Piratak altxorraren bila
Atzo zortzi Kolonbiako presidente Santosek “San Jose” galeoiaren aurkikuntzaren berri eman du. 10.000 milioi euroko altxorra sabelean zuela 1708an Indiatako ibilian ingeles kortsarioek hondoratu zuten galeoia. Eta, hara ze kasualitatea, espainiar Koroarentzat Usurbilgo Mapil ontziolan izan zen eraikia hamar urte lehenago. Itsasoan nola ontzigintzan ere euskaldunen eskarmentu eta ospea munduan zehar aitortua zen adierazgarri.
Espainiar, ingeles eta frantziar inperioen mendeetako diru iturri nagusiak Indiako ibilian egin arpilatzeak izan dira. Baina, aberastasun gose aseezina zutenez, bata besteen arteko lapurretak etengabe ematen ziren. Ondorioz, ezpataz eta odolez lapurtutako era guztietako altxorrak iristen ziren, baita Euskal Herrira ere.
Ez dago ohorerik ordea garaiko itsasontzirik aitzindariena eraikitzean, inperio bihozgabeenaren esku Amerikak egiteko tresna ezinbesteko bilakatzen denean; are gutxiago zure herriarekin gauza bera egin duenarentzat denean.
Ezaguna da Usurbilgo elizaren dorre dotorea eraikitzeko Etxebeste jaunak indianoen odolez zipriztindutako urrez beteriko kutxak bidali zituela. Antzera, nago gure inguruetan adibideak ez direla faltako… Eta ez, ez da atsegina hori onartzea, baina hori da gure historiaren parte baten egia.
«Espainiar hauek jota daude!». Ez al da negargarria Espainiako Kultura Ministerioak «espainiar ondare» delakoan “San Jose” galeoiaren altxorra erreklamatu izana? XVI. mendetik aurrera ezpataz arpilatutakoa XXI.ean legeztatu? Espainiar Estatuak bere ardura hartu izana ez al da froga argia Hagako Auzitegiak epai dezan egin arpilatze eta sarraskiengatik?
Nago baina, justiziarik izango bada lege zaharrera jo beharko dugula: lapurrari lapurtzea libre…
Bada, Usurbilgo Udalak pirata ontzi bat bidal dezala berreskuratzera bai altxorra indiano txiroentzat eta bai ontzia bera ere herriarentzat, ondare kultural paregabea baita bere horretan. •

Kalekantoi taldea: 1615eko euskal baleazaleen kontuak eta kantuak Islandian

1936ko abuztuan, atzerriko ehunka boluntario iritsi ziren Gipuzkoara faxismoari kontra egitera
