Kilimak, laztanak eta ferekak erlaxazio terapia bihurtu dituzte Gasteizen

Duela hiru urte pasatxo ireki zituen ateak Cosquillearte izeneko terapia zentroak. Gasteizko bihotzean, Florida parkearen magalean egiten du lan Esther Saenz de Argandoña gasteiztarrak. «Nork ez ditu kilimak maite?», galdetzen du jostari. Hain zuzen, galdera horren bueltan sortu zen oraindik ere hain ezaguna ez den terapia. «Kilima terapia» deitzen dio berak, baina, azpimarratzen du kilima horiek fereka gisa ulertu behar direla. Ez dira, beraz, bezeroa barrez leherraraziko duten kilimak, baizik eta lasaitasunera bideratutako laztan kateatuak. Munduan ez omen dago antzeko beste lekurik. Saenz de Argandoñaren arabera, kilimetan oinarritutako masajeak ematen dituen «zentro bakarra» da Gasteizkoa. Aurrez, Madrilen irekia zuen beste zentro bat, baina, «arazo pertsonalak» medio, ateak itxi behar izan zituen.
Cosquillearte izenak berak ematen ditu pista batzuk. Kilimak emate hori, terapia gisa ulertuta betiere, artetzat du negozioaren jabeak. Saenz de Argandoñak azaltzen duenez, masaje teknika «oso zehatzak» erabiltzen dituzte bezeroak erlaxazio maila altuenera eramatea helburu. Hala, bi atal ezberdin lantzen dituzte laztanen bidez; alderdi fisikoa batetik, eta, bestetik, emozioei lotutakoa. Biak, ordea, aldi berean lantzen dituzte. Finean, gorputz osoko gihar ezberdinetan pilatutako tentsioak askatzen saiatzen da masajista. Berezitasuna, ordea, mina ematen duten puntuak ez ukitzean datza. Nola lortzen da, bada, aipatu tentsioak ezabatzea? Saenz de Argandoña terapeutak dioenez, endorfina izeneko hormona da lasaialdira aldaketa baimentzen duen giltza. Endorfina, haren esanetan, “zoriontasunaren hormona” bezala ezagutzen dute askok.
Eskuak eta besaurreak pertsonaren azalarekin kontaktuan jarriz, burmuina limurtzea lortzen da, honek endorfinak sor ditzan. Hala ere, argi utzi du Cosquillearteko sortzaileak bertan ez dutela norbanakoaren estimulazioa bilatzen, baizik eta erlaxazioa. Horregatik, zin egiten du ez duela oraino inork loak hartu, fereka saioak iraun bitartean. Izan ere, terapiaren xedea ez da bezeroa lo gelditzea, «kontziente dagoela, trantze egoera batean sartzea» baino. «Loaldi kontzientea» deitu dio terapiaren sortzaileak.
Terapia bera eta masajearen teknikak Saenz de Argandoñak sortutakoak dira, beste zenbait masajista eta lagunekin batera. Lau hilabete behar izan zituzten buruan zuten horri forma emateko: «Saioz saio, lortu nahi genuen horretara hurbiltzen joan ginen».
Krisiari bizkar eman nahian
«Gogorra». Hala definitu du Esther Saenz de Argandoñak negozioa ireki zuenetik gaur arte egindako bidea. Izan ere, krisi ekonomikoak bete-betean jo zuen garaian otu zitzaion enpresari gasteiztarrari Cosquillearte martxan jartzea. Eta dioenez, ez da erraza izan zentroa bizirik mantentzea. Lan horretan, ezinbesteko izan du bere burua ezagutzera eman eta marketin bide ezberdinak jorratzea. Besteak beste, hiriko beste saltoki txiki batzuekin izandako elkarlan saio anitzak nabarmendu ditu. Horiei esker, ohiko bezero ez direnengana iristeko parada izaten duela dio.
Salatu du, ordea, elkarlanean prestatzen dituzten ekitaldiek «sostengu txikia» jaso izan dutela Gasteizko Udalaren aldetik. Nahiko luke espazio publikoak erabiltzea, horretarako «pentsaezinezko» diru kopuruak ordaindu gabe.
«Biziraupena» da etorkizunera begirako erronka nagusia. Horretarako, «orain arteko bideari eustea» besterik ez dagoela onartzen duen arren, Saenz de Argandoñak laguntza handiagoa eskatzen die udal instituzioei. Antzeko beste zentro bat irekitzea du amets, baina, jakin badaki «diru inbertsio handia» suposatuko liokeela horrek, eta, gaur-gaurkoz, ez du «bideragarri» ikusten.
Maitasun aitortza bat

«Teletetxoak», erretrobisoreak eta motxilak: torturaren itzala euskal gazterian

«Estatuak zuzenean egikaritu du indarkeria matxista bere funtzionarioen bidez»

Zikin, zaratatsu eta euskarazko hitzaren jabe
