Batzuetan galdu egiten naiz


Batzuetan galdu egiten naiz bizi naizen hirian, bizi dudan jendean, abuztu bukaerako egunetan adibidez. Etxetik norabait abiatzen naiz eta bide erdian erdibidean geratzen naiz, norantz abiatu naizen ahaztuta. Eta Kursaalera iristen naiz, edo Saguesera agian, eta hondartza beteak ikusten ditut baina ez ditut ikusten ditudan hondartzak ezagutzen, beste hondartza batzuetara joaten naiz, beste eguzkitako krema batzuen usainetara, umetan hondartzan galdu nintzen goiz hartako usain eta soinuetara esate baterako, ni ez beste guztiak galdu zirela pentsatu nuen goiz hartara. Bospasei urte izango nituen. Eta nirea zen leku hartan arrotz sentitu nituen beste guztiak; usain haiek, sargoritako gandu hura, begirada haiek, olatu zakarregi haiek, azal belztuegi haiek, hondarretako harri-txintxar haiek ez zegozkion goiz hari. Orain alderantziz gertatzen zait. Heltzea, akaso, horixe delako: mundua zure zilborretik urruntzen sentitzea, bizi ditugun egun eta tokietan gero eta arrotzago aurkitzea.
Hitzekin ere gauza bera gertatzen zaidala pentsatu dut Groseko gasolindegia igaro ondoren. Batzuetan galdu egiten naiz bizi naizen hitzetan, handiegi geratzen zaizkit, jendetsuegi; ez dagozkien usainak hartzen dizkiet dagozkienen bila hasita. “Kultura” hitzak, adibidez, zanpatzen ari naizen espaloi gastatuegiaren antzera dauzka formak galduta, ertzak disimulatuta. Kortxoenea parean eseri naiz, aldapa igota, arnasestuka. Sartu nintzen lehen egunean ez geneukan hitzik egitera gindoazena definitzeko. Bertsotan aritzeko eskatu ziguten; aurkezlea berria zela, hamar-hamabi gai prestatu zituztela igande arratsaldeetan biltzen ziren bertso-eskolako kideek. Bertso-saio bat antolatzeko gogoa zeukatela eta bertso-bazkaria egitea otu zitzaiela; beraiek diseinatu zituztela kartelak, beraiek saldu zituztela sarrerak, beraiek prestatu zutela pasta entsalada eta hurbildu ziren guztien artean jarri zituztela mahaiak. Urteak pasa dira ordutik. Hasiberri batzuk ginen artean, eta hasiberri batzuk entzuteko lan hori guztia hartu zuten. Saioa bukatu eta horman sinatzeko eskatu ziguten, gaztetxetik pasatako “artista” guztien aldamenean. “Artista”. Ordura arte inoiz ez ziguten hala deitu, eta handik aurrera ere ez, ziur aski. Baina zerbaitek elkartzen gintuen izen horiek denak horma koloretsu hartan.
Orduan ez nion egiten nuenari hitzik jartzen, eta orain hitzak handi geratzen zaizkit, umetan, haziko ginen esperantzan erositako bi taila gehiagoko jertseak bezala. Garenean geratu ginen. "Kultura" hitza aho askotatik pasa da ordutik, eta hitzek badute irten diren ahoaren forma hartzeko joera bat. Hitz handiek esanahi txiki asko hartzen dituzte; horma handien artean leku txiki asko topatzen dira. Niretzat kultura edozein lekutan entxufatzen ziren gitarrak ere baziren, egurrezko mikrofonoetatik lagunartean botatako bertsoak ere bai, paperezko manteletan eginiko marrazkiak ere bai, mila aldiz zikindutako paperetan zirriborratutako poemak ere bai. Baina “kultura” hitzaren ahoa handia da, luntxak, prentsaurrekoak, xanpaina, zinta-mozketak eta kameren flashak ere sartzen dira orain; marketina, komunikazioa, ekosistema, kontsumoa, turismoa, errentagarritasuna, eta arrotz sentitzen naiz batzuetan: dena esaten duten hitzak, askotan, ezer esan gabe geratzen dira, bidean abiatu eta erdibidean bide erdian geratuta.
Eta hondeamakinak ere sartzen dira kulturan, eta udaltzainak, eta eraiste aginduak. Kultura dagoen lekura egokitzea den arren, munduari erantzuteko munduak sortzea. Batzuetan kulturak dena dio, ordea, kultura dena izan ezik. Akaso, izena jartzea ahaztu zitzaigun; beste aho batzuek kendu zizkiguten hitzak eta handiegi geratu zaizkigu. Hitzek, batzuetan, gehiago izaten dutelako esan nahitik esanahitik baino. •


