Ramon Sola

Irribarre egin gabe irabazterik ez dago-eta

Arrakasta izan du Arnaldo Otegik Logroñoko ziegatik euskal jendartearentzat asmaturiko agurrak (hain arrakastatsu, ezen Pablo Iglesiasek berak bere egin duen ‘‘Irribarre egin, irabaziko dugu-eta’’ hori). Baina onar dezagun azken bolada honetan ezkerreko abertzaleen artean argi izpiak/aukerak gidari hartzen dituztenen irribarrea baino, alde ilunak/gabeziak lehenesten dituztenen tristurak gailentzen ari direla. Haserraldien marmarra, behintzat, ozenago entzuten da, erakargarriagoa omen da. Hortaz, agian zertxobait gaurkotu eta zorroztu beharko litzateke Arnaldoren lelo animosoa, eta garbi utzi: irribarre egin gabe, irabazterik ez dago-eta. Iribarre egin, bere zentzu zabalenean: errealitatea perspektiba luzean begiratu, ilusioa landu; burua ireki; albiste onak nabarmendu eta txarrak gerta ez daitezen etsi gabe ahalegintzen segitu; guettoetatik atera eta jendearekin (gutarrekin eta gutarrak ez direnekin) egon, hitz egin, eztabaidatu, disfrutatu ahal bada; eta noizbehinka, norbere buruaz barre pixka bat ere egin (autokritika sanoa, alegia). Ibilbide orri, ekimen politiko, hauteskunde emaitza eta abarren gainetik, giza jarrera xumeago hauetan asmatu beharko du ezkerreko mugimendu abertzaleak, aurrera egin nahi badu.

Adibide –adierazgarri– batzuk utzi dizkigute azken egun hauek, eremu ezberdinetan. Athleticek lortutako kopak, esaterako, eztabaida bitxiak eragin ditu han-hemenka, giroa ozpinduz. Alde batean, athleticzaleak izan ala ez, gehiago ala gutxiago bihotzez eta sano poztu direnak. Kontrako muturrean, «futbola, herriaren opioa» dogmari atxikiak ospakizunak errefusatu dituztenak. Eta ustez erdian, bietatik aldendu baina badaezpada, inor ez aztoratzearren-edo, serio eta festatik kanpo gelditu direnak, sektore honen ordezkari politikoak kasu. Azken emaitza: hirutik bi irribarre zipitzik egin gabe.

Era berean, marka da, gero, Gasteizko jaiek zabaldutako orbaina, non eta Nafarroarekin batera egoera politikoa eta soziala iraultzeko aukera sendoena gorpuzten ari zen tokian. Istilu zehatzaz ez dago gehiago esaterik, aski ezaguna baita, baina geroko ondorioek eta hasierako jarrerek presazko hausnarketa merezi dute. Izan ere, parekidetasuna helburu bada, ez dirudi hain gauza zaila denik adosguneak bilatzea eta ahalegin horri elkarrekin ekitea. Jazotakoak, ordea, beste asmo ezkutu batzuk agerrarazi ditu: antza, hainbat feministak blusa eta nesken mugimendua ezabatu nahi dute eta, aldiz, hainbat blusa eta neskak mugimendu feminista desagerrazi nahi dute, nahi den ordenean irakurrita. Bion kaltetan, baina bereziki guztiona den borroka ahuldurik. Tartean, EAJko alkatea, bere burua bitartekari eskaintzen. Ur nahasietan beti agertu ohi da arrantza oparoa aurreikusten duenik.

Serioagoa, gaiak hala agintzen du, presoen aferaren inguruan aspaldi hasitako elkar mokoka. Batzuen zein besteen (guztion) grina euskal espetxeratu eta iheslariak ahalik eta azkarren etxera ekartzea bada, erretolika gehiegi barnebiltzen du amnistiaren kontzeptuari buruzko ikamikak. Penagarria da zapore mikatz hori ongietorrietaraino iristea. Hainbeste urtetan atzeratutako poza zapuztu, epeldu edo duen garrantzirik ez emateak mixerien tamainaren berri ematen du, beste ezerk baino hobeto.

Askotan aipatua izan da Estatuak konponbide prozesuari ezarritako blokeoak eztabaida gatazkaren ondorioetan trabatu eta prozesu politikoa atzeratzea duela jomugan. Bestelako helburu paralelo bat ere badu, eskema orokorrari baino jende arruntari eragiten diona: etsaiari gerra psikologikoa ematea, irabaztea ezinbestekoa dela barneraraztea, gezurra izan arren. Dudarik ez, ondorioak ditu. Esan liteke Estatuari eta sistemari irabazi ezin izatearen hainbaten sentsazioak ondoan dagoen beharreko lagunari irabazteko gogoa ekarri duela. Eta sumindura honek bestelako su txikiak piztu eta elikatzen dituela. Hortaz, hurrengo borroka nagusia, dinamika politiko handietan baino, norbanakoen jarreretan dela esango nuke. Hortik hasten da irabazteko bide bakarra. Irribarre egitetik. •