Birfundazioaren astinaldia
Agur bero bat GAUR8ko irakurleei. Datozen garaiotan hilabetean behineko nire gogoetak ekarriko ditut orriotara. Aukera horixe eskaini didate eta gustura ekin diot erronkari. Lagun batek sarri aipatzen du azken urteetan asko esan eta idatzi dela bizi dugun garaiari buruz. Aurrerabideak asmatu nahian dihardugula, helduleku bila, proposamen (zahar-)berriak (birr)aztertuz. Ez du arrazoirik falta, azken urteotan oparoa izaten ari baita produkzio intelektuala eremu desberdinetan; dela akademian, nola mugimendu sozialetan, antolakunde politikoetan... Etapa historikoak agortu eta berriak jaiotzeke direneko garai nahasietan legez, bilaketa lanean dihardu euskal inteligentzia kolektiboak. GAUR8k eskaini didan talaia hau probestuz nire ekarpentxoa egiten saiatuko naiz. Balio beza eztabaida sano eta eraikitzailea sustatzeko.
Azken hauteskundeen emaitzen garraztasunak autokonplazientzia kutsua eman diezaioke jarraian esango dudanari, baina uste dut inoiz baino beharrezkoagoa dugula arnas luzeko begirada. Mao Zedong-ek behiala jaurti zituen hitzak datozkit gogora: «Kaosa itzela da zerupean, egoera bikaina da beraz». Egia da krisiak (aldaketa garaiak) aukerak ez ezik mehatxuak ere biderkatzen dituela. Baina egia da neurri berean, krisi garaian, hau da, finkoak izan diren egia borobilak zalantzan direnean, soilik sor daitezkeela aldaketa erradikalak gauzatzeko aukerak. Izan ere, izan al da azken 50 urteetan hegoaldeko euskal lurraldeetan prozesu independentista bat garatzeko baldintza objektibo hoberik? Ezetz esango nuke.
Prozesu independentista gauzatzeko baldintzak
Saia gaitezen prospekzio lanetan, betiere zuhurtziaz:
1. Azken hauteskundeek urdin biziz koloreztatu dute Espainia. Arnaldo Otegiren belodromoko hitz profetikoen oihartzuna: «Ez dago Espainia demokratizatzeko baldintza estrukturalik». Kataluniaren eta krisi politiko eta territorial sakona bizi duen Espainiaren arteko talka ekidin ezina izango da datozen urteetan.
2. Brexit-ak lehendik ezbaian zegoen Europar Batasuna astindu du, eskuin muturreko nazionalismo xenofoboa hauspotuz, baina, baita, paradoxikoki, prozesu soberanista aurrerakoiei bide berriak zabalduz (Eskozia, Ipar Irlanda).
3. Zantzu sistemiko argiak dituen krisi ekonomikoak areagotu egingo ditu prekarizazio prozesuak datozen urteetan. Erresilientzia komunitarioa gako izango da testuinguru horretan, kohesio sozial eta kultural handiko komunitateek baldintza hobeak izango baitituzte etorkizun ziurgabeari erantzuteko. Burujabetzaren aldarria lehen lerroan.
4. Espainian ez bezala, Euskal Herrian bada indar harreman nahikorik aldaketa politiko eta soziala egikaritzen hasteko, burujabetza maila gorenak eskuratzeko prozesua abiarazteko.
Horiexek aldeko baldintzak. Baina segidan konstatazio gordin bat: azken hauteskundeek nabarmen adierazi dute Euskal Herrian zein Katalunian gehiengo zabalek aldaketa politiko eta soziala nahi dutela; baina, hein berean erakutsi digute, euskal herritarrek aldaketa hori marko espainolean saiatzeko hautua egiten dutela. Gaur-gaurkoz ez dago aldaketarako marko propiorik artikulatuta Euskal Herrian, ez behar besteko indarrez behintzat, euskal herritarrek ez baitiote sinesgarritasun edo konfiantza nahikorik aitortzen. Baldintza objektiboak inoizko onenak direnean martxan jarri ezinik aurkitzen gara. Eta horrek frustrazio sentimendua sortzen du ezkerreko independentisten, abertzaleen eta euskaltzaleen artean.
Ezker abertzaleak Abian eztabaida prozesua bukatu berri du, zortzi hilabete luzeko hausnarketa eta eztabaida prozesua. Abianek azken urteetako ibilbidearen errepaso kritikoa egin, ikuspegi estrategikoak findu eta mandatu bat jarri du mahai gainean: birfundazioa. Esango nuke zuzendu beharreko bektore asko dagoela ezker abertzalearen egungo praktika politikoan, baina, oro har, nahikoa argipen estrategiko badagoela impasse egoera hau hautsi eta bideari ekiteko. Zuhurtzia kalkulatu batez esaten dut honako hau, baina nago arestian aipatu azken urteetako produkzio intelektual kolektiboak sinergia-aukera paregabeak eskaintzen dituela, jarraitu beharreko bideak argiztatuz.
Beraz, zeri erantzun behar dio birfundazioak? Nire uste apalean, Sortuk abiatuko duen birfundazioa, prozesu endogamiko bat izatetik urrun, herrigintzan diharduen ezker abertzaleko oinarri militante zabala piztuko duen prozesua izan behar da, datozen hilabeteetako gertakari politikoekin eta euskal jendartearekin dialektikan garatu beharko dena. Birfundazioak praktika politiko bat izan behar du, barne prozesu bat izatetik askoz haratago; eta etorkizun hurbileko erronka politikoei erantzun behar die, ez inolaz eztabaida-molde hiperideologizatuetan aritu. Ezker abertzalearen birfundazioak, finean, bere proiektu politiko historikoa (inoiz baino gaurkotasun handiagoa duena), eta baden mugimendua, garai berrietara ekartzeko saiakera behar du izan, Euskal Herria aurkitzen den impasse egoera honetan astinaldi bat, akontezimendu bat, eta etorkizun hurbilean Euskal Errepublikari ateak irekiko dizkion prozesu politikoaren akuilu.
Gaur, Gasteizko Europa jauregian lehen mugarria. •



