Etsipenaren zelaigunea
Zerk bultzatzen ote ditu hainbat gazte palestinar parean aurkitutako lehen israeldarra, edonor delarik ere, labanaz erasotzera? Etsipenak. Osloko sasiakordioen ondoren jaiotako gazteek haurtzaro eta nerabezaro osoa igaro dute euren nagusien ahotik orduan iragarritako bake prozesua noiz gauzatuko ote den gaineko kezka entzuten. Gaur arte.
Promesak promesa, jaio zirenetik gazteok bizi izan duten bakarra umiliazioa izan da. Zisjordaniako Harresia eta etengabeko kolonizazioa. Gazako Lerroa munduko kontzentrazio zelairik handiena bihurtu duten urteroko erasoaldi kriminalak. Eta azkena, Jerusalemgo Al-Aqsako meskiten zelaiguneko juduen probokazioak. Hauteskundeetan bere garaipena bermatu zuten mutur-muturreko juduei esker ona azaltzeko, eta, bide batez, musulmanen hirugarren eremu santuaren statu quo-a kolokan jartzeko, zelaigunean sartzen utzi zien Bejamin Netanyahuk hainbat diputatu eta ministrori. Al-Aqsan bertan Ariel Sharon zenak gauzatutako probokazioak 2000n abiatutako Bigarren Intifadaren hasiera eragin zuela ere gogoan izango zuen, noski, bere ondorengo lehen ministroak.
Juduak Al-Aqsan errezatzen ikuste hutsak palestinar gazteengan sortutako egonezina, Israelgo polizien probokazioek xaxatu dutena, ezin da ukatu. Baina, bere garrantzia izanik, auzia ez da soilik erlijiosoa. Orain arte nolabait babestuta sentitzen zuten azken gotorlekua bera ere arriskuan ikusi dute palestinarrek. Jada ez zaie ezer geratzen. Israeldarren aurka labanez egindako eraso suizidok uigurrek han etniako txinatarren aurka egiten dituztenak ekartzen dituzte gogora. Behin dena galduta, ezer galtzeko ez duenaren desesperazioa. Erlijiosoa edota politikoa baino primarioa. Etsipen guztiak bezala. •


