Unai Fernandez de Betoño
Arkitektoa

«Hazi arazi»

Go for Growth» leloa ez da berria merkatu librearen zaleen artean: Erresuma Batuko «toryek» erabili zuten 1962an, eta Australiako Alderdi Liberalekoek 2007an. OECD neoliberalak, halaber, «Going for Growth» deitu dio estatuei murrizketa-gomendioak egiteko erabiltzen duen argitalpen nagusiari. EAJ ere «hazi arazi» leloa erabiltzen ari da azken boladan. Lelo bitxi bezain argigarria. Beste hainbat kalifikatzailerekin batera: burugogorra, krisi ekonomikoa ekarri digun etengabeko hazkundearen mito ezinezkoarengan berriro ere erakusten duen fede zentzugabea dela eta; arduragabea, fisikoki ezinezkoa den hazkunde-mito hori mundu-ekosistema gero eta azkarrago deuseztatzen ari delako, Euskal Herrikoa barne; eta, harrigarriki autosalatzailea, azken asteotan mahaigaineratzen ari diren ustelkeria kasuen atzean (EAEko geografia goitik behera kubritzen dutenak: Alonsotegi, Sestao, Getaria, Irun, Maltzaga-Urbina, Miñao, Gasteiz, Zanbrana…) filosofia kontziente oso bat dagoela argi erakusten duelako.

Zanbranako kasuak, hain zuzen, ezin hobeki adierazten du politika ulertzeko modu ekonomizista bezain suizida hori, lurraldea ekonomiaren hazkunde ustez amaigabea lortzeko tresna huts gisa ulertzen duena. Gainera, berritasun bat ekarri du hirigintza ustelkeriaren mundu zabalegira: etxebizitza-lurzoruan gertatu ordez, ia beti bezala, industria-lurzoruan jazo baita. Inputatuta dauden delitu mordoen egiazkotasuna gorabehera (bitxia da, dena den, defentsaren ildoa, erabat teknikoa eta errua ukatu gabe), oso-oso eztabaidagarria da Araba, eta, hedaduraz, Euskal Herri osoa, modu horretan «hazi arazi» beharra: udalerrian 66 industria-hektarea berri kalifikatzeko Ordezko Arauak 2008an aldatzen saiatu, baita tokiko administrazioaren iritziaren kontra ere; astakeria horrek lurralde-mailan arau-justifikazioa izateko Araba Erdialdeko Lurralde Plan Partziala aldatzen saiatu, bide batez industria-azalera 160 hektareara zabalduz; EAEko Lurraldea Antolatzeko Batzordean presio politikoa egin (Batzordearen historiako lehen bozketa eraginez, Arabari dagokionez); epe motzeko mozkina eskuratzen saiatu, operazio urbanistikoak ziklo konbinatuko zentral termiko berri eta kutsakor baten irekiera ekarri arren…

«Hazi arazi» ez baita 2015eko hauteskundeetarako lelo soil bat. Jule Goikoetxeak berriki azaldutako «hiritarkeria» liberalaren doktrina urbanistikoaren leitmotiv garapenzalea da, hirigintza-birkalifikazioek magikoki sortutako gainbalioen gurpila berriro ere martxan jartzea desio duena. Ikuspegi horrentzat hiria ez da soilik metafora bat, errealitate bihurtzeko bidean den «Euskal Hiria» distopiarekin erakutsi bezala. Logika hazkundezale horrentzat herri-aberastasuna hormigoi kopuruaren arabera neurtzen da (akaso horregatik ez zaio gehiegi axola zer gertatu den 900.000 metro kubiko lurrekin). Jarduteko era horrek eufemismo teknizistak eta ustez sofistikatuak ditu gustuko, «Berrikuntzaren Arkua» (Zanbranako birkalifikazio demasekoa intelektualki babesten saiatu zena), «Pasaiako Ekoportua» (naturgune babestu bat ekohormigonatzea justifikatu nahi zuena) eta «Bilbao Bizkaia Next» (Castrotik Debarainoko 1,5 milioi biztanleko hiri jarraitu bat guztiz urbanizatzea bilatzen duena) hutsalen bezain arriskutsuen tankerakoak. Andoni Olariagak 2010ean salatutako «munduko hiritarren» unibertsalismoaren abstraktutasuna soilik itxurakoa baita: hormigoia ez da entelekia bat. Konkretua da. Diru-papera adina.

Hau ez da alor ekonomikoa (ber)piztearen aurkako aldarri erreakzionario bat, ordea. Oroigarri bat besterik ez; gogorarazteko haztea, berez, ez dela helburua; herritarren behar oinarrizkoak asetzea dela benetako jomuga. Ez soilik elite sozioekonomikoan dauden gutxi batzuena. Batzuk, gutxienez, horretan saiatzen ari dira. (H)ari gara. •