INDARKERIA MATXISTAK BESTE SEI EMAKUMEREN HERIOTZA ERAGIN DU

Zoritxarrez, urteari errepaso egiten dion GAUR8

honetan beste behin indarkeria matxistaren biktimei tartetxoa eskaini beharrean gaude. Aurtengoan, Euskal Herrian sei emakumek galdu dute bizia eta makina bat izan dira indarkeria sexista euren azalean sufritu dutenak. Uda sasoian jaiz jantzitako kaleak bilakatu ziren indarkeria molde honen testigu, bai eta gero eta oihartzun handiagoa duten protesta ekitaldien agertoki ere. Gertatu zitekeenari aurre hartu nahian jai batzorde edota eragile hainbatek jai eremuan emakumeen aurkako indarkeria eragozteko protokoloak onartu zituzten jaien atarian. Onartu eta abian jarri. Ez zen nahikoa izan eraso hainbat saihesteko, baina bai herritarren kontzientzian eragin eta salaketa kalera eramateko. Ondoko irudian, Iruñeko Udaletxe plaza jendez gainezka ageri da. Jendetza ez dago txupina noiz botako; hark abiatutako jaiak eten eta eraso bat ozen salatzeko baizik.