Madriletik mundura
Erakunde arrotzetan parte hartzeak estatu egitura eta ordenua legitimatzen dituela dioenik badago. Baina teoria-soka horretatik sobera tiratuz gero, arrazoi berdintsuak aurkituko genituzke gainontzeko instituzio eremu guztietan. Udaletxeetatik hasi, parlamentu autonomikoekin jarraitu eta Europako Parlamenturaino. Borroka instituzionala ez da eta ezin daiteke izan borroka eremu bakarra, baina, zalantzarik gabe, borroka instituzionalak badu bere garrantzia. Instituzioak norberak dituen helburu politikoen mesedetan erabil daitezke, baita Espainiako Kongresua eta Senatua bera ere. Badira, abstentzioaren alde egon gabe, instituzio horietan lor daitekeenari garrantzia kendu eta hauteskunde egunean etxean geratzea nahiago dutenak. Zertarako bozkatu? Ez da ezer aldatuko, finean Madrilen betikoek agintzen jarraituko dute. Azken lau urteotan EH Bilduk Madrilen lorturiko eserlekuen ondorioz Estatuan, Herrialde Katalanetan, Galizian, Euskal Herrian bertan, Europan eta munduko txoko askotan egindakoak dira bozkatzera joateko arrazoi nagusiak. Ez da gutxi lau urteotan egindakoa, eta datozen lau urteetan ere eremu horietan guztietan ahalik eta indar handienarekin eragiten jarraitzeko guztion botoa ezinbestekoa da.
Irlandako mugimendu errepublikanoak bere helburu politikoen mesedetan erabiltzen ditu Westminsterren dituen eserlekuak. Gutako askoren memorian dago 1981eko apirilean Bobby Sands gose greban zela Westminsterrerako hautatua izan zenekoa. Sinn Feineko diputatuak Erresuma Batuan eragiten eta Irlandako konponbide prozesua zein uhartearen batasun prozesua bera ere bururaino eramaten saiatzen dira, baita Westminsterretik ere.
Nazio askapenerako mugimendu kurduak Turkiako hauteskundeetan ere parte hartzen du, eta instituzioak bere askapen mugimenduaren mesedetan erabiltzen ditu. Leyla Zana Turkiako parlamentuko lehen emakume diputatu kurdua bilakatu zen 1991n, eta bere lehen hitzartzean debekatua zegoen kurduera erabili zuen. 1994an kide zituen beste lau diputaturekin batera atxilotu zuten eta hamar urte eman zituen kartzelan. Leylaren diputatu akta munduan Kurdistango egoeraren berri zabaltzeko erabilia izan zen. Kartzelan eman zituen urteak ez zitzaizkien Turkiako agintariei doan atera. Leyla ez zen inolaz ere preso sartzen zuten lehen emakume kurdua, baina, aldiz, diputatu izatea lortu zuen lehen emakume kurdua zen. Diputatu aktak eman zion oihartzuna bere egoerari, eta bere kontrako injustiziak kurduen borroka lau haizetara zabaltzen lagundu zuen.
Tamilland, Eskozia, Gales edo Flandriako alderdi abertzaleek ez dute Sri Lanka, Erresuma Batua edota Belgikaren menpe jarraitzeko inolako asmo eta gogorik, baina estatu horietako erakundeak ere euren lan eta borroka eremu bilakatu dituzte. Zalantzarik ez daukat ikuspegi internazionalista batetik ere garrantzitsuak direla biharko hauteskundeetako emaitzak. Euskal delegazioak Euskal Herriko egoera politikoaren berri ematera Irlandara, Bruselara, Kolonbiara, Uruguaira, Suediara edo munduko beste edozein txokotara doazenean mota guztietako elkartasuna jasotzen dute. Instituzionala ere bai. Presoen egoeraren berri eman da Europako Parlamentuan, Westminsterren edota Finlandia, Italia, Argentina eta beste toki askotako parlamentuetan ere. Nork eramango ditu guk geuk baino hobeto Euskal Herriko beharrak Espainiako Parlamentu eta Senatura? Eta nork zabalduko dizkie Espainiako Parlamentu eta Senatuko ateak guk geuk baino hobeto kide kurdu, saharar, irlandar, kolonbiar, kubatarrei?
Aurrera begira ditugun erronkak handiak dira, eta Madrilen lortuko ditugun eserlekuak gu guztion ahotsa Madrilera, etsaiaren bihotzera eramateko ez ezik, Estatura eta nazioartera eramateko oso baliogarriak izango dira, Europako Kontseilura, Nazio Batuetara eta entzun nahi gaituzten eta entzun nahi ez gaituzten txoko guztietara. •

