertan izatea.

Emakumeen egoerak, aldiz, bere horretan dirau talibanen gobernuaz geroztik hamahiru urte igarota. «Urrezko aukera» galdu omen da emakume afganiarren egoera aldatzeko, haien eskubide bortxaketa bukatzeko. Egia da legeak aldatu direla, eta legedi berriak eskubide berdintasuna aitortzen duela; esate baterako, 2004tik ez dago debekatuta emakumeak eskolara joatea, ezta lan merkatura sartzea edo haientzako osasungintza ere. Alabaina, herrialdeko iparraldean neurri batean lege horiek betetzen diren arren, hegoaldean «betiko legea» dago indarrean. Hartara, neskak eskolara joatea, esate baterako, arrisku handia da. Eurentzat, jakina.

Aldatu dira legeak, baiki, baina epaileak eta poliziak ez, eta justiziak «gizonezko» pentsamoldea du; horrenbestez, ohikoa da, tratu txarrak salatuz gero, justiziak erasotzaileari arrazoia eman eta erasoa jasan duenari errua botatzea, baldin emakumea bada.

Europako parlamentu gutxik dituzte Kabulgo Parlamentuak adina emakume beren aulkietan. Hala ere, emakume afganiarrei ezer gutxi balio die parlamentarioen %28 izatea, haietako askok, gainontzeko emakume ugarik bezala gogoz kontra ezkonaraziak, etxean tratu bertsua baitute zain. Etengabe zapaltzen dituena. Haietako baten lekukotasuna jasotzen du liburuak, Azita diputatu ohiarena, hain zuzen.

Azitarena berarena bezala, beste istorio asko bildu ditu “Mujeres/Women. Afganistan” lan mardulak, 200 lekukotasun ikaragarri, milioika emakumeren bizitza jasanezinaren berri ematen dutenak.

Infernua mundu honetan

Argazkietako batzuk lazgarriak dira. Gorputz osoa bendaz estalita duen 13 urteko neskatilarena, kasu. Bi hilabetez haurdun, bere buruaz beste egiten saiatu zen, bontzo antzo, bere borondatearen kontra ezkondu ondoren etxeko bizimodua pairatu ezinik. Ez da kasu bakarra, ordea. Ohikoak dira emakumeen suizidio-ahaleginak, beren burua errez edo pozoituz. Afganistan emakumezkoen artean gizonezkoen artean baino suizidio ahalegin gehiago gertatzen diren munduko herrialde bakarra da.

Samila 12 urte zituela ezkondu zen, behartuta, bera baino lau bider zaharragoa zen gizon batekin, herrialde hartako Konstituzioak 16 urtetik beherako gazteak ezkontzea debekatu zuen arren. Han legea laguntza ekonomikoa ematen duten herrialde ezin demokratikoagoei erakusteko edergarria baino ez da, ordea.

Fauzia, emakume afganiarren ustezko patuaren aurkako borrokaren metafora, boxeolaria da. Ez luke ezkondu nahi, ikasten jarraitu ahal izateko.

Jamila, Masuma, Fatima. Emakume ikasketadunak; neska nerabeak; beren ezkontzaren egunean –kalbarioa zain dutela badakite ere– irribarrez agertzeko adorea dutenak; Afganistango betiereko gatazka armatuetako gerra-jauntxoek edo talibanek hildako senarraren, ahizparen edo aitaren argazkiak bularrean estututa, irribarrea galdu dutenak... emakume izatearen errua larrutik ordainduta, bizitze hutsa oinaze itzel dutenak. Dagoeneko infernua mundu honetan utzi dutenak.

Hainbat istorio lazgarriren protagonisten benetako drama ezkutatzen duen burkak estali gabeko aurpegiak. Mendebaldeko begirada lausoari ondo ezagutzea ardura ez zaion sufrikario mugagabea biltzen duten begirada garbiak.