Naiara Garzia

Eternitateari ate joka

Hitzak maneiatzea eta hauen zentzua esploratzea amodioa egiteko modu bat da, bereziki idazten ari zaren hori norbaitengan inspiratuta dagoenean edo norbaiti hitzeman diozunean». Frantziako frantses Akademian parte hartu zuen lehenengo emakumea (1980. urtean) hil zela 27 urte bete dira aste honetan.

Marguerite Yourcenar idazleak (Brusela, 1903 - Maine, AEB, 1987) 25 liburu inguru idatzi zituen, baina beti azaldu zuen bere pertsonaiak ez baztertzeko sentitzen zuen beharra. «Idazle bakoitzak bere barruan izaki jakin batzuk daramatza», idatzi zuen Opus Nigrum lanean. «Hauek berriro beste pertsonaia batzuen ezaugarriekin irudikatu ordez (...) nahiago izan dut betiko pertsonaietan sakondu, hauek garatu».

Marguerite Crayencour-ek (hau baitzen bere benetako abizena, nahiz eta 1947an ezaguna eginen zuena legalizatu) bigarren gerra mundiala zela-eta Ameriketako Estatu Batuetara alde egin zuen. Bertako irla txiki batean (Mount Desert Island izenekoan) gainontzeko urte guztiak eman zituen Grace Frick lagunaren ondoan. 40 urtez egon ziren elkarrekin, 1937an Parisen elkar ezagutu zutenez geroztik, hau 1979an minbiziak jota hil zen arte. Bertatik eta bere lanaren bitartez, materialtasuna eta espiritualitatea lotu zituen bere helburua betetzeko: gizarteari erabilgarria izatea bere idazkien bitartez, honi askatasunari buruz sakonago pentsatzeko aukera emanez. Bere idazlanik ezagunenetarikoa 1951. urtean argitaratu zuen: “Mémoires d’Hadrien” (gaztelaniara Julio Cortazarrek itzuli zuen). •