Zikinak sentiaraztearen negozioa
Pasa den astean, Manresako udalbatzak, CUP alderdiaren proposamenaren inguruan eztabaidatu zuen: hiriko gaztetxoen artean tanpoi eta konpresen erabileraren inguruan hausnartzea eta beste modu ekonomiko, osasungarri eta jasangarriagoen alde egitea. Esate baterako, hileroko kopak, telazko konpresak, eta abar. Horretarako, Manresako ikastetxeetan ikastaroak eskaintzeko asmoa aurkeztu zuten tresna hauen erabilera azaltzeko. Bide batez, CUPek udalbatzan planteatu zuen ikastaro hauek erakunde publikoen eskuetan egon beharko liratekeela, eta ez enpresa pribatuen eskuetan; tanpoiak eta konpresak saltzen dizkiguten eskuetatik askatzea, hain zuzen ere.
Berria prentsan jaso zenean ondorengoa bezalako titularrak irakurri ahal izan genituen: “Manresako udalbatzak behingoz kontu politikoak alde batera utziko ditu emakumeen hilerokoari buruz eztabaidatzeko”. Ez nago ados, gure hilerokoa gai politikoa izan daiteke, emakumearen gorputzaren kontrolaren inguruan mugitzen den guztia politika den bezala. Eta gai politikoa da gure ekonomian eta ingurugiroan zeresana daukan gaia delako. Are gehiago, politikoa da kolokan jartzen duelako sekulako indarra duen negozioa: emakumearen higienearen inguruan mugitzen dena, edo, euren publizitatean saltzen duten ereduaren arabera, gure zikinkeria ezkutatzen laguntzen digun negozioa.
Argi dago batzuen arabera gure hilerokoa zerbait txarra eta ezkutatu beharrekoa dela, eta inolaz ere udalbatza batean eztabaida merezi duen gaia. Eta ez bakarrik hilerokoa, ikusi al duzue noizbait depilazio iragarki bat? Gure gizartean emakumearen ilea dagokion lekutik kanpo horren gaizki antzematen da iragarki hauetan ilerik gabeko emakumeak agertzen direla euren ileak kentzen! Ahaztu gabe tanpoiak eta konpresak urdinez margotzen dituztela gure odola irudikatzeko! «¿A qué huelen las nuves?». Barregarria izanen litzateke guregan daukan zama eta bidaltzen digun mezua alde batera utziko bagenu; gure gorputza zikina dela eta horregatik gure zikinkeria ezkutatu behar dugula. Hileroko kopa eta telazko konpresen kontra entzun ditudan kritiken artean, hain zuzen ere, metodo oso zikinak direla. Argudio hauek emakumeen artean entzun ditut ere, beraz, mezua arrakastatsua izan dela esan dezakegu. Azken finean, mendeetan zehar eman diguten mezua da: gizonari bekatua ekartzeagatik Evaren bidez jaso genuen zigorra dela. Horren ondorioz erditzean mina dugu eta hilabetean behin odola isurtzen dugu. Beraz, gure odola gure jatorrizko bekatuaren seinalea denez ezkutatu eta garbitu beharreko kontua da. Eskerrak konpresak eta tanpoiak ditugula gure bekatua estaltzeko, ezta?
Baina zer gertatuko litzateke emakumeok mezu ezkor hauetatik guztietatik askatuko bagina? Ba hasteko, ziur libre eta zoriontsuago sentituko ginela. Baina hau nire uste bat baino ez da, ziurra dena da negozioa amaituko litzatekeela! Esaten nuen hasieran CUPek proposatzen duen bidea politika egitea dela, negozioa kolokan jartzen duelako. Azken finean, belar denda batean kopa baten kostea gutxi gorabehera 25 eurokoa den bitartean eta urte askotarako erabil dezakegun bitartean, tanpoi kutxa batek 5 euro inguru balio ditu. Ahaztu gabe emakumezkoen produktu hauek luxuzko BEZa jasaten dutela. Gizonezkoen oinarrizko produktua izanen balitz ziur nago BEZa ez litzatekeela luxuzkoa izanen.
Baina, hori guztia alde batera utziz, pentsa zer gertatuko litzatekeen emakume gehienok horrelako metodoetara joko bagenu. Dirua zertan eta nola gastatu iraultza martxan jartzeko modu bat ere izan daiteke. •


