Mikel Zubimendi
«NARKO(COOL)TURA»

Narkotrafikoa idealizatuz imajinario oso bat sortu duen fenomeno konplexua

Narkotrafikoa eta hari lotutako bizimodua eta biolentzia «glamourizatzen» dituen kultura bat indartu da Mexikon. Sinplismo eta manikeismorik gabe begiratu behar den fenomenoak erro sakonak eta askotariko adierazpideak ditu: musika, zinema, janzkera, hizkuntza edota erlijioa bera. Ez da erraza izango, ez, hura erauztea.

Mundu osoan zabaldu da berria. Berriz ere, beste behin ere, Sinaloako karteleko buru eta agian kontinente arteko narkotrafikatzaile indartsuena den Joaquin Chapo Guzman libre da. Kartzelatik bigarrenez ospa egiteko antolatutako ihesaldiak Guzmanen inguruko legenda handitu du oso, eta, horrekin batera, seguru aski, Guzmanek aginterako duen beharrizan bitala. Ez baita geldi eta itzalean geratuko, ez, jaiotzen ikusi zuen Sinaloa eskualdean “bandido on”, “Robin Hood moderno” gisa daukatena.

Chapo Guzman bezalakoek gidatzen dituzten droga kartelak ez dira John Gotti bezalako mafiako buruek gidatutako “familien” antzekoak, ezta AEBetako Bloods edo Crips banda urbanoen antzekoak, ezta Infernuko Aingeruak motorzale banda mitikoaren parekoak. Siria, Irak edo Yemengo gerrak aipatzen dira komunikabideetan, bertan gertatzen diren izugarrikeriak haizatzen dira nonahi, baina broma gutxi Mexikon gertatzen denarekin. Biolentziaren gordinkeriari eta hildakoen kopuruei begiratuta berdintsu baitabiltza bertan ere.

Drogen kartelak oso egituratuta dauden, oso biolentoak diren eta AEBtako arma modernoenen jabe diren erakunde politiko-militarrak dira. Youtube atarian tortura saioen bideo beldurgarriak edota zubietatik gorputz urkatuak zintzilikatzen dituzte, edota kaleak burua moztuta duten gorputzez betetzen dituzte. Politikari ustelekin elkarlanean esku batekin jo eta bestearekin jasotzen maisuak dira, konspirazio eta maletinen joan-etorriaren kontrola dute, inbertsio eta eraikuntza sare itzelak, Mexiko –edo herrialdeko hainbat eskualde bederen– «gerra eremu» bilakatzeraino.

Nola eta nondik sortu da, baina, droga kartelen biolentzia eta horrore guztia idealizatzen duen kultura bat? Nola da posible jarduera horiek erromantiko bihurtzea, milaka tabernetan “balentriok” kantatzea eta, are, kartelen buruak kanonizatzea?

Erantzun motz eta errazena guztia injustizia sentimendu oso hedatu batetik datorrela esatea litzateke. Edota AEBetako herritarrek droga kontsumitzeko duten gose aseezinagatik zein porrot egin duen “drogaren aurkako gerragatik” ez balitz segur aski ez zela fenomenoa existituko. Baina askoz konplexuagoa da erantzun zuzena, erro sakonekoa, eta ez ditu sinplismoa eta manikeismoa onartzen.

Historia pixka bat eginez, Mexikoko lur aberatsenak dituen Sinaloa estatua, Chapo Guzmanen jaioterria, iragan mende hasieran herrialdeko kalamu ekoizle handiena zen jada. Gerora, txinatar etorkinek ekarritako haziekin, opio eta heroina ekoizle handiena ere bilakatu zen. Hortaz, mende luze bateko kultura batez ari gara hortaz. Kuriosoa da, halaber, tarte batez AEBetako Armadak berak zuzenean bultzatu zuela Sinaloan mitxoleta landatzea. Bigarren Mundu Gerraren edota Vietnamgoaren eraginez morfina bezalako analgesikoak behar zituen soldadu zaurituentzat, eta, hala, Sinaloara jo zuen.

Narkokultura, baina, landa eremuetatik gune urbanoetara pasa da azken hamarkadotan. Legitimazio prozesu bat eman da, bazterreko azpikultura izatetik kultura dominante izatera igaroz. Askotariko inplikazioak ditu, politikoak, ekonomikoak zein ideologikoak, osagai material eta immaterialak, eta gizartearekiko elkarreragina erabatekoa da.

Dena da baliagarri

Beste hitz batzuekin esanda, egungo narkokultura arrandia edo nabarmenkerian oinarritutako kultura bat da. Dena da baliagarria pobre izateari uzteko. Zertarako izan aberats ez bada harro erakusteko? Narkotrafikatzaileek erabiltzen dituzten bitarteko material eta sinbolikoak ikusita, boterearen estetika jakin bat dutela agerikoa da, mezu oso argia duena: inpunitatearena, legearen gainetik egotearena, orden eta justizia propioa ezartzeko ahalmen osoarena.

Arrakastaren sinboloak harrokeriaz erakutsiz, baztertutako pertsonengan aspirazio indartsuak pizten ditu narkokulturak eta faustikoa dei dezakegun paktu bat onartzera bultzatzen ditu: «Emadazue botere totala, milioika dolar, auto eta emakume txundigarrienak, nire etsaiak dardarka eta izuturik ikusteko zoriona; eta nik, horren truke, gazte hiltzea onartzen dut».

“Narko” erabilera anitzeko aurrizkiak bere jatorrizko zentzutik (grekoz narke euskaraz “loa”, “logalea”) aldaketa nabarmenak ezagutu ditu. Gaur egun drogen trafikoarekin harreman bat duen edozein hitzi atxikitzen zaio: “narkobankariak”, “narkohegaldiak”, “narkofuntzionarioak”, “narkopolitikariak”, “narkolantxak”, “narkolaborategiak”... Dudarik gabe, glosario amaigabe horrek narkotrafikatzaileen bizitzaren eta obraren arketipoak erreproduzitzen asko laguntzen du.

Baina ezberdindu beharra dago, “narkoa” dena ez baita zertan izan behar narkotrafikoa den hori. “Narkoa”, azken batean, narkotrafikoaren inguruan imajinatzen dena izan ohi da, drogen komertzioan dauden ohitura, erritual, erabilera ezberdinen errepresentazio sozial berreraikia delako. Hitza josteko lizentzia hartuta, “narkoegunerokotasuna”, adibidez, “esfortzuaren kulturaz”, “gerrikoa estutzeaz” eta gisako dekalogoez nazkatuta egunetik gauera aberastea erabakitzen duen pertsona izan daiteke, edota narkolimosna errefusatzen duen planak egin baina kartelen buruak babestu eta absolbitzen dituen eliza.

“Narkoa”, hortaz, krimen antolatua baina baita imajinario kolektibo bat ere bada. Narkotrafikatzaileak estigma izatetik ikur izatera pasa dira, eta, esaterako, milaka tona droga airez garraiatzen dituen narkotrafikatzailea “Zeruetako Jauna” bilakatzen da. Legenda etengabe handitzen da, zurrumurruak ahoz aho komunitateetan barrena zabaltzen dira, fusila eskuan hartuta zaldian zebiltzan Emiliano Zapata edo Pancho Villa bezalako iraultzaile mexikarrak egun luxuzko autoetan eta AK 47 fusil automatikoak leihoetatik erakutsiz dabiltzala uste eta kantatzen dute askok.

Arazo konplexua den neurrian, narkotrafikoaz aritzean ezin da biktima eta biktimarioen ikuspegi soil batetik aritu. Narkotrafikoaz aritzeak derrigortutako zein borondatezko kooperazioaz, konpetentziaz zein aliantza estrategikoak dituzten sareez hitz egitea exijitzen du. Ezin da manikeismoa nagusitu, ez dago sentsazionalismo beharrik, gatazkak ez dira zuri ala beltz, gris askotarikoak dira. Eta bihoa aitorpena, fenomeno honen inguruko kontakizun bat jostea eta publikatzea are korapilatsuagoa egiten dute.

Narkorridoak

Beste praktika kulturalekin gertatzen den legez, narkotrafikoa ere aldatzen joan da. Desagertu dira Sinaloako nekazarien arketipo tradizionalak, gaurko narkojuniorrak luxuzko pick-up furgonetetan dabiltza eta Europako arropa marka garestiekin janzten dira. Narkokulturak bere gertuko eremua hartu eta bertako errealitatea eraikitzen duelako. Finean, musikan, erlijioan, telenobeletan edota zineman zabaltzen diren narratiba horiek guztiek mundu konplexu bat aipatzen dutelako, korapilatsua eta iluna, baina baita erreala eta nabaria ere.

Adibide interesgarri bat musikan daukagu, hain zuzen, antigoaleko korridoetatik egungo narkokorridoetaraino emandako bilakaeran. Korridoak pertsonaia historikoen ibilera erreal edo imajinarioak kontatzen zituzten abestiak ziren jatorrian, 1910eko Mexikoko Iraultzaren garaian sona handia hartu eta oso herritarrak bilakatu zirenak. Alfabetatu gabeko herritarrei gertaerak eta berriak kontatzen zitzaizkien kantuon bitartez, heroiak eraikiz eta beren bizitza eta abenturak goratuz. Pancho Villa, buruzagi iraultzaile handia, izan zen korridoetan gehien goratzen zen pertsonaia.

Korrido haietatik, apurka-apurka, narkokorridoak sortzen joan dira. Aurreneko narkokorridoak 1970eko hamarkadan hasi ziren, Tigres del Norte taldearen eskutik. Sinaloa, Sonora, Tijuana eta Michoacan bezalako eskualdeetan arrakasta itzela izan zuten. Narkokorridoek narkotrafikoa glorifikatu eta erromantiko bihurtzen zuten. Gaur egun, baina, Movimiento Alterado bezalako taldeen eskutik, letra izugarri bortitzak dituzte: narkotrafikatzaile modernoek euren aurkariak hiltzen, torturatzen eta beren gorputzak zatitzean erakusten duten harrotasuna goraipatzen dute. Abestien izenburuak eurak arras adierazgarriak dira jada: “Siguen rodando cabezas”, “100 balazos al blindaje”, “Sicarias de arranque”, “Sangre de maldito”...

Hori bai, paradoxa bat ere badago tartean: hain herritar bilakatu dira narkokorridoak Walmart korporazioko zentro komertzial erraldoietan ere saltzen direla, non, esaterako, Marylin Mansonen kantak debekatuta dauden iraingarriak direlakoan. El Komander narkodorrido kantari sonatuak ere hiru milioitik gora jarraitzaile ditu Facebook sare sozialean.

Narkokorridoak defendatzen dituzten musikari eta produktore batzuek argudiatzen dutenez, genero musikal bezala jende pobrearen ametsetatik eta etsipenetatik sorturiko «hurrengo hip hop-a» da. Mozkin ekonomiko handiak ematen dituen pagotxa, nolanahi. Kantuotan, funtsean, krimenak kausa justu baten alde egindakoak dira eta narkotrafikatzaileak gobernu injustu baten aurrean pobreen defendatzaile gisa aritzen diren “Robin Hood modernoak”.

Zineman ere indartu da joera berdina. Hor ditugu, esaterako, “Breaking Bad”, “Miss Bala” edo “El Infierno” filmak. Sare sozialetan ere sumatzen da joera bera, mundu mailako erreferentzia egin den “El Blog del Narco” aski ezagunaren eskutik. Fantasia bat sortzen lagundu dute, narkotrafikoa pobrezia atzean uzteko bide motz eta legitimoa dela salduz. Ezer epaitzeke, ñabardura barik, oztoporik gabe.

Emakumeak ere kartelen buru

Emakumeak “edertasunaren erreginak” izatetik, “erregina” izatera pasatzen ari dira. Jada ez dira soilik buruzagien ondoan dabiltzan andrazko eder, desiragarri, sentsual eta maitagarriak. Ez dira soilik Swarovsky kristalak azazkaletan txertatuta dituzten eta urre eta diamantezko telefono mugikorrekin ibiltzen diren emakume estereotipatuak. Hainbat karteletako buru bilakatu diren emakume boteretsu eta arriskutsu bezala aurkezten dituzte orain, harro eta ausart, tiro egiteko beti prest, txarrean gizonezkoak baino okerrago. Mexikoko Iraultzatik aski ezagun eta kantatua izandako “Adelita”-ren, armen erabileran oso trebea eta bere gizona zaintzerakoan oso saiatua berau, edo gizonaren desleialtasuna jakin eta zazpi tiroz hil ondoren betiko desagertu zen “Camelia La Texana” entzutetsuaren arrastoan, gaur egun ere narkoemakumeen ibilerak epikoki kantatzen dituzte, heroina herritar gisa aurkeztuta. Adoretsuak, izugarri bortitzak eta guztiz leialak diren emakume gisa ezaugarritzen dituzte. “La Reina del Pacífico” goitizenez mundu osoko komunikabideetan ezaguna egin zen Sandra Avila Beltran izango da, seguruenik, hori guztia ondoen ordezkatzen duena.

Telenobeletara ere eraman dute fenomeno berri hau. Eta orotan arrakastatsuena eta pantailaren bitartez Hego Amerikako familia ia guztietara heldu dena “La Reina del Sur” da. Baina irudikapen oroz gain, errealitateak diosku narkotrafikoan lan egiten duten emakume gehienek beharra dutelako edo behartuak izan direlako egiten dutela. Eta gehienetan, lan arriskatuenak hartuz, trafikoaren kateko katebegi ahulenetan dihardutela (mulera gisa lan eginez, hots, irentsitako latexko boletan droga garraiatuz).

Narkosantuak

Erlijioa da narkokulturaren beste osagai funtsezko bat. Guadalupeko Ama Birjinari, San Judas Tadeori (kausa galduen eta egoera desesperatuen patroia) edo Jesus Malverderi (pobreei emateko aberatsei lapurtzen zien bandidoa) narkotrafikatzaileek dieten debozioaren bitartez bideratu izan da narkotrafikoaren arlo erlijiosoa.

Horrez gain, narkolimosnen bitartez, narkotrafikatzaileek euren jaioterrietako elizekin lotura sakonak josi dituzte, kausa onetan erabilitako “diru zikina” purifikatu egiten dela uste baitute. Badira ere Heriotza Santuari edo Santeriari debozioa erakusten diotenak, baina hori ez da gehiengo baten joera.

Deigarria da ere La Familia Michoacana kartelaren sortzaile Nazario Moreno Gonzalez, 2010ean tiroz hildakoa, bere eskualdean “kanonizazio prozesuan” dela; bere sorterri Apatzigan herrian santutzat hartzen dute eta bere omenez kaperak eta baselizak behin eta berriz –poliziak txikitzen baititu– eraikitzen dituzte.

Hori bai, narkotrafikoaren eta erlijioaren arteko harremanaren eraikuntza soziala norbaitekin egin bada ikusgarri, hori Jesus Malverde narkosantuarekin da. Sinaloan 1870 eta 1909 artean bizi izan zen, pobreei emateko aberatsei lapurtuz, eta, balaz zauritutakoan, bere kideei agintarien esku utz zezatela erregutu zien, hori bai, bere buruaren gainean jarritako saria herritarren artean banatzeko aginduz. Egun publikoki sikario eta narkotrafikatzaileen santua da eta bere irudia Sinaloa, Chihuahua, Los Angeles edo Kolonbiako Cali hiriko kaperetan aurki daiteke. Erlijiotasun herritar horrek, pobreekiko debozioaren eskutik, musika edo zinemak bezala, narkotrafikoaren biolentzia legitimatzen du. Eta erauzten asko kostatuko diren erro sakonak ditu.