Jose Angel Oria
IKUSMIRA

Aginteak iheslariekiko jarrera alda dezan, zer egin?

Irudiko pertsonak kurduak dira, Estatu siriarreko iparraldeko borroketatik ihes egiten ari dira, baina beste nazio askotako milioika lagun drama bera bizitzen ari dira. Horixe gogorarazi digu aste honetan bertan Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak, munduko agintarien «porrot lotsagarria» salatzeaz gain. Iheslariaren Nazioarteko Eguna da gaur, fenomenoari buruz hausnarketa egiteko egun aproposa, zalantzarik gabe. Hala ere, eguneroko berriek ematen dizkiguten datuak kontuan hartuta, ez dirudi irakurketa baikorrik egiterik dagoenik: Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik lehen aldiz, 50 milioi iheslari izatera iritsi da planeta, eta itxura guztien arabera, datorren urtean, gizakiok marka hori berriz hautsi dugula esan beharko dugu. Agintarien porrota, Amnestyk esandako moduan, baina lasai egoteko moduan al gaude aginterik gabeko herritarrok? Hala egingo bagenu, agintari horiek ez lukete ezer aldatzeko beharrik sentituko. joseangel.oria@gaur8.info