Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Euskal Hezkuntza Sistema pentsatzen

Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan LOMCE legea indarrean. Lehen hiruetan, gainera, Gasteizko Hezkuntza sailaren HEZIBERRI 2020 egitasmoa. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, FALLOUX legea.

Hiru lege horiek dira, batik bat, gaur egun Euskal Herriko heziguneetan eragiten ari diren hezkuntza legeak. Hiruetatik bat bera ere ez da Euskal Herriko jendartearen beharren eta errealitatearen araberakoa. Kontrara, Espainiarekiko eta Frantziarekiko loturak estutzeko diseinatutako legeak dira. Hauxe da, azkar batean, gaur egun Euskal Herriko hezkuntza sistemari argazki bat aterata ikusiko genukeena: sistema zatikatua, administrazioetan, sareetan, ereduetan eta lurraldeetan, hezkuntzako arlo nagusietan abiadura ezberdinetan doana.

Aurrekoan genioen Euskal Herriko hezkuntza sistema ahalbidetuko duen abagune bat –edo haratago, lege esparru bat– agertu bitartean, zorionez, hezigune askotan egunero aurre egiten ari zaizkiela inposaketa horiei guztiei. Eta aurre egiteko, leku egiten diete kudeaketa parte-hartzaileari, aniztasunari, pentsamendu kritikoari, sormenari, inklusioari, euskarari eta euskal nortasunari. Era horretara, aukera hobe baten zain, urratsez urrats, tokian tokiko esperientzia eta praktikarekin, XXI. mende honetan herri ez-normalizatu honek mundu globalizatuan aurrera egin ahal izateko eta, zergatik ez, hari ekarpena egin ahal izateko belaunaldi berriek behar duten hezkuntzaren zutoinak ezarten ari gara.

Hezkuntzaren historiari begiratuz gero, jabetuko gara euskal jendarteak desobedientziaren oinetakoak jantzita egin duela bidean aurrera. Gaur egun, neurri batean hezkuntza euskalduna eta kalitatezkoa lortu badugu, joan den mendearen 60ko hamarkadan euskal jendartearen zati garrantzitsu batek, beren seme-alabentzat beste hezkuntza baten bila, Espainiak eta Frantziak indarrean zuten hezkuntza eredua desobedientziaren bidez arrakalatu zutelako da. Desobedientziaren bidetik sortu zituzten herriz herri ikastolak, administrazioaren beraren eskolak ere pixkanaka euskalduntzeko.

Ez gara inoiz egon legeak noiz alde jarriko. Jendartea, hezkuntza arloan ere, administrazioaren eta legeen aurretik joan da, eta, ikusitakoak ikusita, aurrerantzean ere hala izan beharko duela dirudi.

Orain zenbait urte hezkuntza arloko hainbat lagun bildu ziren eta ariketa bat osatzen ahalegindu ziren: nork bere interesak alde batera utzi eta Euskal Herriak dituen ezaugarriak kontuan izanik, erronkei erantzuteko behar duen hezkuntza irudikatzen ahalegindu ziren herritar gisa. Ariketa hartatik sortu zen 2006an Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa, Nazio Garapenaren itzalean. Zatiketen gainetik, Euskal Herria bere osotasunean aintzat hartzen zuen akordio proposamena izan zen.

Akordio hark euskaldunon hezkuntza eskubideen dekalogoa jaso zuen. Eskubide horiek abiapuntutzat hartuta, gainera, publikotasunaren definizio berri bat eta heziguneen arteko elkargune sare bat sortzeko proposamena barne bildu zituen.

Hezkuntza arloko eta jendarteko lagun askoren babesa jaso zuen akordioak, eta zenbait herrietan egin ziren hainbat saiakera. Udalbiltzaren ilegalizazioak eta ondorioz Nazio Garapenaren desagertzeak indarrez hustu zuen ekimena. Baina ez omen da alferrik emandako urratsik, eta akordio haren testua eta mamia gainbegiratuz ohartuko gara orduan jasotakoek gaurkotasunik galdu ez dutela.

Ondoren etorri zen, adibidez, porrot egin duela aspalditxo jakin arren, indarrean jarraitzen duen hizkuntza ereduak gainditzeko ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko proposamena. Horrek ere babes zabala izan zuen Hezkuntza komunitatean, artean ezagutu gabeko babesa, behar bada.

Herri hau martxan dago hezkuntza arloan ere. Haizea alde dugunerako prest izan behar dugu txalupa... lan batzuk, behintzat, aurreratuta dauzkagu. •