Unai Fernandez de Betoño - @UnaiFdB
Arkitektoa

Paisaia eta euskara

Denok erabili dugu inoiz paisaia hitza. «A zer paisaia polita» moduko esaldien bidez aurrean dugunaren ederra goresten dugu, gehienetan konturatu gabe norbaitek (nekazariak, abeltzainak, basozainak…) hura hala mantentzen duela, eta, ondorioz, paisaiaz hitz egiten dugunean, azken finean, lurraldearen antolakuntzaz ari garela. Paisaia lurraldeaz (landaz, hiriaz, aldiriaz…) dugun pertzepzioa baita.

Pertzepzioa bisuala da bereziki, baina ez bakarrik. Hautemate subjektibo baten emaitza den heinean, paisaia usaimenaren eta entzumenaren bidez ere osatu daiteke. Atzerrira bidaiatzen dugunean, esaterako, bertako ondare natural eta arkitektoniko bereziaz disfrutatzeaz gain, hango hizkuntzaren musikaltasuna ere gozatzen dugu, tokiko nortasunaren eta identitatearen parte garrantzitsua delakoan. Neurri batean, hizkuntza paisaiaren zatitzat jo daiteke, hortaz. Eta, euskara, horrenbestez, Euskal Herriko paisaiaren zati.

Paisaia ez denez argazki finko baten emaitza, ordea, hura babestu, antolatu eta kudeatu beharra dago. Lurraldeaz sorrarazten dugun pertzepzioa geure ekintzen arabera aldatuko delako, zentzu batean edo bestean. Adibidez, zaila izango da baserriz eta larre berdez osatutako paisaia bisuala mantentzea lehen sektorea eraginkorki bultzatu gabe. Eta nekez eutsiko diogu euskarak eratutako entzumenezko paisaiari haren hiztunen habitata modu iraunkorrean babestu eta sustatu gabe.

EAEko 90/2014 Paisaia Dekretuaren zazpigarren helburua da «paisaiari balioa ematea, gizartearen kulturaren proiekzio gisa, eta, ondorioz, haren identitatearen adierazpen gisa». Horregatik, une honetan Eusko Jaurlaritza lantzen ari den Donostialdeko paisaia-katalogoa abagune polita litzateke euskararen osagaia paisaiaren arkitektura juridikoan ere txertatzen hasteko. Eskualdean (munduan euskaldun gehien biltzen dituen bigarrena) euskararen zazpi arnasgune geografiko garbi daudelako gutxienez: Astigarraga, Hondarribia, Lezo, Oiartzun, Urnieta eta Usurbil. Eta euskararen enpresa mordo baten egoitza delako, euskalgintzaren Silicon Valley moduko bat osatuz.

Euskarak area funtzional horretako paisaia-interes bereziko eremu bereizgarri bat osatzen du, fisikoa zein immateriala, bai mehatxatuta dagoelako bai eta hauskorra bezain adierazgarria delako ere. Horrenbestez, euskal lurgune bereziok babesteko, antolatzeko eta kudeatzeko araubide espezifikoa beharko litzateke, hirigintza-plan ororen eragin linguistikoa aldez aurretik ebaluatuz (2/2016 Udal Lege berriari jarraikiz), eta paisaia-kalitateko helburu argi batzuk zehaztuz: euskara-gaitasunari eustea, erabilera-datuak nabarmen hobetzea, euskal hiztunen dentsitate eta trinkotasun minimo bat ziurtatzea, euskalgintzako enpresak babestea…

Hirigile batek esan du ikuspegi berri hauekin (euskara, parte-hartzea, generoa…) konplexuegi bihurtzen ari dela haien lana. Zer egingo diogu, bada: hiria eta landa biltzen dituen lurraldea konplexua da, eta hura (ondo) antolatzea, gauza zaila. •