Mikel Ibargoien
Entrevue
Antia Fernandez
Boleibol jokalaria

«Tristea da 2016an ni izatea modu ofizialean kirol olinpiko batean lehiatu den lehen transexuala»

Estatu espainolean kirol olinpiko batean debuta egin duen lehen pertsona transexuala bilakatu zen joan den urtarrilaren 24an Antia Fernandez, nahiz eta artean operaturik egon ez. Coruñako Calasancias taldearekin Galiziako Boleibol Ligako Bigarren Mailan jokatu zuen estreinakoz, eta, partida galdu egin zuen arren, egun hori historiako orrietan idatzita geratuko da bere esanahiagatik.

Antia Fernandez
Antia Fernandez

Antia Fernandez galiziarra Estatu espainiarrean kirol olinpiko batean lehiatu den lehen transexuala da joan den urtarrilaren 24az geroztik. Coruñako Calasancias boleibol taldea bidelagun izan du bere ametsa errealitate bihurtzeko, eta esker oneko hitzak besterik ez ditu bertako arduradunentzat. Integrazioa eta errespetua ardatz izanda, hasieratik onartu zuten eskola erlijioso batekin loturiko talde bat izanagatik, eta jarrera eredugarria erakutsi dute.

Amets hori bete aurretik, ordea, aurreiritziz eta oztopoz beteriko bide malkartsua gainditu behar izan du. Etengabe igeri egin behar izan du olatuen aurka. Eskolan klasekideen irainak jasan behar izan zituen, eta, ondorioz, baztertua sentitu zen. Hori gutxi ez, eta etxekoak ere ez zituen lagun izan. Haiek ere ez baitzuten ulertu emakume jaio zela. Gerora ere itsasoak oldartuta jarraitu du bere kontra eta egoera gordinak pairatu ditu. Kirolean ez ezik, lana bilatzeko edo etxe bat alokatzeko orduan ere ageriko trabak topatu ditu transexuala izateagatik.

Egun mordoa negarrez igaroagatik Antiak ez du amore eman, borrokan jarraitu du, eta, azkenean, lortu du itsasertzera iristea, eta neurri batean itsasoa baretzea. Halere, itsasoa behin betiko baretzeko gizarteak aldaketa sakon bat behar duela badaki. Horretarako pausoak ematen jarraitzen den bitartean, berak eginiko bidea antzeko egoeran dauden pertsonentzat baliagarria izatea espero du behinik behin.

Kirol olinpiar batean ofizialki debuta egin duen Estatuko lehen pertsona transexuala izan zara. Beste horma bat apurtu duzu.

Hala da. Nik ez nuen helburu horrekin eman pausoa, nik nire ametsa bete nahi nuen, ez besterik, baina historiako liburuetan modu horretan idatzita geratuko da.

Nola sentitu zinen debuteko partidan?

Albisteak zeresan ikaragarria eragin zuen hedabideetan, partidaren aurreko egunetan elkarrizketa mordoa egin nituen; ni ez nago ohituta, eta horrek kontzentrazioa mantentzea zailtzen du. Coruñako udal ordezkari eta agintariak ere partida ikustera joan ziren eta horren guztiaren eraginez egoerak gainezka egin zidan; oso urduri nengoen, baina, era berean, pozik ere bai. Oso une berezia izan zen niretzat.

Debuteko partida ezin izan zenuten irabazi, baina egun hartan emaitza gutxienekoa zen.

Emaitza ez zen albiste izan inondik ere, bigarren mailan geratu zen. Garrantzitsuena bai klubak bai taldekideek ere arazorik gabe onartu nautela da, hori da benetako garaipena.

Espero zenuen zure kasuak horrelako oihartzuna izatea?

Ezustean harrapatu nau. Nire kasuari buruz hitz egin duten nazioarteko web orri desberdinen estekak iritsi zaizkit, hala nola, Perukoak, Txilekoak, Mexikokoak edota AEBetako Los Angeles hirikoak. Lagunak ditut herrialde horietan eta albisteak bertan ere oihartzuna izan duela komentatu didate. Estatu espainiarrean ere hedabide ugaritan agertu naiz.

Zer esanahi du emandako pauso honek zuretzat?

Zelaira ateratzean neskatila sentitu nintzen berriro, bere ametsa betetzerik izan ez zuen neskatila hori, hain zuzen. Beraz, atzerapen nabarmenarekin baina gauzatu dut nire ametsa. Halaber, balio izan du ateak irekitzeko gizartean integratzeko arazo mordoa izaten dituen kolektibo bati. Lan merkatuan eta kirolean emakume izate hutsak oztopo ugari dakartza ikusgarritasun eta berdintasun maila berbera lortzeko, eta zer esanik ez transexuala bazara.

Ametsa orain gauzatu duzu, baina aurretik beste saiakeraren bat egina zenuen arren, ez zen posible izan.

Apirilean nortasun agiria lortu nuenean hasi nintzen saiatzen. Lehenik, Coruñako udal eskoletan, baina, kurtsoa amaitzen ari zenez, hurrengo urtera arte itxaroteko eskatu zidaten. Hala, udara amaitu arte nire kabuz entrenatzen aritu nintzen, eta, ostean, berriro joan nintzen izena ematera. Baina zalantzak sortu zizkidaten erantzunak jaso nituen. Ez nuen argi ikusi ezetza jasotzearen benetako arrazoia arautegia bera edo haien ikuspegia zen.

Coruña bertako Calasancias taldeak, ordea, ez zizun oztoporik jarri.

Abenduan jarri nintzen harremanetan beraiekin. Taldeko kirol koordinatzailea den Luis Miguel Fernandezekin hitz egin nuen, eta, nire kasua azaldutan «noski baietz» esan zidan, «kontrakoak ez luke zentzurik». Kirola egin nahi banuen eta multzoan barneratu nahi banuen haiek niri laguntzeko prest zeudela esan zidan. Dena den, badaezpada Espainiako Boleibol Federaziora kontsulta igorri genuen, eta, nire nortasun agiria nahikoa zela esan zigutenez, aurrera egin genuen.

Kanpotik begiratuta benetan deigarria da beste talde batzuek bizkarra ematea, eta, aldiz, Calasanciasek horren jarrera ona erakustea. Izan ere, Calasancias eskola erlijioso batekin loturiko talde bat baita.

Nik ez nioke garrantzi handirik emango. Beraien oinarri nagusiak errespetua eta integrazioa dira, eta nire kasuan ere printzipio horiei jarraiki jokatu zuten aurreiritzi guztiak albo batera utzita.

Taldekideek ere harrera ona egin zizuten?

Primeran portatu ziren nirekin. Lehen unetik bi musu emanda aurkeztu ziren eta ahal zuten guztian lagundu zidaten. Gogoratzen naiz lehen entrenamendura belaunetako babesik gabe joan nintzela eta taldekide batek bereak oparitu zizkidala minik har ez nezan. Horrelako keinuak asko baloratzen ditut nik.

Orain buru-belarri zabiltza boleibolean, baina aurretik beste kirol batzuk ere egindakoa zara, ezta?

Ziklismoa, esaterako, duela urte batzuk utzi nuen gonarekin bizikletan ez nintzelako eroso sentitzen. Orain, sexu erreasignazio prozesua amaitzean kulota jantzi eta bizikletara igoko naiz berriro. Beste horrenbeste gertatu izan zait igeriketarekin, bainujantziarekin ez nintzen eroso sentitzen-eta. Asko gustatzen zait igeri egitea eta posible dudanean igerilekuetara itzuliko naiz.

Noiz jabetu zinen zu emakumea zarela?

Hasiera-hasieratik. Ni emakume jaio nintzen eta hala sentitu izan naiz beti. 5 urte nituenean, jada hitz egiten moldatzen nintzela eta izaera handia edukita, etxekoei esan nien nire izena aldatu nahi nuela, eta aurrerantzean Antia deitzea nahi nuela. Izan ere, aurretik nuen izena oso maskulinoa zen, eta psikologikoki niretzat gogorra zen jendea niregana izen hori esanez zuzentzea.

Nola erantzun zuten etxekoek?

Ez zuten ulertu, ezta onartu ere. Hasieratik esan zidaten ezin nuela Antia izena izan, hori nesken izen bat zelako, eta ni, aldiz, mutila nintzela. Nire familiarentzat aukera hori ez zen posible, nire planteamendua zentzugabea zen haientzat.

Ez dirudi jarrera hori oso lagungarria izango denik.

Nik sekula ez dut izan etxekoen babesa. Are gehiago, iritsi zen momentu bat ikusi nuena ezin nuela horrela jarraitu eta erabaki nuena bazela garaia gizartearen aurrean ni benetan nintzen bezala azaltzeko, emakume bezala, alegia. Pauso hori ematea erabaki nuenean etxetik alde egiteko esan zidaten.

Gogorra izango zen.

Funtsezkoa da emakumea zarela esaten duzunean zure familiak hori entzutea, onartzea eta babesa ematea. Tamalez, ez zen nire kasua izan.

Beraz, esan daiteke oraindik gizarteko sektore batzuek inposatu egin nahi dutela pertsona bakoitzak zer eta nor izan behar duen?

Ni horretaz jabetu nintzen ikusi nuenean zenbait kirol arautegik oso muturreko informe iraingarriak aurkezteko eskatzen zutela. Beste aukera medikuez osaturiko epaimahai baten aurrera joatea zen, non kanpoko norbaitek biologikoki eta bisualki aztertzen zintuen bere iritziaren arabera nor zinen epaitzeko. Beraz, argi dago oraindik bide luzea dagoela egiteke.

Gurasoek ez zintuzten onartu eta ez dakit klasekideek zer-nolako jarrera izango zuten zurekin eskolan.

Txantxak, bromak eta irainak etengabe jasaten nituen. Ondorioz, ni ez nintzen klasean integratuta sentitzen. Nerabezaroko lehen urteetan, esaterako, matxito gisa mutilen artean hankarteko erregeari buruz hitz egiten hasten zirenean, etengabe konparazioak eginez, soberan nengoela konturatzen nintzen. Behin txantxetan esan nien: «Begira, zentimetro faltan baldin bazaudete, nik emango dizkizuet nire denak, sustraitik puntaraino». Broma zen, baina nik barruan mina sentitzen nuen, ikusten nuelako ez zutela ulertzen adierazi nahi nuena, ez nintzela beste mutil bat, eta, beraz, ez nuela kabida haien artean. Aldageletan ere deseroso sentitzen nintzen, lekuz kanpo nengoen eta hori zama handiegia zen niretzat. Beste horrenbeste gertatzen zitzaidan nire klasekideak leiho atzetik neskak zelatatzera joten zirenean ere. Haiekin joaten nintzen beti, baina nire asmoa zen zarataren bat egitea neskak ohartarazteko. Inkontzienteki feminista izaten hasi nintzela uste dut. Beste neskak babesten saiatzen nintzen, haien pribatutasuna defendatu nahi nuen.

Nerabezaroa etapa zaila izaten da berez. Zure kasuan are eta konplikatuagoa, ezta?

Gogoratzen naiz besazpietan eta hanketan ilea irteten hasi bezain pronto depilatzen hasi nintzela, eta hori izan zen etxean gaizki ikusi ez zuten gauza bakanetako bat. Hortaz, nire gainerako ahizpak bezala normaltasunez depilatzen nintzen.

Sexuarekin ere gaizki pasa nuen. Etxean oso jarrera itxia zuten, baita nire ahizpekin ere. Sekula ez genuen gaia jorratzen eta hilekoaren gaineko azalpenik ere ez genuen jaso.

Noiz erabaki zenuen gizartearen begietara zaren bezala agertzea, ezkutatu gabe?

14-16 urterekin emakume jarrera erakusten nuen, baina gizon maritxu baten moduan ikusten ninduten. Hori izan nintzen ni urte askoan jendearentzat, gizon maritxu bat. Hori aldatzeko nik basektomia egin nahi nuen. 18 urte bete bezain pronto joan nintzen medikuarengana eskaera egitera, baina etengabe ukatu zidaten aukera hori, 2013an, azkenik, itxaron zerrendan sartu ninduten arte.

Pauso horiek ematean urte askotan pilaturiko karga ere arinduko zitzaizun.

Transexualengan bada ohiko sentimendu bat, disforia izenekoa, norberarekiko, gorputzarekiko edota organismoaren funtzioekiko gorrotoa eragiten duena, garunak esaten digunaren kontrakoa ikusten dugulako. Soinekoa jantzi, kalera atera eta niri buruari buruz emakume gisa hitz egiten hasi nintzenean erabateko poztasuna sentitu nuen, irribarrez nengoen une oro. Jendeak barre egiten zidan bizar pixka bat nuela, azazkalak margotzen nituela... ikusita, baina niri berdin zitzaidan. Nire zoriontasuna edozeren gainetik zegoen. Nire buruari esaten nion inork ez ninduela gehiago zangotrabatuko.

Nolako komentarioak egiten zizkizuten?

Denetariko astakeriak entzuten nituen: liburu bat beteko nuke entzun ditudan komentario desatsegin guztiekin! Autobusean behin «zer egiten du trabesti batek orduotan kalean» esan zidan gidariak. Beste gidari batek nortasun agiria eskatu zidan ni nintzela baieztatzeko, eta, behin egiaztapenak eginda, «zergatik mozorrotzen zara horrela?» esan zidan. Egoera askoz gogorragoa da nortasun agiria aldatu aurretik. Izan ere, zu gonarekin eta makilatuta irteten zara kalera, eta leihatila publiko batean dagoenak agiria eskatu ostean lankideari «gizon honi kasu egin behar diot» esaten diola entzutea oso gogorra da. Zu esfortzu handia egiten ari zara zure benetako nortasuna erakusteko, eta ikusten duzu ez duela ezertarako balio.

Nola definituko zenuke gaur egun horrelako jokaerak oraindik ere presente egotea?

Tristea da. Eta tristea da ere 2016an ni izatea modu ofizialean kirol olinpiko batean lehiatu den lehen transexuala, baina hori da daukaguna. Tristea da ere homosexualek pairatu behar dutena sexu bereko pertsonekin harremanak izateagatik. Nik uste dut badela garaia bakoitzak nahi duen bezala eta libreki bizitzeko aukera izateko.

Alboratua sentitu zara?

Autobusean gertatu izan zait nire ondoan lekua egotea eta gurasoren batek bere umeari nire alboan esertzeko baimenik ez ematea, barrenean haurrari edozer gauza egiteko gai naizela pentsatzen ariko balitz bezala. Orduan pentsatzen duzu agian zuk altxa beharko duzula umea lasai eser dadin. Jada nortasun agiria aldatuta ere, erosketak egin eta berau eskatu ostean ere gizon moduan tratatu izan naute, nahiz eta bertan argi eta garbi jarri emakumea naizela. Halere, noski, dena ez da txarra izan. Hainbat proiektutan onartu izan naute: gobernuz kanpoko erakunde batean laguntzaile moduan, elkarte bateko ekintzaile gisa, mugimendu feminista bateko kide gisa...

Bizitzako beste alor batzuetan zailtasunak izan dituzu?

Lana bilatzeko orduan, adibidez. Ezagutzen dut jendea haien gertukoekin bilakaera prozesua hasi duena, baina, gero, aldaketa hori gizarte osora zabaltzeko beldurra dute, susmatzen baitute pauso hori emanez gero lana gal dezaketela.

Niri kasuan, ni langabezian nengoen aldaketa prozesuari ekin nionean, baina bilakaera horretan zehar izan ditut hainbat lan elkarrizketa eta egoera tamalgarriak bizitzea egokitu zait. Batek esan zidan ez zitzaiola batere serioa iruditzen lan elkarrizketa batera mozorrotuta joatea. Beste batek, ostera, oraindik nortasun agiri berria ez nuenez, argi utzi zidan hautatua izanez gero ere, inolaz ere ezingo nukeela joan lanera emakumez jantzita. Nik hori entzundakoan argi nuen hori ez zela niretzako leku aproposa, nire nortasunak eta duintasunak gaizki ordaindutako lan batek baino gehiago balio dute eta.

Behin nortasun agiri berria eskuratuta ere, gertatu izan zait elkarrizketaren batera joan eta elkarrizketatzailea haserre agertu izana esanez ea nola zen posible gonaz jantzitako marikoi bat bidali izana. Adibide horiek guztiek argi eta garbi islatzen dute zer-nolako zailtasunak ditugun transexualek lan munduan barneratzeko.

Horrek psikologikoki ere eragina izango du, ezta?

Bai, baina denborarekin barre egiten eta positiboa izaten ikasten duzu; ispiluan begiratzen zarenean zure buruari benetan ederra zarela esaten diozu. Ez dago besterik. Gizarteak normaltasunez ikusi eta onartu behar gaitu, gizarteak aldatu behar du. Baina horretarako borrokan jarraitu beharko dugu.

Ikastetxeetan pertsona transexualei bidea errazteko neurriak hartzen hasi dira.

Valentzian arau bat onartu dute ikasle guztiek haien nortasunarekin bat datorren izena izan dezaten, eta aldagelak eta komunak ere irizpide horren arabera erabil ditzaten. Bide hori txikitatik egitea funtsezkoa da bai pertsona transexualek bai gainerakoek ere egoera normaltasunez bizi dezaten.

Badirudi Nazioarteko Olinpiar Batzordeak egindako aldaketa medio, atleta transexualek aurrenekoz parte hartu ahal izango duzuela Olinpiar Jokoetan sexu aldaketa egiaztatuko lukeen ebakuntza egin beharrik izan gabe.

Beste pauso bat da, baina nik uste dut Olinpiar Jokoetan parte hartzen duten kirolari transexualek arazoak izaten jarraituko dutela. Izan ere, eliteko kirolaren mundua oso lehiakorra da, eta, sexu aldaketaren operazioa egin gabe parte hartzea posible izango denez, egoera horretan lehiatzen diren transexualek zeresan handia emango dute; egoera deserosoak jasan beharko dituztela iruditzen zait. Gainerakoek bidea samurragoa izango dute.

Zer mezu bidaliko zenieke zure antzeko egoeran daudenei?

Baikorra izan behar dela, borrokatu egin behar dela eta aurrera egin. Nik egun askotan egin dut negar, momentu askotan babesa falta izan zaidalako eta inork ulertzen ez ninduela sentitzen nuelako. Momentu horietan amore emateko tentazioa izan nuen, baina barrutik indarra atera eta jarraitzea erabaki nuen. Hori da egin behar dena. Nork bere nortasunari eutsi behar dio eta lortu behar da hori askoz modu naturalagoan eta normalagoan ikustea.