Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Ondarreta pasealekua

Ondarretara begiratzen dudanean hareazko erloju bat ikusten dut. Ez dakit zergatik, baina denbora ikusten dut leku guztietan; eta espaloietako erloju digitalei begiratzen diet ondotik pasatzen naizenero baina berehala ahazten zait ze ordu den, gogoak beste norabait egiten dit hegan eta mugikorra ateratzen dut poltsikotik; beti ordulariei begira eta beti berandu. Beharbada horregatik erantziko nuen ordularia eskumuturretik; inori ez zaio zain egoterik gustatzen, baina berandu doanean erlojuak eztarria estutzen du, eta nik ordulariak ikusten ditut bazter guztietan, ordulariak eta denbora eskumuturretatik zintzilik. Eta korrikalariak, Antiguako tunelera bidean maldan gora eskumuturrari begira doazen korrikalariak, bezperakoa hobetu nahian gero eta azkarrago, azkarrago, azkarrago; adin guztietako korrikalariak neguko arropak jantzita begirada espaloian eta ordularian iltzatuta, txandaka. Eta ondoan aitona-amonak elkarri besoetatik helduta, begiak espaloian tinko pausu laburrak emanaz.

Gorputzak gara. Oinez baino errazago ikasi genuen hizketan; galderak geneuzkan ahoa zabaldu orduko erantzun beharrekoak, presa genuen mundua izendatzeko, izendapenak boterea ematen zuen garaietan. Izena ematen diegun gauzak gureak dira. Eta erantzunekin aski ez zenean abiatu ginen oinez ukitzera, dastatzera, usaintzera, gero eta azkarrago, eta egun batean konturatu ginen pausuak neur genitzakeela, bezperan baino azkarragoak ginela biharamunean, gero eta azkarragoak, gero eta pausu ziurragoak egunetik egunera. Oinez zekiten hankek korrika ikasi zuten. Eta korrika dakiten oinek erlojuari ihes egin nahi izaten diote. Behobia-Donostia da bihar, eta korrikalariz bete dira gaur itsasertzeko espaloiak.

Gizon bat banku batean eserita dago goizero bezala. Gaur ere Haizearen Orrazira iritsi eta arnasari buelta eman nahian ari da egunkaria izter gainean zabalduta. Garai batean urrunago joaten zen; Saguesera hasieran, Bulebarrera gero, eta Haizearen Orrazira orain. Korrikalariari begira dago; nolako pausajea daraman, nola begiratzen dion erlojuari minuturo. Berak ere badarama ordulari bat eskumuturrean, baina alkandoraren mahukarekin estaltzen du goizero, ez begiratzeko. Bere hankei begira jarri da; marrazkiak egin ditu harri-txintxarrekin.

Atzean haserre dago itsasoa, baina ez dio begiratzen, askotan ikusi duelako. Egunkaria zabaldu du axolarik gabe. Gaur albiste dena desagertu egingo da biharko; denborak ez du errukirik; ahoa betetzen diguten izenak laster ahaztuko ditugu. Baina gizonak, bihar ere, Haizearen Orrazira zuzenduko ditu urratsak. Arropak erantzi eta, egunero bezala, hiru lagun itsaso izoztura sartu dira, espaloitik begira daudenei kasurik egin gabe.

Gorputzak gara eta gorputz bakoitzak dauka bere denbora, bere pausoa. Eta batzuetan jakin nahi izaten dut noiz iristen den une hori, gorputzak azkarrago joateari uzten diona, «kitto» esaten duena; ez duela denboraren kontra borrokatu nahi, ezin duela. Eta pausua hasten zaio moteltzen, baldartzen; umetan bezala egingo du balantza, eta Saguesera lasterka joaten zena oinez abiatuko da Bulebarrera, edo Haizearen Orrazira; eta ordulariak estaliko ditu denbora ikusten duelako bazter guztietan bere atzetik, eta itsasoa hormak jaten, haizea pertsianei kolorea lapurtzen eta Ondarretako harea desagertzen eta desagertzen, gero eta ale gutxiago, gero eta denbora gutxiago hondarrezko erlojuetan.

Berezia da azaroa: 1ean hilerrira doana Behobiara abiatzen da 8an, lasterka, azalari urteak ezabatu nahi bagenizkio bezala, gu azkarrago joateak denbora polikiago doala esan nahiko balu bezala, espaloiari eta ordulariari begira egoskor. Baina gure gorputzarenak gara. •