Gipuzkoarron kritikotasuna (II)
Orain dela hiru urte pasatxo Bizardunak taldekoei egindako elkarrizketa batean honakoa esan zidaten: «Espainiako ezkertiarrek Boliviatik, Venezuelatik edo gipuzkoarrengandik ikasi beharko lukete». Bizarrean bai, baina mingainean ilerik ez zuen talde horretako kideak atsekabetuta zeuden erreinu zaharraren kudeaketarekin, eta inbidia sanoa erakusten zuten Andiako mendilerroaren bestaldean berriki martxan jarritako kudeaketa gardenago eta parte hartzailegoa ikusita. Antza, orain legealdia bukatuta, Nafarroan argia irteten hasi da kobazulo barrutik; eta, aldiz, gurean AP1eko tunel lodietara itzuliko gara berriro, gardena ez den kudeaketara, alajaina, “Hemen ez da ezer gertatzen”, “Guztia dagoenetan utzi”, “Ez dugu gauza arrarorik nahi” eta ”Juan Carlos Izagirre deabrua da” moduko leloak nagusitzen diren lurralde barera.
Bai, EAJk garaitu du EH Bildu Gipuzkoako Foru Aldundian, Donostiako Udalean eta lurraldeko zenbait udal garrantzitsutan; hala da. Ez dira emaitza onak koalizioarentzat, baina ezta nagusitu den atsekabearen parekoak ere. Indar oso garrantzitsua da oraindik ere, herritarren babes garrantzitsua daukana. Gainera, EH Bildu osatzen duten alderdiak tamalez (edo ez) ohituta daude aginte postuetatik kanpo lan egiten, eta ehunka traba eta oztopori aurre egiten. Eta, horren guztiaren gainetik, koalizioak beste inori ikusi ez diogun autokritika publikoa egin du.
Asko eta asko sinetsita geunden orain dela lau urtekoa olatuaren ertz bat zela, baina ez espresuki haren gaina zenik. Askotan esan ohi da, egiteaz gain, egiten duzula erakutsi behar dela; eta zergatik egiten duzun ere gehituko nuke nik, hori izan baita nire ustetan gabezia handiena. Egiten duzuna esplikatzea eta esplikazio hori jendeari helaraztea. Eta horretan datza pertzepzioaren muina. Zer pentsa, esaterako, agintaldi hasiera-hasieratik Donostiako Udalera kudeatzeko estilo hurbilagoa eta parte hartzaileagoa eramateaz gain, hiriburuetako auzoei merezitako –eta aspaldi huts egindako– arreta eta atentzioa eman dien Juan Carlos Izagirre alkatea gipuzkoar askorentzat deabruaren parekoa dela jakitean? Zer ondorio atera daiteke adibide horretatik? Bada, gehiengo handi batek ez dituela zuk, nik eta beste askok kontsumitzen ditugun hedabideak jarraitzen; eta iturri ia bakarra dutela iritzia sortzerako orduan.
Parametro horietan bakarrik uler dezaket Greenpeace berak asteon txalotutako atez ateko sistemak gizartearen zati batean sortutako mamua; hainbeste, EAJ eta PSOE, mota guztietako gezurrak erabilita, inoiz ez bezala jendea mobilizatzeko gai izan direla. Ondorioz, orain EAJk boterea berreskuratu duen herrietan txintxilikaixo famatuak kaleetatik berehala kendu beharko ditu sistema jasanezin honek etsita harakiria egindako herritarren ehunka eta ehunka gorpu koloretako plastikozko poltsatan jaso nahi ez baditu. Hainbeste sufritzen ari dira gizajoak!
Eta, orain, txantxak aparte –txantxa baita gutxieneko orden eta gizalege ohiturak aldatzeko norma bat gezurrekin eta beldurra medio arma elektoral gisa erabili izana–, pentsatu nahi dut aipatutako azken hori eta EH Bilduren zein beste ekimen txikiagoen kontra existitzen den informazio-blokeo itzela baino arrazoi gehiago daudela Gipuzkoan botoetan atzera egiteko.
Horri lotuta aspaldiko gogoeta bat etortzen zait burura, eta jakin arren EH Bildu alderdi eta sentsibilitate gehiagoz osatuta dagoela, horra hausnarketa: ezker abertzalea deritzona osatzen dutenek zenbat dute ezkerrekotik? Gure Euskal Herria txikia eta zabala da zentzu askotan eta denetatik aurki daiteke, baina, zenbait kasutan, eta, esaterako, Debagoiena bertan, ez dakit benetan ezkertiarrak garen. Herri honetan abertzale izateagatik “zerga” handia ordaindu behar izan dute askok, eta, kasu batzuetan, norberaren aldetik asko jarri behar da. Agian, horregatik, egoerak bultzatuta ezkerrekoa izate horri ez zaio hainbeste erreparatu. Eta orain, Gipuzkoako Foru Aldundiak ongizatearen alorrean, zergatan, ondasunen kontrolean, birziklapenean eta ingurumenean, besteak beste, aurrerapausoak eman dituenean, esango nuke alde batera utzi ditugula pentsaera eta idealak gure pribilegioen eta erosotasunaren mesedetan. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»

Turismoak hiria irensten duenean
