Isidro Esnaola

Greziak utzitako irakaspenak

Europako krisiak jarraitzen du markatzen udako agenda politikoa. Greziako erreferendumean izandako emaitzaren ostean, espero ez zen norabidea hartu du krisiaren garapenak. Uste orokorraren aurka, Europar Batasunak Greziako Gobernuari neurri oso gogorrak inposatu dizkio. Greziari aurkeztu dioten hitzarmenean jasotako neurri sortak ez dio logika ekonomikoari erantzuten. Berriz ere, logika politikoa kontu ekonomikoen gainetik jarri da.

Greziako erreferendumaren aurretik Europar Batasunak Syrizaren gobernua aldatzea bilatzen bazuen ere, emaitzak jakin zirenean, helburu hori mantentzea ez zen bidezkoa, eta beste helburu politiko baten bila joan dira Europar Batasuneko botereak. Gobernuak herritarren babesa zuela ikusirik, berarekin elkarlanean aritu beharra zuten, baina, horretarako, Greziako Gobernuak onartu eta bere egin behar zuen Europar Batasuneko oinarrizko joko araua: euroaren ezaugarriak ez dira zalantzan jartzen eta ez dira ukitzen. Arau hori ulertzen ez duenak edo errespetatzen ez duenak ez dauka batasun horretan lekurik. Eta ideia hori argi eta garbi helarazi diete bai Greziako Gobernuari baita Europar Batasuneko herritar guztiei ere. Horrekin eztabaida amaitu nahi izan dute.

Testuinguru horretan sortzen den galdera hurrengoa da: «Zer gertatuko da Greziaren kalapita ekonomikoarekin?». Greziako Finantza ministro ohiak, Yanis Varoufakisek, jarraitzen du artikuluak idazten, inposatutako akordioak ez dituela arazo ekonomikoak konponduko demostratu nahian. Artikulu horiek ez dira alferrikakoak, ikuspegi eta ideia berriak eskaintzen dituzte, baina hori ez da kontua. Denek dakite sinatutakoak ez duela sakoneko egoera ekonomikoa konponduko, agintari europarrek ez baitzuten hori bilatzen. Momentu honetan hori ez da Europar Batasuneko botereentzat lehentasuna. Lehentasuna oinarrizko arauak argi uztea da. Eta etorkizunean erabakiko dute arazo ekonomikoa nola bideratu.

Horiek horrela, ondorio bat eta bi irakaspen atera ditzakegula iruditzen zait. Gertaerok argi uzten dute gaur egun Europan ez dagoela inolako eraikuntza politikorik. Eraikuntza bakarra, oinarrizkoa eta balioa duen bakarra, euroa da. Gainontzeko kontu guztiak, esate baterako, instituzio demokratikoak, giza eskubideak, ongizate estatua bera... bigarren mailako garrantzia besterik ez duten auziak dira. Kontzeptu horiek erretorikarako eta oinarrizko helburua apaintzeko balio dute, besterik ez. Maastrichteko Itunaren garaian esaten genuen moduan, “Kapitalaren Europa” eraikitzen ari dira.

Gertatutako guztia ikusita, ezkerreko indarrek zer hausnarturik badute. Greziako erreferendumarekin eta ondorengo gertakariekin agerian gelditu dira politika instituzionalaren mugak. Hauteskundeak irabaztea, gehiengoak osatzea eta gobernuak antolatzea posiblea da, baita ezker erradikaleko koalizio batentzat ere. Zenbait arau eta politika aldatzea ere bai, baina betiere sistemaren oinarrizko joko arauak ukitu gabe. Hori beti izan da horrela; sozialdemokraziaren ibilbide luzea da horren adibide garbiena. Hala ere, batzuetan ahaztu egiten dugu detaile hori. Eraldaketa politikoa bilatzen bada, programak egin eta garatzea ezinbestekoa da, baina lanketa hori beste diskurtso sakonago batekin etengabe osatu behar da: sistema politiko-ekonomikoaren oinarrizko printzipio edo arauak zalantzan jarri behar dira. Afera, adibidez, euroa da, ez austeritate politikak.

Greziako erreferendumaren emaitzari ez diote jaramonik egin. Hala ere, jarrera horrek ez du kontrako erantzun handirik ekarri. Are gehiago, Tsiprasen onarpen maila igo egin da Grezian. Adibide horretan ikusten da Europako gizarteak zenbait kontu garrantzitsutan jarrera autoritarioak oso erraz onartzen dituela, esate baterako, gai ekonomikoetan eta segurtasun gaietan. Gainontzekoetan, aldiz, ez da horrelakorik ikusten. Zergatik gertatzen da hori? Irentsi dugulako gure ongizaterako ezinbestekoak auziak direla? •