Iratxe Urizar

Europaz ari gara, lotsatuta

Immigrazioa eta immigrazio politikena gure arazoa ez balitz bezala tratatzen den gaia da. Urrunetik edo urrunekoa balitz bezala sumatzen dugu. Etorkinak, orokorrean, gure miseria propioen errudun egiten ditugu, europar politikarien diskurtsoetan gurea (“gurea” hori inoiz euren aldarrikapena izan ez den babes soziala izanik) lapurtzera datorren marabunta gisa agertzen dira, “des-gizakituz” pertsona horiek, imajinario katolikoan oso presente dagoen “Egiptoko hamar plagak” probokatzeko prest dagoen ezezagun talde kaotikoa.

Urrunetik bizi dugu ere Ameriketako Estatu Batuetako hauteskunde kanpainako gai zentraletako bat izaten ari den politika migratorioa. Martxoak 8aren testuinguruan, urteroko manifestaldi eta elkarretaratzeez harago, aurten asko eta asko izan dira antolatutako hitzaldi, eztabaida eta mintegiak. Etengabeko mugimenduan dagoela erakutsi du mugimendu feministak, modu transbertsalean askotan agenda politikoan ez dauden gaiak mahaigaineratuz. Basauriko Marienea aretoan ere, beste hainbat tokitan bezala, izan da ekimen oso interesgarri bat. Emigrazioa, errefuxiatuak eta emakumezkoak. Han ikasi genuen badagoela Ameriketako Estatu Batuetan sartzekotan diren emakumeek erabiltzen duten iraupen luzeko injekzio antisorgailua. Hiru hilabetez haurdun geratzea ekiditen du. Mexikotik muga pasatzeko denbora, hain justu. Horren ohikoa da, horren barneratuta dute bidaiaren ordaindu beharreko “bidaia-sari” ekidin ezinekoa bortxatua izatea izango dela, non gutxienez nahi ez duten haurdunaldia ekiditeko bidea jarri duten, izena ere baduena: “anti-Mexiko injekzioa” hain zuzen.

Baina ez da horren urrun joan beharrik ere. Sare sozialetan begirada azkar bat bota, edo bertaratutako kazetarien blogetan sartu eta hemen, etxean, gure Europan, une honetan gertatzen ari denaz jabe gaitezke. Ongizatearen espazio deitzen den gure Europa zaharrean milaka eta milaka pertsona egoera lazgarrian bizi dira une honetan. Schengen esparruan atrapaturik, mugitu ezinean teorian existitzen ez diren estatu arteko mugen artean. Etsituta ikusten dituzte merkantziaz beteriko trenak oztopo gabe alde batera eta bestera igarotzen beraiek lokatz artean mugitu ezinik lotuta daude bitartean; euripean egiten dute lo jaioberriek; jatekorik ez eta hotzez hiltzen ari dira hainbat. Mugek itxita jarraitzen duten bitartean, euren etorkizuna erabakitzeko erreferendumak egiten ari gara europarrok, Hungarian kasu: zenbat etorkin nahi ditudan, ze kuota eta ze preziotan. Gizakien –esperantzen finean– salerosketa. Mugak ixtearekin batera pertsonen trafikoan aritzen diren mafiek pozik egon behar dute, negozio ederra ikusiko dute-eta martxan jartzeko puntuan. Turkiara deportazio masiboa adosten ari dira egunotan; ez da giza eskubideak errespetatzen duen herrialde horietako bat, hain zuzen. Baina Grezian, Frantzian eta abar bizi direnen egoera ikusita, ez gara orain hasiko giza eskubideen errespetua bezalako txikikerien inguruan negoziatzen, ezta? Ez da Kobanen, ez da Sirian, ez da Iraken gertatzen. Europar agintariak azkar jarri ziren ados “gizarte zibila babesteko” urruneko hainbat herrialdetan egin beharreko bonbardaketen inguruan. Horretan erabilitako parte txiki-txiki batekin Idomani, Calais eta beste hamaika tokitako krisi humanitarioarekin bukatzeko nahikoa eta sobera legoke.

Eta, berriro ere, amesgaizto horretan bizitzea emakume edo neskatoa izanda. Hasi dira bortxaketa eta eraso sexualen salaketak ateratzen (betiere, errealitatearen isla minimoa). Berriro ere, egoera horietan, lazgarrienetan, oraindik eraso gehitu bat, inguruan dituzten gizonezkoen aldetik, bidean pasatzen dituzten herrialdeetako gizonezkoengandik. Berriro ere, Europaz ari gara. Mexikon bezala, hemen ere “Europaren kontrako injekzio” antisorgailua ematen hastea onartuko al dugu?

Manifestazio jendetsuak egin dira hiri ugaritan, herriaren elkartasunaren adierazgarri. Ekimen asko dira martxan maindire eta lehen mailako beharrak biltzeko. Baina ezin dugu ahaztu Europako instituzioak Europako ordezkariak direla, gizartearen ordezkariak. Ez da soilik instituzio horiek aldatzearen beharra inoiz baino urgenteagoa dela, gizartea bera aldatzeko lanean jarri behar gara urgentziaz; instituzioak aldatzeaz gain han eta hemen gertatzen direnak aldatu behar direlako. Urgentziaz. Europarra izateagatik lotsarik ez sentitzeko. •