IKUSMIRA

IRUDI BETE KANPAINA, IRUDI BESTE IRAKURKETA

Hauteskunde kanpainek askorako eman ohi dute. Irudi sorta ederrak uzten dizkigute, baina, normalean, askorik esaten ez duten irudiak izan ohi dira. Jendaurreko –edo jenderik gabeko– mitinak nagusitzen dira, lortzen den –edo lortu nahi den– irudiak hedatu nahi den mezua baino garrantzi handiagoa hartzeraino. Hain da handia irudiari ematen zaion garrantzia, hauteslea irudi bakar batekin konbentzi daitekeen ustea nagusitzen dela. Esamoldeak dioen bezala, «irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du». Bada, hauteskunde lehian dabiltzan alderdiek hain dute irudiaren mendekotasuna, obsesio izatera pasatzen dela. Eta hori, askotan, euren aurka joaten da. Hori gertatu zaio PPri Bilbon. Leku oro bere hautagaien argazkiekin bete nahi izate horrek aurkako efektua eragin dio, argazkiko kasuan bezala. «Potolitos» dio kartelaren azpian kokatzen den metro irteerako seinaleak. Irakurketa ugarirako parada ematen duen hitza. Egin dezala bakoitzak berea. Aimar ETXEBERRIA