Xabier Izaga Gonzalez
SAGASTIAK LORETAN

Euskal udaberria galaz janzten deneko ospakizuna, Sagardoaren Lurraldean

Ez da «hanami» japoniarra; bai, ordea, haren pareko ikuskizuna. Eta euskal kulturan leku nabarmena betetzen duen sagardoaren prozesuaren hasiera. Sagardoaren Lurraldea sagastien loratzea ospatzen ari da aurten ere, hamaika ekitaldi antolatuta, betiere sagardoaren kultura sustatu eta haren berri zabaltzeko xedez.

Euskal udaberria galaz janzten da maiatzean, ohiko berde sorta zabalaz gainera zuri kolorea nabarmendu eta ikuskizun ederra osatuta: sagastien loraldia. Atzeratuxe iritsi omen da aurten, baina azken asteotan bere osoan ageri da sagarrondoen ikuskizun paregabea. Pixka bat atzeratu dela sagardo ekoizleek esan dute, eta hala behar du izan, beraiek iragartzen baitute urtero loraldia.

Japonian hanami (“loreak ikusi”) esaten dioten gereziondoen loraldia bezala, Euskal Herrian sagastien loraldia ospatu izan da azken urteotan, Japoniako ohitura horrek iradokita. Hala egin dute aurten ere Sagardoaren Lurraldean, ekitaldiz betetako egitaraua osatuta, naturaren ikuskizun aparta hori gozatzeko eta sagardoaren ekoizpen prozesua burutik burura, polinizaziotik botilatzera arte, ezagutzeko aukera eskaintzeko.

Sagardoaren Lurraldea Astigarraga, Hernani eta Usurbilgo udalek osatzen dute, herri sagardogilerik ezagun eta garrantzitsuenek, alegia, eta hainbat sagardotegi eta kultur taldek. Haren xedea Euskal Herriko sagardoaren kulturaren inguruko guztiaren berri zabaltzea da, baita kultura horrekin zerikusia duten esperientziak sustatzea ere. Hartarako Sagardun partzuergo publiko-pribatua sortu zuten, turismoaren bidez Euskal Herriko sagardoaren kultura ezagutarazi eta sustatzen duena.

Urtean zehar antolatzen dituen ekimenez gain, Astigarragan kokatutako Sagardoetxea, Euskal Sagardoaren Museoa, kudeatzen du Sagardunek. «Azken urteotan ahalegin berezia egiten ari gara sagardoaren kulturarekin lotutako turismo-esperientziak eskaini eta sustatzeko. Eskaintza honen ardatza txotx denboraldia da eta, honen baitan, sagardotegiko menuaz gozatzeko esperientzia gastronomikoa. Baina Sagardoaren Lurraldean beste gauza asko dugu eskaintzeko», diote arduradunek, datu bat gehituta: sagardoaren kulturari lotutako jarduerak turismo erakargarri handienetakoa dira Gipuzkoan.

Izan ere, sagardoaren kultura ez da txotx denboraldira mugatzen, are gutxiago leku itxi batera, sagardotegira. Denboraldi horrek eta gune horiek eskaintzen duten gozamenaren atzean prozesu oso bat dago, eta hori bertatik bertara jarraitzea jakingarria ez ezik, zentzumenen atseginerako ezin aproposagoa ere bada.

Sagardoetxea, «bihotza»

Esan bezala, jarduera ugari antolatzen ditu Sagardoaren Lurraldeak, udaberrian garrantzitsuenak, hala nola Sagardoetxea museoko bisitak. Astigarragan dagoen museoa da «esperientzia hauen guztien bihotza». Bertan polinizazio prozesua azaltzen dute egunotan, eta beste hainbat ekimen ere antolatzen dituzte: Santiagomendiko Sagardo Bidea, sagardoaren dastatze didaktikoak, haurrentzako ekintzak, tren berdearen ibilbidea, Hernaniko alde zaharrera bisita gidatuak eta erakusketak; azkena, Usurbilen “Sagardo ibaiak, bizitza iturri” izenekoa, joan den igandean ospatu zuten Usurbilgo Sagardo Eguna arte zabalik egon zena. Joan den 18an, berriz, Museoen Nazioarteko Eguna zela eta, “Erleen bizitza ezagutuz” bisita gidatu berezia egin zuten.

Bestetik, joko bat abiatu dute sare sozialetan, Sagardoaren Lurraldea bisitatzen duten guztiek parte hartzeko modukoa. #jatorrizkobekatua traola erabiliz, Sagardoaren Lurraldean egindako argazkia igo dezakete Facebook, Twitter edo Instagramera, eta parte hartzaileen artean bi lagunentzako sagardotegiko otordua zozketatuko dute. Bitxia ematen du zozketaren izenak, baina lurrarekiko atxikimenduaren, harrotasunaren seinale baino ez da: «Jatorrizko bekatuaren fruitua sagarra bada, Sagardoaren Lurraldean dago paradisua».

Gaur, larunbata, museoko sagastian jai giroa izango da nagusi. Musika, dantza eta antzerkia uztartuko dituen ikuskizuna prestatu dute, paradisua ez baita aspergarria.