Ikusi nahi ez duenak baino...
Begi aurrean gertatzen ari denaz ez dugu jabetu nahi. Beste aldera dugu begiratzen. Gizartea anitza bezain aberatsa dela esan, baina azaletik baino ez diogu heltzen, modan dagoen baieztapen soila balitz bezala. Egunerokoan, aldiz, gehienetan konturatu gabe bada ere, bereizketak ditugu egiten. Bazterketa ez esatearren.
Izan gazte zein heldu, edozein generoko eta jatorriko, edo izan desgaitasunen bat, pertsona orok dugu osatzen gizartea. Bakoitza pertsona ezberdina da, bere gabezia eta gaitasunekin, baina herritar gisa berdin-berdinak gara. Eskubide eta aukera berdinekoak. Hitz hutsak, ez baititugu betearazten ez betetzen.
Norbanakoak hauskorrak gara, maila batean edo bestean mendekotasun egoeran bizi gara. Komeni zaigu ahalik eta arinen barneratzea. Elkarmendekotasuna gizartearen ezaugarri propioa da.
Pasa den igandean Pausoka Egunean ibili nintzen. Ehunka pertsona eta Maria eta beste hainbat izugarrizko gurasoen artean. Gabezia larriak dituzten haurren bizitza ikusgai jartzeko eta dirua biltzeko ekintza anitzeko jai egun koloretsua. Gipuzkoan desgaitasunaren inguruan lan egiten duten erakundeak ehundik gora dira. Gureak, Gipuzkoako Kirol Egokituko Federakundea, Garagune, FEDER, Atzegi... Jakina, beren zerbitzuak jasotzen dituzten pertsonen egoera hobetzeko ahaleginak egiten dituzte guztiek. Baliabide humano eta tekniko nahikoak bilatzen, bizi baldintza duina izan dezaten. Sinpleki, gizartean, gure herrian bat gehiago izan ahal daitezen. Gabeziei erreparatu beharrean, gaitasunak dituzten pertsonak bezala ikusiak izan daitezen. Ez al du ekarpen ordainezina egin Beethovenek gorraizea izan arren? Edo, Ritxar Oribek itzeleko baloreak erakutsi?
Garaia da itsuarena egiteari utzi eta begi aurrean gertatzen ari denaz jabetu gaitezen. Hautsi arazoak dituzten “horiek” eta “gu” arteko bereizketa eta herritar berdinez eraiki dezagun gizarte inklusiboa. Nire zorionik beroena aurtengo Kilometroak jaiari urte osoan herri eredu inklusiboaren alde egindako aparteko lan ausartagatik. •

