Ander Gortazar Balerdi- @derzu_uzala
Arkitektoa

«Perpetuum mobile?»

Garbera merkataritza guneari buruz idatzi nahi nuen aste honetan. Zehazki, Garbera handitzeko Donostiako Udalak hartu duen erabakiaz idatzi nahi nuen, baina gaiez aldatzea erabaki dut azken orduan. Hiriko merkataritza gune handiena are gehiago zabaltzea, irratian gertuko merkataritza sustatzeko kanpaina publikoak egiten dituzten bitartean, 3.000 karakterek adina balio duen kontraesana da –bidenabar, proiektua erakusketa publikoan izango da datozen bi asteotan–.

Ordainetan, dikotomia bati buruz arituko naiz, ustekabean eskuratu dudan “Sedentarismo nómada: el derecho a la movilidad y el derecho a la quietud” ikerketari tiraka. Dikotomia, beraz, bi terminoren artekoa: alde batetik, aski ezaguna den mugitzeko eskubidea, hau da, pertsona orok modu askean mugitzeko duen eskubidea; bestetik, gelditasun edo patxadarako eskubidea, alegia, gutxiago mugitzeko eskubidea, gure bizibeharrei kalterik egin gabe betiere.

Artikulu horretan, Eduardo Bericat egileak hiru mugikortasun mota aipatzen ditu: biologikoa, mekanikoa eta elektronikoa. Mugikortasun biologikoa giza organismoaren (edo animalia baten) mugitzeko ahalmenaren ondorio zuzena da. Gizakiak energia iturri mekanikoak bere nahieran kontrola ditzakeenean, orduan lortzen da mugikortasun mekanikoa –lurrun makina mugarri izan zen–. Eta elektronikoa, azkenik, materia mugimendu detektagarririk gabekoa da, egun Internetek irudikatzen duen mugikortasun birtuala nolabait.

Trenaren ondotik, autoa da mugikortasunean eragin handiena izan duen asmakizuna, mugitzeko eskubidea eta patxada eskubidea errotik eraldatu dituena. Bericatek paradoxa batekin azaltzen du. Dio, ikuspuntu ideal batetik, autoa urrun dagoenera gerturatzeko erreminta bat dela, baina, aldi berean, egiturazko ikuspuntu batetik, beste egoera batean gertu izango genukeen hori urrun egotearen eragile ere badela autoa. Alegia, autoak gure ingurunea eta lurraldea errotik aldatzeko gaitasuna izan duela, eta, mugitzeko ustezko askatasuna ematen badigu ere, praktikan mugitzeko derrigortasuna sustatzen duela, auto gidariei baina baita garraio publikoaren erabiltzaileei eta oinezkoei ere.

Bizitzak mugimendua behar du, ados, bizitzak gelditasuna, are patxada, behar duen modu berean. Perpetuum mobile, baina neurrian. Zenbat okertzen da pertsona baten bizi kalitatea, sistemak bere mugitzeko nahiei inposatzen dizkion muga edo murrizketen erruz? Eta zenbat okertzen da pertsona baten bizi kalitatea, mugitu beharra duenean bere nahiaren kontra?

Mugikortasun sistema mekaniko puru batek, non mugimendu nagusiak autoz, autobusez, trenez, hegazkinez edota motozikletaz egin behar diren, oinezkoaren eta txirrindulariaren mugikortasun biologikoa murrizten du, eta zaildu egiten ditu halaber pertsonaren neurrira egindako “lurralde-unibertso komunitarioak”.

Gatazka bat bada, beraz, mugitzeko eskubidea eta patxada eskubidearen artekoa. Bericatek lurralde egitura berri bat aldarrikatzen du, non pertsonok mugitzeko behar gutxiago izango dugun, baina, aldi berean, askatasun handiagoz mugitzeko aukera izango dugun. Lurralde egitura berri bat, Garbera zabaltzeak sinbolizatzen duen guztiaren kontrakoa. •