Gorka Elejabarrieta

Corbyn fenomenoa

Ingalaterrako agenda politikoaren baitan irailero antolatzen dute urteko konferentzia nagusia alderdi politikoek, eta bertan haien programa, lidergo eta helburuak berritzen edo eguneratzen dituzte. Parlamentua itxi eta alderdi bakoitzak asteburu oso bat ematen du barne eztabaidan. Antzeko sistema erabiltzen dute ezkerreko hainbat alderdik Europan zehar, barne eztabaida etengabea eta iraunkorra bilakatuz, eta alderdiaren programa eta aldarria testuinguruaren beharretara hobeto egokituz.

Erresuma Batuko hauteskundeen ondoren Ed Miliband Alderdi Laboristako hautagaiak dimisioa aurkeztu zuen eta, ondorioz, lider berria aukeratzeko prozedura jarri zuen martxan alderdiak. Orduan, ez zirudien lider berriaren hautaketa prozesuak aldaketa handirik ekar zezakeenik. Jeremy Corbyn diputatu laboristak lidergorako bere burua aurkeztu zuenean, izan ere, inork gutxi pentsatu zuen irabazteko aukerarik zuenik. Laborismoaren ezker adarrak behin baino gehiagotan aurkeztu ditu alderdiko lidergorako hautagaiak azken urteetan, eta emaitzak ez dira onak izan. Aurrekarien eta espero zitekeenaren kontra egoera dezente aldatu da azken asteetan eta, egun, bera da, iritzi azterketen arabera, irabazteko aukera gehien dituena. Oso denbora gutxian iraultza txiki bat ematen ari da laborismoaren baitan.

Jeremy Corbyn Socialist Campaign Group (SCG) taldeko kidea da 1983an lehenengoz diputatu aukeratu zutenetik. SCG diputatu laborista ezkertiarrez osaturiko taldea da, 1982an sortu zuten Tony Benn eta beste hainbat laborista ezkertiarrek eta, ordutik, “Laborismo Berria” etengabe izan du jomugan, laborismoan azken hamarkadetan nagusi izan den joerari kritika etengabea eginez. Laborismoa justizia sozialaren eta bakearen aldeko aldarrien inguruan eraiki nahi du SCGk. Jeremy Corbyn Irlandako bake prozesuaren defendatzaile sutsua da –Sinn Feinen laguna– eta Irlandako batasuna ere aldarrikatzen du. Horrez gain, Palestinaren aldeko militantea, Stop The War koalizioko kidea eta Westminsterren euskal gatazkaren konponbidearen alde antolatu diren ekimenen bultzatzaileetako bat izan da. Tony Benn, Ken Livingstone, John Mcdonnell eta beste hainbat britainiar progresista ospetsuren kide eta laguna ere bada. Hori da bere curriculuma. 66 urtez etengabe jardun du borrokan, justizia soziala eta bakea aldarrikatuz. Eta orain Alderdi Laboristaren lider bilaka daiteke.

John Carlin kazetariak “El País” egunkarian duela gutxi idatziriko artikulu batean Ingeles Kixotea ezizena jarri zion Corbyni. Aste honetan bertan Tony Blairrek “The Guardian” egunkarian artikulu bat idatzi du, bere ustez, Jeremy Corbyn laborismoaren lider bilakatuz gero Alderdi Laboristaren gainbehera gertatuko litzatekeela esanez. Duela gutxira arte Alderdi Laboristaren lider bilakatzeko aukerarik ez zuela esaten zuten berdinek egun Erresuma Batuko hauteskundeak irabazteko inongo aukerarik ez duela diote, baita Corbynen garaipenak alderdiaren atomizazioa ekarriko lukeela ere. Duela hilabete pare bat erakutsi zuten predikziorako gaitasun bera erakusten badute orain ere, badu Ingalaterrako ezkerrak esperantzarako arrazoirik. Sindikatu nagusietako asko, UNITE eta UNISON esaterako, bere alde agertu dira. Alderdiak ezarritako boto sistema berriak –zeinen arabera hiru libraren truke “babesle erregistratuek” bozkatzeko eskubidea duten– hautesle kopurua izugarri handitu du azken asteetan. “The Guardian”-en arabera, aurreko asteetan 400.000 alderdikide eta babesle berrik eman dute izena, eta, horrenbestez, errolda itxi berri den honetan, 610.000 pertsona baino gehiago dira botoa emateko eskubidea dutenak.

Alderdi Laborista azkeneko hamarkadotan zuzendu dutenen iritziaren kontra, laborismoak ezkerrerako norabidea har dezake, Jeremy Corbyn gidari izan dezakeen alderdi berrian. Corbynen aukeraketa berri ona litzateke Alderdi Laboristarentzat, baina bereziki litzateke ona Ingalaterra eta Europarentzat. Baita Euskal Herriarentzat ere. •