Iratxe Urizar

Gris, marroi, urdin, berde eta gorriak

Eusko Jaurlaritzak, Paco Etxeberria eta bere taldearen eskutik, torturaren inguruko ikerketa aurkeztu berri du Donostian antolatutako nazioarteko konferentzia batean. Bertan, zigilu ofiziala jaso dute, teknikoki eta zientifikoki ezarria, 1960 eta 2013 bitartean 4.000 euskal herritar baino gehiagok sufritutako tortura salaketek. Zenbaki beldurgarria, populazioaren portzentaje handi batek pairatutakoa izanik, beste aldera maiz begiratu duen gizarte omen demokratiko batean.

Aurkezpenerako jardunaldietan Elisabeth Lira txiletar soziologoak hartu zuen parte. Vallech batzordean egon zen lanean Lira, Txileko diktaduraren garaian emandako tortura kasuak biltzen dituen lan mardula eginez. Bere hitzetan, torturak intzestuaren antza dauka. Familiak ezin du intzestua onartu familia ulertzen den moduan existitzen ez dela onartzea litzatekeelako, eta gizarteak ere torturaren existentzia bera ukatzen du, onarpena gizartea eta horren baloreak amildegira botatzea bezalakoa litzatekeelako. Baina ez onartzeak ezinezko egiten die torturaren biktimei beren bizitza berregiteko aukera. Gainera, beharrezko oinarri legal eta kulturalak (adi erabilitako terminoari) ezartzea ezinbestekoa da tortura planteatzea bera ere ezinezko bihurtu eta berriro gertatuko ez dela bermatzeko.

Hitza hartu zutenen artean Jorge Aldekoa polizia burua ere egon zen. Aurkeztutako txostenean Ertzaintzaren 300 kasu jasotzen dira (eta kontuan hartu ikerketaren denbora esparrua: Ertzaintza denbora epe mugatu batean baino ezin da agertu, atxiloketa inkomunikatuak egiteko eskumenik ez zuen lehenago-eta). Kasu ugari dira 300, kasu isolatuak izatetik urruti. Bada, Aldekoak giza eskubideen abangoardian dagoen gorputz polizial gisa deskribatu zuen Ertzaintza, eta nazioarteko erakundeek maiz zoriondu izan dutela esan zuen. Publikoaren artean Juan Mendez Nazio Batuetako Torturaren Aurkako esatariak adi entzuten zuen, eta benetan interesgarria litzateke jakitea zer pentsatzen ari zen. Izan ere, berak ondo daki zer-nolakoak ziren urtero-urtero bere bulegoan jasotzen zituen Ertzaintzak atxilotutakoen testigantzak. Eta jakin badaki ere nola salaketok ez diren ikertu, erantzuleak inoiz ez diren epaitu, biktimak inoiz ez diren aitortu. Litekeena da Mendezek buruan izatea Orkatz Gallastegiren kasua, Ertzaintzak atxilotu eta egun 26 urteko espetxe zigorra betetzen ari dena, horretarako bere autoinkulpazioa beste oinarririk ez bada ere. Orkatzen kasua CAT Nazio Batuetako Torturaren Aurkako Batzordeak salatu zuen, baina horrek ez zuen kasua berriz irekitzea suposatu.

1999tik 716 lagunek egin dituzte tortura salaketak

Aurkeztutako ikerketak jasotzen dituen salaketak 1960 eta 2013 bitartekoak dira, eta Espainiako Poliziaren, Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren aurkako salaketak biltzen ditu. CATek Orkatzen kasua onartzeak ez du esan nahi hori izan zenik Ertzaintzaren aurkako lehenengo salaketa, torturak Estrasburgoko Auzitegiak bere lehenengo epaia eman zuenean hasi ez ziren moduan.

Gaur egun prestatzen ari den “Errepresio ilizitoen” inguruko lege proiektuak 1999. urtera bitarte jasotako salaketak baino ez ditu aztertuko. TATen arabera, 1999. urtetik gaur egunera 716 pertsona dira torturak salatu dituztenak. Hortaz, eta epe hori ezarrita soilik, 716 pertsona kolpean errekonozimendu gabe geratuko dira. Ez du ematen, beraz, errekonozimenduaren bidean pausu egokia denik. Izan daiteke, agian, data horren ostean aitortzen diren biktimen kasuetan torturen preskripzioa oraindik eman ez delako eta euren kasuak berrirekiak eta berrepaituak izan litezkeelako eta, beraz, benetako neurri efektiboak hartzeko bidea irekiko litzatekeelako erantzuleak bilatu eta epaitzeko? •