Jose Angel Oria eta Asier Vera
LATINOAMERIKA

Hondurasko Estatuari leporatu dio familiak Bertha Caceresen erailketa

Herri mugimenduen aurkako indarrak gutxitan egin dutena egitera ausartu ziren hilaren 3an: Bertha Caceres ekintzailea hil zuten Hondurasen, 2015ean Goldman Ingurumen Saria jaso zuen emakumea, Gualcarque ibaiaren defenditzaile nekaezina eta lenka herriaren bururik ezagunena. Nazioartea ere astindu du berriak.

Guk borrokan jarraitu beste aukerarik ez dugu, urik gabe utzi nahi gaituzte-eta», esan zuen joan den igandean Maria Mercedes Gomez 61 urteko emakumeak, Bertha Caceres Copinh Hondurasko Indigena eta Herri Erakundeen Kontseiluko koordinatzailearekin batera protesta askotan esku hartu zuen ekintzaileak. Lenka etniako indigenek agindu zuten Caceresek abian jarritako lanarekin tinko jarraituko dutela, Gualcarque ibaia babesten segiko dutela, «berak konpainia hidroelektrikoei aurre egiteagatik bizitza eman du-eta».

Bertha Caceres ekintzailearen ingurukoek badakite zer gertatu den: Desa-Sinohydro konpainiak, herrialdean proiektu hidroelektriko bat abian jartzen ari denak, askotan egin zion mehatxu bere diruzalekeriari enbarazu egiten zion emakumeari, eta azkenean mehatxuak erailketa bihurtu ditu. «Pertsona batzuk atxilotu dituztela esan digute, baina ez dago guk nahi dugun erantzunik, ez digute argituko ez nor den egile intelektuala ez nork egin zion tiro, krimen honen arduraduna nor den jakiteko», adierazi zien kazetariei Olivia Zuñiga alabak.

Hondurasko Poliziak jakinarazi du hiru pertsona atxilotu dituela: Tomas Gomez, Copinh kontseiluaren jardueratan esku hartzen zuen adin txikiko bat eta Jose Ismael Lemus erasoa egin zen lekuko segurtasun zaindaria.

Caceresi tiro egin zioten momentuan Mexikoko Gustavo Castro ekintzailearekin zegoen, La Esperanza hirian. Otros Mundos Chiapas elkarteko zuzendaria bera ere zauritu egin zuten. Larunbatean aireportura joan zen, Mexikora itzultzeko asmoarekin, baina herrialdetik irtetea debekatu egin zioten, lekuko moduan deklaratu egin behar duelako. «Gustavo Castro erasoaren biktima dela gogorarazi beharrean gaude», adierazi zuen Otros Mundos elkarteak.

«Krimen politikoa»

Bertha Caceresen seme-alabek Juan Orlando Hernandez Hondurasko presidenteari leporatu diote «krimen politikoaren» ardura: «Hernandez presidentea, zera esan behar dizugu: Bertha Caceres hil dute, baina zure Gobernua hilzorian dago». Caceresen familiak, Estatuaren aurkako salaketa aurkezteaz gain, nazioarteko ikerketa egitea exijitzen du, bertako Justizia Administrazioaz ez baita fidatzen.

Presidenteak Zeid Ra’ad Al Hussein Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen goi-komisarioari eskatu dio ikerketan laguntzeko, agintariaren bulegoak jakinarazi duenez. Baina erabaki hori «propaganda» besterik ez da, Silvio Carrillo hildako ekintzailearen ilobak esan duenez: «NBEko erakunde hori ez dago espezializatuta tankerako ikerketetan».

Silvio Carrillok Mexikon desagerrarazi zituzten 43 ikasleen inguruko ikerketa ekartzen du gogora bere izebaren kasuan egin beharko litzatekeena azaltzeko. Berak nazioarteko aditu independenteak nahi ditu kasuan, ez baita batere fidatzen agintariek egingo dutenaz. Gauza bera eskatu dute Amnesty International eta gobernuz kanpoko beste hainbat erakundek.

Ez da harritzekoa Tegucigalpako agintariek gai honetan inolako sinesgarritasunik ez izatea. Global Witness gobernuz kanpoko erakundeak iaz egin zuen txostenaren arabera, Honduras ingurumenaren aldeko ekintzaile gehien hiltzen dituzten herrialdea da: 111 hildako 2002tik 2014ra.

«Ez daukagu horiek egingo duten ikerketaz fidatzerik –esan zuen Olivia Zuñiga alabak–. Nire amak geldiarazi nahi zuen urtegia egiteko baimenak eta kontzesioak funtzionario horiexek eman zituzten».

Konplize ugari

Edonola ere, Silvio Carrillo ilobak dio Bertha Caceresen aurkako erasoaren arduradun bakarrak ez direla Desa-Sinohydro konpainiako jabeak: «Hondurasko ia gauza guztiak hamar-hamabost familien artean banatzen dira eta horietako bat da Desaren jabe. Beraz, ardura horiei leporatzerik badago, baina arazoaren zati bat baino ez dira, hedabideak, enpresetako elitea eta aginte egitura ere konplize dira-eta».

Silvio Carrillo AEBetan bizi da, Kaliforniako Oakland hirian. Izeba hil zutela jakin zuenean etxekoekin hitz egin zuen, baina, Hondurasera joan beharrean, Washingtonera joatea erabaki zuen, «Bertitaren mezua eramatera». Astelehenaz geroztik makina bat bilera egin ditu AEBetako Estatu Departamentuan, senatarien bulegoetan, Amerikako Estatuen Erakundearen idazkaritzan... Horiei guztiei esan die Tegucigalpako ikerlariek egin duten lana ez dela ontzat emateko modukoa.

Nazioarteko omenaldia

Joan den larunbatean ehortzi zuten Bertha Caceres La Esperanza jaioterrian. Milaka lagun elkartu ziren ekintzaileari azken agurra egiteko. Brasileko, AEBetako, Suitzako, Mexikoko eta beste herrialde ugaritako ekintzaileak ere bertaratu ziren, lenka herriaren burua oso ezaguna baitzen Hondurasetik kanpo ere. Manuel Zelaya Hondurasko presidente ohia (estatu kolpe batek kendu zuen kargutik 2009an) ere joan zen Caceresen amaren etxera, hildakoaren gaubeilara.

Jatorriko herri bateko kide izanda, lenka herriko alaba izanik, horrenbesteko oihartzuna izatera iristea ez da erraz ulertzen, Bertha Caceresekin berarekin egon ez bazara behintzat. Maria Mercedes Gomezek, esaterako, mobilizazio eta jarduera askotan esku hartu zuen Caceresekin batera. Gomezen esplikazioen arabera, Caceresek Santa Barbara departamentuko Agua Zarca komunitateko herritarrei lagundu zien beren burua antolatzen, urtegiak egiteko proiektuei aurre egiteko. Hasiera bateko protestak Txinako konpainia baten aurkakoak izan ziren. Alemaniatik eta Munduko Bankutik ere iritsi zen orduan dirua, eskualdea garatuko omen zuen proiektua aurrera ateratzeko. Baina herritarren kontrako jarrerarekin egin zuten topo eta atzera egin beharrean izan ziren. Harritzekoa bada ere, proiektuaren aldekoek onartu behar izan zuten herritarren presioak eragin zuela beraien jarrera aldaketa.

GARA egunkarian joan den ostegunean Mugarik Gabe erakundeko Jesus Gonzalezek azaldu zuenez, BBC telebista kate britainiarrak berak ere nabarmendu zuen Bertha Caceresek «Txinari eta Munduko Bankuari amore emanarazi ziela».

700 familia, zutik

Baina ondoren Desa (Desarrollos Eléctricos Sociedad Anónima) sortu zuten, Hondurasko kapitalarekin, eta ibaiek mehatxupean jarraitu zuten. Gomezek azaltzen duenez, ibaia desbideratzeko traktoreak erabili dituzte Desakoek, «eta guk protestaldiekin jarraitu beharra daukagu, gure artean antolatu eta ibaia defenditzera joan», nahiz eta Caceres hil duten.

Bere kalkuluen arabera, 700en bat familiek bat egin dute protestarekin. Ondoan duen Francisca Garciak (39 urte) eransten du hala ere herritar batzuk konpainiaren alde daudela. Maria Mercedes Gomezek esplikatu du zergatik: «Beraien lurra saldu egin zioten konpainiari, edo konpainiaren dirua jaso zuten. Orain militarrekin, poliziekin eta enpresak zein Gobernuak bidalitako zaindariekin bat egiten dute».

Gatazka giro hori 2009ko ekainaren 28ko estatu kolpeak areagotu zuen. Lurra eta baliabide naturalak defenditzen dituzten ekintzaileen egoera larriagotu egin zen, Porfirio Loboren eskuineko Gobernuak (kolpisten gustukoa) konpainia handien interesekin bat egiten zuen bitartean. Lobo agintera iritsi bezain pronto, 47 kontzesio hidroelektriko eman zituen legedia kontuan hartu gabe. Izan ere, Hondurasek onartuta daukan nazioarteko hitzarmenaren arabera, jatorrizko herriei galdetu egin behar zaie ea onartzen duten beren lurretan jarduera ekonomiko jakin bat kokatzea, eta lenka herriari ez diote ezer galdetu. Gainera, estatu kolpearen ondoren beste lege iskanbilatsu bat onartu zen herrialdean: Gobernuak ibaiak saltzeko aukera du arau berriaren arabera.

Segurtasun eza eta ustelkeria

Lege aldaketok eta kolpisten Gobernuaren jarrerak ahalbidetu zuten Hondurasko egoera ikaragarri gaiztotzea. Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak herrialdea bisitatu ondoren esan berri du giza eskubideen egoera larria dela. Erika Guevara eledunaren hitzetan, gaur egungo krisia areagotzen dute «segurtasun ezak eta ustelkeriak».

Porfirio Lobo Gobernura iritsi zenetik, Cofadeh Hondurasko Atxilotu Desagerrarazien Senideen Batzordeak egin dituen kalkuluen arabera, legedia giza eskubideen aldeko ekintzaileen aurka 3.064 aldiz erabili da behar ez bezala. Kaltetuenak ingurumenaren eta lurraren aldeko ekintzaileak dira, jazarpena sistematikoa jasan behar izaten baitute. Aipatu elkarteak eransten du pertsona horien bizitza arriskuan dagoela, sindikatuetako buruak ere kriminalizatuta daudela eta segurtasun indarrek etengabe kontrolatzen dituztela, Global Witness nazioarteko erakundeak bere azken txostenean salatu zuenez.

Inpunitatea da Hondurasko egoera negargarriaren ezaugarrietako bat. Herritarren Esku Hartzearen Aldeko Elkarteak salatu du Hondurasen izaten diren erailketen eta ekintzaileen giza eskubideen aurkako bortxaketen %90 argitu gabe geratzen direla. Zentzu horretan, Bajo Aguan izeneko eskualdea da eremurik okerrena. 2010etik 2013ra konpainia handien eta horien segurtasun pribatuko indarren aurka ari ziren 82 nekazari hil zituzten. Meatzaritzak ere protesta eta istilu ugari eragiten ditu Hondurasen. Azken urteotan gutxienez lau ekintzaile hil dituzte. Gauza bera, neurri txikiagoan bada ere, Erdialdeko Amerikako beste herrietan ere gertatzen da. Egile batzuek idatzi dute «Latinoamerikaren bigarren konkistaren aurrean gaudela», baina oraingoan konpainia multinazionalak dira konkistatzaile modernoak, eta krimen antolatua haien morroi. Eta estatu ustela horiei laguntzeko dago.

Jatorrizko herriekin batera, egoeraren biktima izaten dira komunitate beltzak eta nekazariak. Konpainia handiek agintariak usteltzen dituzte (maila guztietakoak), eta komunitate horietako buruek aurre egiten dietenean, kartzelara sartzen dituzte, hiltzen ez dituztenean.

 

Langileen eskubideak eta Txinako enpresa publikoa

Sinohydro konpainia Pekinen eratu zuten 1950ean. Mundu osoko ingeniaritza konpainien artean 14. postuan zegoen 2012an. Sinohydrok aurrera ateratako proiektuen artean ageri da Hiru Arroiletako presa, planeta osoan egin den proiektu hidroelektrikorik handiena. Argindarra sortzeko ahalmen handiena duen ur indarretxea da, 22.500 gigawatt sortzeko gai baita (Txinako energia beharren %9). Peruko San Jose izeneko proiektu hidroelektrikoa ere Txinako konpainiaren esku geratu da, baina bertako langileek sekulako arazoak izan dituzte beren lan baldintzak hobetu zitzaten. Hiru aldiz agindu die Sinohydrok gauzak hobetuko zituela, baina kosta egiten zaio agindutakoa betetzea.

 

«Ukiezin bihurtuta zegoen eta Hondurasko presidente izatera iritsiko zen»

Hondurasen ez dago ez demokraziarik ez zuzenbide estaturik, Caceresen aurkako erasoak agerian utzi duenez. Manuel Zelaya presidentea estatu kolpe baten bitartez kendu zuten kargutik 2009an eta geroztik herrialdea indarkeria sailkapen guztietan goiko postuetan ageri da. Lenka herriko alaba bera litzateke egoera horretatik irteteko itxaropen nagusia, Silvio Carrillo ilobaren ustez: «Bertita gauza handiren bat egiteko jaio zen. Honduras hobetzeko prozesua abian jartzera zihoan. Azkenean bagenuen Hondurasen lotsatzen ez gintuen buruzagia, miresteko modukoa. Beste inor ez zen iritsi Hondurasen bera iritsi zen puntura eta uste dut horregatik pentsatuko zutela hiltzaileek bere bizitzari amaiera eman beharrean zeudela, bestela ezin zuten geldiarazi-eta. Ukiezin bihurtuta zegoen eta horregatik hil dute». Carrillo Bertha Caceresen iloba zen arren, arreba nagusi moduan ikusten zuen izeba: «Hondurasko presidente izatera iritsiko zen. Rigoberta Menchu Guatemalarentzat 1990eko hamarkadan izan zen neurrikoa edo garrantzia handiagokoa zen Hondurasentzat Bertita». Iaz “Nobel Berdea” eman ziotenean, galdetu zitzaion ea golardoak bere segurtasuna babesten lagunduko ote zuen: «Gobernua ingurumenaren eta lurraren aldeko ekintzaileen erailketak ohiko indarkeriarekin lotzen saiatzen ari da, baina herri eta giza mugimendu guztien borroka kriminalizatzea helburu duen politika baten aurrean gaude. Multinazionalen proiektuen hedapenak, gizartean gatazkak eragiteaz gain, giza eskubideen bortxaketa larriak ere ekartzen ditu. Baita erailketak ere. Nahiago nuke oker egongo banintz, baina uste dut borrokalarien aurkako jazarpenak gora egingo duela, behera egin beharrean». Buruargitasun tragikoa.

 

Ekintzaileen kriminalizazioaren nazioarteko salaketa

Bertha Caceresen aurkako erasoa gertatu zen unean nazioarteko makina bat parlamentari, sindikalista, kazetari, ekintzaile, irakasle eta idazle Guatemalan giza eskubideen aldeko ekintzaileek jasaten dituzten kriminalizazio prozesuak salatzen ari ziren. Mugarik Gabe erakundearen agiri batek esplikatzen duenez, Rigoberto Juarez eta Domingo Baltazarrek ia urtebete egin dute dagoeneko preso prebentibo moduan, eta iaz adierazpen askatasunaren aurkako eraso larri bat salatu zuten (Francisca Gomez irakaslea auzipetu zuten zementu konpainia baten inguruko iritzi artikulu bat idazteagatik). Orain, berriz, Daniel Pascual Hernandez CUC Nekazarien Batasuneko Batzordeko koordinatzailea da multinazionalen konplizeen biktima. FCT Terrorismoaren Aurkako Fundazioko presidenteak (zenbat gustatzen zaien “terrorismo” hitza aberatsenen bazter guztietako lagunei!) gizartean gatazkak eragitea leporatu zion Pascuali, eta ondoren CUCekoak eraso bat jasan zuen. Daniel Pascualek orduan egin zituen adierazpenen harira, FCTko buruak salaketa aurkeztu zuen epaitegian. Beraz, erasoa jasan duena dago epaileei esplikazioak eman beharrean. «Kasu horrek garbi adierazten du, Guatemalako jatorrizko herriek eta giza erakundeek salatu moduan, justizia ez dela guztientzat berdina, bakarra, eta herrialde horretan indigenak beti susmagarriak direla, beraiei errugabetasun presuntzioa ez zaiela aplikatzen», Mugarik Gabekoen hitzetan.

Pascualek berak Erdialdeko Amerikako ekintzaileek jasaten duten errepresioak gora egin duela salatu zuen Caceresen heriotzaren berri izatean, azken urteotan ehunka lagun hil baitituzte herrialde horietan. Bere ustez, Caceresen aurkako erasoa ekintzaileei bidalitako mezu zuzena da. Gobernuaren «erantzukizuna» nabarmendu zuen, Caceresen segurtasuna bermatzeko gauza izan ez zelako. «AEBek ere badute erantzukizunik», erantsi du. Washingtonek aliantza bat osatu du Guatemala, El Salvador eta Hondurasekin narkotrafikoa ahuldu eta migratzaile kopurua murrizteko, eta 750 milioi dolar ipini ditu. «Ez dute nahi duten hori lortuko, giza eskubideen garapena bermatu gabe», adierazi du Pascualek berak.