joseangel.oria@gaur8.info
NEPAL

Konstituzio berriarekin beste aro bat hasteko aukera, alferrik galtzeko arriskuan

Joan den apirileko lurrikara ikaragarriak mugimenduak eragin ditu Himalaiak bete-betean hartzen duen herriko politikan ere eta parlamentariek eta politikariek beste baterako utzita zeukaten Konstituzio proiektua urratsak egiten hasia da; bihar bertan onar dezakete. Emakumeek eta gutxiengoek baztertuta geratzeko arriskua salatu dute.

Lurrikararen arrastoak ez dira berehala desagertuko. Hilaren 5ean jakin genuen Lantang herrian desagertu ziren hamazazpi lagunen gorpuak aurkitu dituztela. Apirilaren 25eko astinduak eragindako lur jausi batek hiriburutik 60 kilometrora dagoen herri osoa suntsitu zuen eta makina bat lagun hondakinen artean harrapatuta geratu ziren. Euriaren laguntza izan dute herritarrek, bestela gorpuek oraindik desagertuta jarraituko zuten-eta.

Leku hori turistek gehien bisitatzen duten horietako bat denez, Shiva Ram Gelal funtzionarioak ezin du argitu aurkitutako gorpuzkiak bertako herritarrenak ala kanpoko bisitarienak diren. Langtang herria hartzen duen bailara osoan 197 gorpu aurkitu dituzte lurrikara izan zenetik eta Poliziak jakinarazi du beste 134 pertsona daudela oraindik desagertuta.

Lurrikarak berak eragin du politikariek Konstituzio berriarekiko zuten jarrera aldatzea. 2008ko hauteskundeetan aukeratutako Batzar Eratzaileak idatzi behar zuen testu berria, baina bere lana bete ezinik ibili zen eta 2012an berriz hauteskundeak egin zituzten.

Jarrera aldaketa

Alderdi politikoak ez ziren ados jartzen eta bazirudien agintaldi honetan ere ez zela aurrepausurik egingo, baina apirilaren 25eko lurrikarak gauzak aldatu egin ditu. Nola, gainera! Herrialdeko lau alderdi nagusiek (horietako bi Gobernuan daude eta beste biak oposizioan) hamasei puntuko itun bat adostu zuten ekainean, Konstituzio berriaren oinarri izaten ari dena.

Grebak, manifestazioak, atxilotuak, zaurituak... Nepaldar asko irten da kalera protesta egitera, kasu batzuetan herrialdea «estatu hindu» bihur dadin exijitzeko (Israel «estatu judua» izatea nahi dutenen moduan, beste erlijioetako eta pentsaeretako herritarrak baztertzeko), eta, beste batzuetan, baztertuta geratzeko arriskuak bultzatuta.

Azken horien artean daude paria, dalit edo ukiezinak. Min Bishwakarma komunitate horretako ordezkariak azaldu duenez, aurreko proiektuak bermatzen zien %3ko proportzioa Parlamentu Federalean zein eskualdeetako parlamentuetan, eta beste %5 bat mendeetan jasan behar izan duten bazterketaren ordainsari moduan. Baina proiektu berriak kopuru horiek kanpoan utzi dituenez, beraiek aurka daude. Ukiezinen komunitateko herritarren ia erdia (%43,63) pobrezian bizi da.

Bigarren mailakoak

Emakumeek ere egitasmoaren aurka egoteko arrazoi asko dituzte. Ekintzaileek salatu dutenez, proiektuak bigarren mailako herritar bihurtzen ditu. Testuak dio nepaldar herritartasuna lortzeko bi gurasoak, aita eta ama (bestelako aukerarik ez da aipatzen), nepaldarrak izan behar direla. Ekintzaileek diotenez, gauzak horrela utziz gero, emakumeek beren seme-alaben aitaren nortasuna egiaztatu beharko dute. Beraz, ezkongabeko amak kaltetuko ditu Konstituzioak, beren seme-alabak ez baitira ofizialki nepaldarrak izango aitak onartzen ez dituen bitartean. Ama Nepalekoa izanik aita atzerritarra bada, umeak ez du herritartasuna lortuko aitak atzerritar izaten jarraitzen badu txikiak 16 urte betetzean.

Emakumeen elkarteek esaten dute herritartasuna emateko nahikoa izan beharko lukeela «aita edo ama» nepaldarra izatea. «Mundu osoan nagusi diren arau demokratikoen aurkakoa da proiektua. Testu horren eraginez, emakumeek gizonekiko menpekotasuna izango dute seme-alaben herritartasunari dagokionez», Sapana Pradhan Malla abokatu eta ekintzailearen arabera.

Datu ofizialek baieztatzen dute emakumea baztertuta dagoela gaur egungo Nepalen. Herrialdeak 27,8 milioi biztanle ditu, eta emakumeak gizonak baino gehiago dira. Hala ere, analfabeto gehiago dago emakumeen artean (%42,6) gizonen artean baino (%25). Emakumeen %25a baino ez da lur-jabe eta sektore publikoan ari diren langileen artean zazpi lagunetatik bakarra da emakumea.

Autonomia

Nepaldarrek nahiago izaten dute umeak eskola pribatuetara bidaltzea, hobeak direlakoan. Baina abantaila hori gizonentzat bakarrik izaten da.

Testuinguru horretan ez da harritzekoa oso emakume gutxik esku hartzea politika kontuetan. Bada berri on bat ordea: indarrean dagoen behin-behineko Konstituzioak lanpostu publikoen eta Parlamentuetako eserlekuen heren bat gordetzen dizkie emakumeei, eta badirudi proiektu berriak ere arau horri eutsi egingo diola.

Gutxiengoak dira Konstituzio berriak baztertzen dituen beste herritarrak. Konponbide zaileko arazoa, Nepalek 125 etnia ezberdin baititu eta eskualde gehienetan etniak nahasita baitaude. Alderdi nagusiek adostutako proiektuak dio Parlamentuak esan behar duela zer-nolako federalismoa izango den Nepalen. «Erabakia propio atzeratzen ari dira, ez baitira herrialdea federalizatzearen aldekoak», esan du Anil Kumar Jhak. Berak Sadbhawana Nepal alderdia zuzentzen du, madheshi etniakoen eskubideak defenditzen dituen indar politikoa, alegia. Bere ustez, alderdi handietako zuzendaritzetako kide gehienak hinduen goreneko kastakoak dira, eta ez zaie komeni boterea beste etniekin banatzea: «Guk probintzia autonomoak behar ditugu, benetako boterea izango dutenak. Gobernu federalak botere gehienekin segitzen badu, federazioak ez dauka zentzurik».