Mikel Zubimendi

Ireki zuloa, mapari erliebea eman, bildu cromlechera

Rosa Luxemburg handiari aspaldi irakurri nion iraultza dela gerra mota bakarra non garaipena soilik porrot sorta luze baten bidez eskura daitekeen. Izatez, iraultza gerra mota bat ez ezik bizitzeko modu bat ere badela esango nuke, baina tira. Kontua garaipena lortzeko zenbat porrot falta zaizkigun kalkulatzea da, beharrezkoak diren porrotak eta erremediorik gabeak identifikatzen jakitea. Edo, beste hitz batzuekin esanda, lortzen diren garaipenen balorea aitortzea, etekina ateratzen jakitea. Izan ere, hain azeleratuak diren garai historiko hauetan, hainbeste hondamendi, erorketa eta gertakari hilgarri aurkezten dituen zalaparta apokaliptiko honetan, aurrerabide kolektiboa ulertzea eta aitortzea ez da ez batere ariketa erraza. Erosoago baikaude zentzu tragikoa azpimarratzen, pasio baxuenak xaxatzen, marmar betean gozo.

Iruditzen zait ez dakigula herri bezala lortzen ditugun aurrerapausoak baloratzen. Txikikeriei, bigarren mailako kontraesanei, garaipena lortzeko ezinbesteko ditugun porrotei edo nahitaez hartu beharreko hainbat erabakik eragindako minei jaramon handiagoa egiten diegula. Hori, adibidez, Ipar Euskal Herriko elkargo bakarra lortzeko martxan den prozesuarekin egiten da ikusgarri. Lortutakoa ez da ospatzen, ez zaio balorerik aitortzen, duen garrantzi eta potentzialtasuna apenas ageri da plaza publikoan. Eta niretzat, larreostiakoa da Iparraldeko anai-arrebak lortzen ari direna. Handia, benetan oso handia. Ez da berri on soila, gure herriaren desegituraketarekin jarraitzea baino hobea den aurrerapausoa da. Ados, ez dut nik Ipar Euskal Herria barnebilduko duen egitura hori sobera goretsiko, ez ditut nik dituen arriskuak gutxietsiko. Baina, aizue, natural poztu eta sekulako lorpena dela esaterik badagoenez, esan dezagun ba beldurrik gabe! Izan ere, 230 urte eta gero, gure nazioaren mapari erliebea ematen ari gara, noiz eta garai nahasi hauetan. Gure herriaren ikusgarritasuna, zentraltasun distiratsua, lortzeko bidea eraikitzen ari gara. Hainbeste euskaldunek lepoan zintzilik eraman duten mapa, bihotzean balazo garden bat balitz moduan zizelkatuta, mundua begiratzeko leiho hartuta eta munduan gure lekua aurkitzeko kabi eginda eraikitzen ari gara. Bai, Euskal Herriko mapa erliebe osoa ari da hartzen. Ezberdintasunak ezberdintasun, Lizarra-Garazin Udalbiltza edo prozesu eratzaile hartako ganbera legegileekin lortu nahi zen hori, orain ari da gauzatzen, gure sudur puntan eta begi bistan, euskaldun guztion zorionerako.

Maparena handia, zinez oso handia den lorpena da euskaldunontzat. Gure profeta Oteizak bere hitzekin esango lukeen bezala, gure cromlecha berreskuratzearen parekoa, gure mairu-baratza geureganatzea da, herri bezala armatzeko dugun gure zulo metafisikoa irekitzea. Izan ere, euskaldunok ugaztun garen heinean, gure komunitatearen premia dugu, handi-mandien mundu petral honen tiraniatik, erlamek legez, gure txikitasunarentzat ihes-planak errutea. Eta gutariko asko ez bezala, seguru Oteiza, dagoen tokian dagoela, gure mapak hartu erliebearekin pozarren sentituko dela. Horixe baietz!

Gu gara garena, hori da identitatea. Niretzat, kontu sentzilloa da, alegia, zerekin identifikatzen garen. Besteak halakoak, ba gu holakoak. Sinbolikoki eta imajinazio mailan besteekiko harreman horretan mamitzen da gure identitatea. Batzuek diotenez krisian omen dugu euskal identitatea. Normala ere bada, bizilegezkoa, identitatea aldakorra eta eraldatzailea baita, krisia baitu aurrerabide. Krisia da identitatearen existentziaren portaera normala, are iraultza digital honetan, non denbora eta espazio mailako errotikako aldaketekin batera, oraindik ere, mitoak edo marka irudiak agintzen duen.

Independentzia gehiagorako abertzaletasun gutxiago behar dela dioen tesi filosofikoaz beste batean jardungo dugu. Bitartean, eutsi garen horri! Hori dugulako aterpe, gotorleku, gutxietsi behar ez den balore seguru. Eutsi horri eta segi aurrera, tonua hartzen eta txisparekin. •