«Mansplaining»
Orain dela aste batzuk sorginaren irudiaren inguruko hitzaldi bat eman nuen, emakume idealaren eredutik aldentzeagatik jazarritako zigor eta marjinazioari buruz hitz egin nuen. Hitzaldi amaieran lehenengo ilaran eserita zegoen gizon batek hartu zuen hitza. Nire esperientzian oinarrituta, ia beti horrela izaten da, nahiz eta gizonezkoak publikoan gutxiengoa izan, gehiengoetan hitza hartzen duen lehenengoa gizona da. Eroso sentitzen dira, eremu publikoa gizonena den seinale. Emakumeren batek hitza hartzen duenean berriz, ia beti «esan behar dudana agian tontakeria bat da» edo «ez nago oso ziur baina» batekin hasten da. Irentsitako segurtasun faltaren isla, ia hitz egiteko eskubiderik ez bagenu bezala eta, eremu pribatuan edo zaintzan ez bezala, ez dagokigun eremua okupatzeagatik barkamena eskatu beharko bagenu bezala.
Gizon honek berriz hitz egiterakoan ez zuen segurtasun faltarik transmititzen, are gutxiago, lasai asko eta oso doinu jator batekin, niretzat nahiko paternalista egia esateko, azaldu zidan oso oker nengoela. Berak behin Nafarroako Artxibo Orokorrean bere herriko sorgin baten kontrako auzi bat irakurri zuelako eta nik esaten nuena ez zelako %100ean betetzen. Mansplaining bat markatu zen momentu horretan. Ingelesetik hartutako neologismo bat da: man (gizona) eta explain (azaldu). Honela definitu daiteke: «zerbait norbaiti azaldu, normalean gizonak emakumeari, besteak ezer ez baleki bezala edota azalpena entzuten duenak azalpena ematen duenak baino gehiago dakiela kontuan hartu gabe».
Egoera hau behin baino gehiagotan bizi izan dudanez, arnasa hartu nuen eta batu ahal izan nuen lasaitasun guztiarekin saiatu nintzaion azaltzen kasu bakar batek ezin duela orokortasuna azaldu eta fenomeno bat ulertzeko, kasu honetan sorginkeriaren ehiza Historian, auzi guztiak aztertu behar ditugula eta orduan ondorioztatu. Hau da, historialari batek egiten duen lana. Hau da, ni Historian doktorea eta gaian aditua naizen aldetik, auzi bakar batek ematen dizun jakintzatik “zertxobait” haratago nagoen ikertzailea izanik, banuela gai honetan berak ematen zidan autoritatea baino gehiago.
Baina azkenekoa ez nion esan, txikitan esan zidatelako besteek baino gehiago nekiela agerian uztea gaizki zegoela, ez nuela mutil-lagunik aurkituko “mari-jakintsu” bat izanda. Eta kontua da berriro ere nire burua gainesfortzu bat egiten aurkitu nuela. Adin erdiko gizona banintz ziur nago horrelako azalpenak ez nituela eman beharko, nire hitzek legitimitatea izanen luketelako.
Ba hauxe bera sentitzen dut hauteskunde kanpaina honetan hautagaiek, gizonezkoak ia %100ean, berdintasunari buruz hitz egiten dutenean. Egia esateko ez dut hau askotan sentitzen, horrek esan nahiko lukeelako berdintasunaren gaiak kanpainan protagonismoa duela. Minutu bat eta berrogeita hamar segundo hain zuzen ere telebistak emandako Espainiako lau alderdi nagusien eztabaidan, besterik gabe. Minutu bat eta berrogeita hamar segundo doinu serio –niretzat berriro ere doinu paternalista ordea– batekin azaltzeko emakumeen kontrako indarkeria gizarte osoaren gaitz jasanezina dela. Ezta segundo bat ere gure gizartean bizi dugun gizonen eta emakumeen arteko desorekak gainditzeko proposatzen dituzten (proposatzen dituztenean) neurriei buruz hitz egiteko. Abantaila bakar bat ikusten diot honi, behintzat gai honetan mansplaining gutxi jasan behar ditugula. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
