Iraila lehenago eta Katalunia gertuago
Euskal politika udako lozorroan den bitartean, inertziaz-edo urtez urte errepikatzen den aspaldiko ekitaldi agenda bertsuari lotuta, esna-esna eta lanean buru belarri ari dira Katalunian zein Madrilen, iaz data berdinotan Eskozian edo Londresen ari ziren bezala. Izan ere, orduko irailaren 18 hartan bezala, oraingo irailaren 27an ere zirt edo zart egingo du herri baten mende askotako nahiak. Gauza serioa, oso. Gurean, bien bitartean, kontu txikiago eta urrutiagoetan dago arreta. Hala, gizarte zibiletik Estatuko hauteskundeetarako hautagaitza komun indartsuak osatzeko mahai gainean jarritako proposamen zentzudunek piztu dute arreta, irailetik aurrera erabaki irmoak eta erantzun argiak beharko dituztenak. Baina, aurretik, irailean bertan, Kataluniako hitzordua dugu, Eskoziakoak bezala Euskal Herriaren etorkizunaren gainean berebiziko garrantzia duena, itzela.
Ba al da Euskal Herritik Katalunia laguntzeko inolako modurik, elkartasun mailan besterik ez bada ere? Beharko luke. Asmoak, behintzat, mahai gainean beharko luke dagoeneko, bai behintzat erabakitzeko eskubidea lortzea Euskal Herriaren benetako lehentasuna bada. Boiseko jardunak islatu du horrek diasporan eragiten duen ilusioa, baina horren gainetik nabarmendu du EAJri borroka honek eragiten dion gogo eskasa, gogo eza ez esateagatik. Herria eta alderdia, talkan beste behin ere. Edonoren ikuspuntutik lotsagarria bada jaialdia alderdiaren 120. urtemuga ospatzeko erabili izana. Azken garaipenak Sabin Etxea harropuztuko zuela aurreikusten zutenek ondo ezagutzen dituzte jeltzaleak...
Kontuak kontu, Kataluniako hitzorduaren aurrean nola kokatu euskal eragile orok egin beharreko urgentziazko hausnarketa izan beharko litzateke, Gudari Egun horren bueltan norabide batean (independentziarantz) zein bestean (birzentralizaziorantz) gauzak azkartuko direlako, dudarik gabe. I27ko irabazleak ez du gatiburik hartuko, erdibideko konponbideetarako tarteak oso estuak dira-eta. Dena ala ezer ez. Jakina, euskal eragile batzuen kasuan zalantzarik ez da, erabakita dago hartu beharreko posizioa bai diskurtsoan bai praktikan: EH Bilduk posizio oso argia du, noski. PSErentzat eta PSNrentzat hausnarketa ere ez da beharrezkoa, Ferrazetik finkatuko baitiete posizioa. PPren kasuan, berdin. Podemos Ahal Duguk dena du definitzeko: bai hemen bai Madrilen bai Katalunian. Hori bai, iparrorratza «jendearen» iritzi nagusiak mugituko duela sinisten badu, hor du nolabaiteko heldulekua. Guztien artean erabaki zailena duena, itxuraz, EAJ bera da, Kataluniakoak bere ibilbide orri erosoa goitik behera aldaraz dezakeelako.
Mespretxu puntu batez begiratu diote jeltzaleek Kataluniako burujabetza prozesuari. Duela gutxira arte, Artur Masek ibilitako bidea Juan Jose Ibarretxek duela hamarkada bat jorratutako bera baino ez zela argudiatu izan dute. Bada, ez. Madrilen danbatekoa jasota, aurrera egin du Masek eta beste ate batetik sartu nahi du Katalunia estatuen munduko mapan, gu guztiok duela urtebete eskas amestu ere ez genuena. Bide batez, EAJren diskurtsoaren euskarri dena, oraindik ere Eskozian gertatu bezala Estatu espainolarekin erabakitzeko eskubidea nola gauzatu adosteko aukera badela, gezurtatu egin du Kataluniako prozesuak. Hortaz, dagoeneko erabaki bat hartu behar du Sabin Etxeak, atzeraezina: Convergencia ala Unio izango den. Eta Convergencia bada, noraino.
Gero-gerokoak, beraz. Abendua abendurako, eta, iraila, gaur-gaurko. Azken finean, Estatuko hauteskundeek zerbait aldatuko ote duten misterioa irailaren 27an hasiko da argitzen. Kataluniako emaitzek eta emaitzon kudeaketa politikoak baldintza dezakete neurri handi batean Kongresuan eta Senatuan sortuko den indar banaketa berria, eta, batez ere, agertokia –aurre egin beharreko erronka alegia–, guztiz ezberdina izango da irailaren 28an batzuek ala besteek irabazi. Eta agertoki horretan euskal eragileak ez lirateke bigarren mailako gonbidatu izan beharko, lehen mailako koprotagonista baizik. •


