Jose Angel Oria
MAROKO

Atzera doan gizartean «emakume askea» izatea ordaindu du Lubna Abidar aktoreak

Lubna Abidar aktorea eta Nabil Ayouch zuzendaria marokoarrak dira eta bertako gizarteko fenomeno ezeroso bati buruzko pelikula egin dute: herrialdean milaka familiaren ogibidea den prostituzioari buruzkoa. Baina gai ukiezin bat da hori gero eta harroago dauden sektore kontserbadoreentzat, eta aktoreak Parisera egin du ihes.

Lubna Abidar Angulumeko zinemaldiko aktore onenaren sariarekin. (Yohan BONNET/AFP)
Lubna Abidar Angulumeko zinemaldiko aktore onenaren sariarekin. (Yohan BONNET/AFP)

Lubna Abidar aktoreak, “Much Loved” (“Zin li fik” arabieraz) Marokoko lau prostituten inguruko pelikularen protagonistak bere herrialdea utzi beharra izan du, Casablanca hirian hiru herritarren erasoa jasan ondoren. Mohamed VI.a erregearen herrialdean debekatuta dago aipatu pelikula, baina hori ere ez da nahikoa bertako sektore kontserbadoreenentzat, eta gai ezeroso horri buruzko zerbait egitea garesti ordainarazi nahi diote emakumeari, pelikula ikusterik izan ez duten arren.

Azaroaren 12an jakinarazi zuen Abidarrek Marokotik ihes egiteko erabakia, “Le Monde” frantses Estatuko egunkarian argitara emandako artikulu baten bitartez.

Egun batzuk lehenago Facebook sare sozialean eman zuen ezagutzera aktoreak eraso faxista baten biktima izan zela Marokoko hiririk handienean. Begi batean zauriak ikusten zitzaizkiola, eta porrot eginda dagoenaren ahotsarekin, aktoreak salatu zuen hiru gaztek jipoitu egin zutela aurrena, eta, ondoren, sekulako umiliazioa pasarazi ziotela mediku batzuek eta polizia-etxeko agenteek.

«Ez dute pelikula ikusi»

«Ikusi ez duten pelikula bateko protagonistarengatik egiten didate eraso. Gure aurkako iraintze kanpaina bat jarri dute abian kontserbadoreek, eta agintariek pelikula debekatu izanak zilegitasuna eman dio kanpaina horri. Sare sozialen laguntza izan dute gu iraintzeko. Azken finean, iraintzen naute emakume askea naizelako», adierazi du 30 urteko emakumeak.

Nabil Ayouch zuzendari marokoaren pelikulak sekulako arrakasta izan du herrialdetik kanpo eta makina bat sari jaso ditu dagoeneko. Canneseko Zinemaldian aurkeztu zuten maiatzean, sariketatik kanpo izan bazen ere, eta berehala sortu zen lanaren aurkako ekaitza erreinuan.

Erabiltzen duen hizkera gordinegia dela diote aurkariek. Marrakex hiri turistikoko erdialdea «sexu turismoaren paradisu» moduan irudikatu izana ere ez da horien gustuko izan. «Marokoko populazioaren zati handi bati ez zaizkio gustatzen ez emakume askeak ez homosexualak; aldaketa gogoaren aurka dago», aktoreak berak egiten duen irakurketaren arabera.

Izan ere, teoria hutsean prostituzioa debekatuta dago Marokon, nahiz eta emakume eta gizon askok ogibide hori duten. Gainera, beste «bekatu» larri bat egiten dute “Much Loved” filmeko egileek: beti isilik egotera kondenatuta dauden emakumeei hitza ematen zaie.

Aktoreak zein zuzendariak beren aldeko mezu ugari jaso dituzte azken asteotan Marokotik kanpo. Herrialdean bertan ere herritar batzuk ausartu dira agintearen ondotik zetorren irain uholdea jasaten ari direnei elkartasuna adieraztera, baina kanpainaren biktimek uste dute babes hori ez dela nahikoa izan «gure aurka eragin duten gorrotoa baretzeko».

«Ez dut beldurrez bizi nahi»

Ez da ahaztu behar heriotza mehatxuak ere jaso dituztela aktoreak zein zuzendariak, eta esperientziak dio agintarientzat ezeroso diren pertsonen aurkako mehatxuak kasu askotan bete egiten direla Marokon, beste leku askotan bezalaxe.

«Nire herrialdea da, maite dut Maroko, bertan ditut nire bizitza eta familia, baina ez dut beldurrez bizitzen jarraitu nahi», jakinarazi du. Hilaren 5ean jaso zuen erasoa eta une honetan frantses Estatuan dago Abidar.

Gizonen erasoak jasaten dituzten Marokoko emakumeen sufrimendua hobeto ulertzen laguntzen du Lubna Abidarri gertatzen ari zaionak. «Erietxeek ez ninduten onartu ere egin eta polizia-etxean ere gauza bera gertatu zitzaidan. Casablancako Polizia Prefekturara gauean joan nintzenean, guztiek barre egiten zidaten. ‘Azkenean erasoa jaso eta guregana dator Abidar’ esaten zidaten». Ez da harritzekoa eraso matxistaren bat jasan duten marokoar emakumeei salaketa aurkeztea asko kostatzea, horrelako jarrera duten “profesionalen” aurrean jartzea bigarren erasoa jasatearen tankerakoa baita, okerragoa ez denean.

Poliziak gauzak behar bezala egin dituela esan du, jakina. Erregeak ezarritako «ordena» zaintzea helburu duten agenteek diote aktorearen salaketa serio hartu zutela. Bertsio ofizialak dio Abidar goizaldeko ordu bietan iritsi zela polizia-etxera, baina ez erasoa non izan zen ez bestelako xehetasunik ez zituela eman nahi izan. Emakumeak berak esan omen zien salaketa ofiziala ez idazteko, medikuren baten txostena eduki arte.

Gizartearen zurikeria

Prostitutak, alkohola eta luxuzko bizimodua. Horixe da pelikulak azaltzen duen errealitatea. Marrakex hiri turistikoko egoera deskribatzen digu. Saudi Arabiako gonbidatuekin egon behar dute profesionalek festa pribatuetan, haietako batek urteak betetzen dituela-eta. Filmak ez ditu irudi gordinegiak, ezin da pornografikotzat jo inolaz ere, baina ukitzen duen gaia bera da arriskutsu agintarientzat, nahiago baitute herritarrak horrelako fenomenoak existituko ez balira bezala bizitzea, etxean bertan eduki arren. Edo prostituten zerbitzuak kontratatzeko eta erabiltzeko ohitura izan arren.

Jeune Afrique webguneak galdetu zion zuzendariari ea zergatik nahi zuen Marokoko prostituzioaren gaia jorratu: «Ni beti erakarri izan naute pertsona baztertuek. Neskak, berriz, beti misteriotsuak iruditu zaizkit. Prostituzioa eta bere esanahia alde batera utzita, interesatzen zitzaidan gizartean prostituzioaren inguruan den zurikeria, hipokrisia. Baita prostituten eta beren familien arteko harremana ere. Arabiar munduko gizarte patriarkalean, beste emakumeek ez duten nolabaiteko boterea dute, ez dute baimenik eskatu behar hau edo bestea egiteko. Beste emakumeek ez dituzten askatasun eta botere mailak dituzte. Horrek ez du esan nahi beren egoera inbidiaz hartzekoa denik», erantzun zuen.

Marrakexeko gau-giroa

Ayouchek esplikatu du aspaldi entzun zuela Marokon familia asko, baita kontserbadoreak ere kasu batzuetan, emakume horien lanari esker bizi direla. «Horregatik egin nahi nuen prostituzioari buruzko pelikula bat. Nire laguntzaile batek ezagutzen du Marrakexeko gau-giroa. Berak aurkeztu zizkidan beren historia kontatzeko prest zeuden lau neskak. Hor abiatu zen urte eta erdiko iraupena izango zuen ikerketa antropologikoa. Berrehundik gora emakumerekin hitz egin dut eta hori izan da pelikularen oinarria. Prostitutek beren historia kontatu ondoren, malkoei ezin eutsi geratzen nintzen. Guk filmean azaldutakoa baino askoz ere gordinagoa da errealitatea».

Eta neskek, zergatik kontatu nahi zuten beren esperientzia? «Lehertzeko zorian zeudela iruditzen zait. Debekuaren eta tabuen inguruan eraikitako gizarte batean, guztiek jakin arren inork ezer esaten ez duenean, batez ere prostituzioaz ari garenean, azkenean sekulako frustrazioa pilatzen da. Beraiek esan zidaten tratamendu moduko bat izan zela nirekin hitz egitea. Beraien historia benetan entzungo zien norbaitekin hitz egin beharra zuten, barruan duten korapiloa askatzeko. Nitaz fidatzen ziren eta uste dut horregatik kontatu zizkidatela horrenbeste gauza».

Egileak dio berak ez dituela pelikulak egiten gero debeka ditzaten, eta bere esperientzia errepasatuz gero argi ikusten da Marokoko gizartea atzera doala askatasunari dagokionez, bere garaian polizien ustelkeria eta drogak bezalako gaiak jorratu izan dituen arren, bere lanak ez baitziren Marokon eskaini gabe geratu. «Askok uste baino helduagoa da marokoar herritarra. Batzuei ez zaie ondo irudituko. Normala da hori, baina ez da arrazoi bat benetako eztabaida egin gabe uzteko».

Marokon, Google bilatzailean edo Youtube plataforman herritarrek gehien bilatzen duten bigarren hitza “sexu” da, zuzendariaren arabera. «Milioika marokoarri gai bat interesatzen zaienean, nola esan tabu bat denik? Benetan dagoena ez onartzeko borondatea ikusten dut nik jarrera horretan. Pelikulan ageri diren emakume horiek bezala ehunka mila lagun bizi dira gaur egungo Marokon. Ekonomiaren zutabeetako bat da eta ezin dugu kaxoi batean ezkutatu. Batez ere, arriskupean bizi diren neskengatik, bakarrik eta barru-barruko sufrimenduarekin bizi behar izaten duten horiengatik. Hori bai, gure pelikulak ez du inor epaitzen, ez du esaten ez neska horiek zoragarriak direnik ez gaitzetsi behar ditugunik. Marokon beharrezkoa den eztabaida eragitea zen pelikularen helburua».

Segurtasun pribatua

Nabil Ayouch zuzendariak berak segurtasun pribatua ordaindu behar izan zuen maiatzean, aktoreak babestu ahal izateko. Pelikulari buruzko eztabaida abian zen ordurako, nahiz eta oraindik estreinatu gabe zegoen. Baina Interneten eskaini ziren zatitxoak (erotikoenak) nahikoa izan ziren egileen aurkako iraintze kanpaina abian jartzeko.

Abdellah Tourabi “Telquel” astekariko zuzendariak uste du pelikula debekatzeko arrazoirik ez dagoela: «Lan artistiko bat da eta kito. Hala ere, pertsona batzuek moralaren arlora eraman dute pelikula eta Lubna benetako prostituta bat dela pentsatzera iritsi dira».

Tourabik nabarmendu du erasoa bera eskandalagarria dela, baina agintarien bertsioa kinkan ipintzera ausartu gabe: «Ez dut uste inongo erietxerik bera sendatzera ukatuko zenik. Ezta polizia-etxean oposizio politikoko ordezkariak bezala tratatuko zutenik ere».

Marokon bertan ikusterik ez dagoen lanak sekulako arrakasta izan du Estatu frantsesean. Afrikako herrialdean egindako film arrakastatsuenetako bat dela esan dute adituek.

Lubna Abidarrek ia urte erdiko sufrimendua jasan du ihes egiteko erabakia hartu aurretik. Azken momentuan Mohamed VI.a erregeari eta Abdelillah Benkiran lehen ministro islamistari eskatu zien babesa, baina, erantzunik jaso ez duenez, Parisera joan da. Ez daki noiz itzuliko den.