Estrategia indarberritzen asmatzea da koherenteena
Giroa behar ez den lekutik berotzen denean prozesu politikoaren (askapen prozesua, iraultzaile eta independentisten hiztegian) ardatza lausotzeko arriskua dago. Azkenaldian, gainera, anekdotara, ondoko kontraesanetara edota, edozein dela gaia, irakurketa gotor eta hertsietara joateko ohitura dago. Baita direnak eta bi botatzeko joera ere. Sare sozialen anonimatuak, batzuetan, eta bat-batekotasunak, beste askotan, areagotzen du hori guztia. Zalaparta ugari, askotan jendartean egiazki egosten diren aukerei bizkar emanda.
Estatu espainolean hauteskunde kanpaina hasi berri da, eta Estatuko eztabaida etxe barruraino sar daiteke. Egia da, ordea, orain dela hilabete batzuetako espektatibak, 78ko erregimenaren aldaketa lortze aldera, ederki apaldu direla, inoiz errealak izan baziren. Podemosek berak galdu du bide horren arrastoa, zer esanik ez EAEn. Hauteskunde hauetatik Espainian indar daitekeen operazioak ez du erraztuko Euskal Herriko eskubideen gutxieneko onarpena. Ez litzateke oso zentzuduna esperantza hor jartzea. EAJk jokatuko du egonkortasuna eskaintzeko karta, jakina; baina intxaurrondo horrek, akaso, ez du jada askorik emango. Horregatik ere bada garrantzitsua nazio (auto)aitortza eta erabakitzeko eskubidea egikaritzea oinarri Euskal Herriko independentzia lortu nahi dutenentzat indar harremanetan posiziori eustea hauteskunde hauetan, nahiz eta Estatu mailako mezuen uholdea sekulakoa izango den, edonor itotzeko modukoa.
Horiek horrela, estrategien gainean bertsiorik perfektuena bilatzen eraginkortasun politikoa ez galtzea komeni da. Adibidez, aldebakartasuna eta Espainiako hauteskundeetara ez aurkeztea binomiorik koherenteena dela dioen ideia entzun izan dugu han eta hemen azkenaldi honetan. Berez, klasiko bat da. Bi horien –euskal herritar gisa aritzea eta abstentzioa– erlazio zuzen-zuzena eginez halako egia borobil bat osatzea akaso ez da egokiena, betiere aurrera egiteko bidea sustatzen den edo ez izan behar baita kontuan hartu beharreko neurgailu nagusia. Izan ere, politikaz ari gara, ez filosofiaz, edo ez nagusiki, bederen.
Koherentzia izan da CUPen posizioaz gehien aipatu den ezaugarrietako bat. CUP miresten dutenek horrela nabarmendu dute, halaxe merezi duelako. Asteek aurrera egin ahala, baina, beste fenomeno berezi bat sortu da: oso bestelako posizioetatik –adibidez, oso-oso independentista ez diren kazetari eta hedabide batzuk– hasi dira koherentzia hori nabarmentzen, kasik goraipatzen. David Fernandezek prozesua –beti inperfektua izango den prozesua– ez kateatzeko proposamena egin du, Mas presidente bihurtuko lukeena. Koherentzia galdu du? Ez, derrigorrean, koherentziaren puntu gorena estrategia independentistari arnasa ematea baita. Orain arte asmatu ote duten edo afera gehiegi korapilatu ote den; CUPek Fernandezen proposamena onartuz gero prozesua berrindartuko ote den edo hauteskundeetara joan beharko ote den... Eztabaida asko daude, baina hemen ere egin beharreko ibilbidearen mesedetan aztertu beharko dituzte.
Kataluniako aferak badu gainera, hauteskunde garai honetan, dimentsio berezi bat. Hain zuzen, Estatu mailako erregimenaren gutxieneko aldaketaren aukera urruntzen den neurrian, haustura demokratikoak estaturik gabeko herrietatik etorri beharko du. David Fernandezek hainbeste badaki proposamen hori egiterakoan. Eta Euskal Herrian? Euskal independentistek ere bertatik bertara prozesu bat egituratzeari ekin beharko liokete, burujabetzaren aldeko oinarri soziala zabaltzeko tarteko helmugak eta eskaintzak egiteko gai izanik.
Presoen gaia ere asko berotu da aste honetan, halako azpijoko itsusiak plazaratu direnean. Ez luke horrek oraintxe nagusi izan behar eremu honetan, aurrera egiteko estrategian asmatzean baitago kontua, nola eta norantz egin, prozesu politikoaren (askapen prozesua, iraultzaileen hizketan) baitan. •

