Modako jokoak lehen lerrora ekarri duen errealitate areagotuak baditu mila aurpegi
Errealitate objektiboa eta errealitate birtuala. Pokemonak gure hirietako bazterretan. Pokemon birtualak benetako bazterretan, alegia. Azken asteotan modan jarritako Nintendoren jokoak lehen lerrora ekarri du errealitate areagotua. Adituak pozik daude, jolasteko ez ezik pertsonen bizitza hobetzeko erabil daitekeelako.

Edozein ordutan eta gutxien esperotako tokian, banaka edo taldean, norbait ikus dezakezu smartphonea eskuan eta haren pantailari begira-begira, besterik ikusten ez duela, pokemon bila. Nintendok duela hilabete batzuk kaleratutako mugikorrerako jolas interaktiboa da Pokemon Go! deiturikoa –duela aste batzuk iritsi da Euskal Herrira–, doakoa da, errealitate areagotua du oinarri eta bazterrak aztoratu ditu.
Euskal Encounterraren baitan aritu da CreativiTIC enpresako sortzaile Jorge Lopez Benito Nintendoren jolasaren boomaz eta, nagusiki, errealitate areagotuak egingo duen ekarpenaz. «Pokemon Go! jokoaren arrakastak hainbat urtetan garatuz joan den teknologiari bultzada eman dio, baina etorkizun hurbilean hezkuntza, marketina edo osasuna bezalako arloetan nabarituko ditugu errealitate areagotuaren aurrerapenak», nabarmendu du adituak. Nintendori eta Googleri eskerrak eman dizkie, «munduari errealitate areagotuaren begiak ireki dizkietelako», baina garbi dauka berrikuntza horiek beste alor batzuetara zabaltzeko ordua dela. «Orain une egokia da berrikuntza horiek Euskal Encounter bezalako tokietatik atera eta jendarteratzeko», esan du.
Pokemon aplikazioak edo Google Glass-ek proiektu asko errealitate bihurtzen lagun dezaketela uste du adituak, teknologia horiek smartphoneetan zabaltzen lagundu dutelako. «Telefono mugikorrena gure iraultza da; gaur errealitate areagotua erabil dezakegu hogei euroko betaurrekoekin eta ia edozein telefonorekin».

Errealitate objektiboa eta birtuala
Errealitate birtuala errealitate erabat desberdinak sortzean datza. Gainera, errealitate areagotuak errealitate objektiboaren gainean elementu birtualak gainjartzen ditu. Horixe egiten du Pokemon Go! modako jokoan ere, benetako kale eta hirietan kokatzen ditu pokemonak, pertsonaia birtualak. «Azken urteotan arlo horretan sekulako garapena izan da, baina ez bideo-jokoen kasuan bakarrik, baita heziketa edo osasuna bezalako eremu garrantzitsuetan ere», nabarmendu du.
Errealitate areagotuaren eztanda
Pokemon Go! jokoak mundua erotu eta bazterrak nahastu ditu, aldeko adina kontrako ahots piztuz. Baina egia da joko horrek errealitate areagotua fokuaren azpian jarri duela, eta hori ontzat jotzen du Lopez Benitok. «Duela urte gutxi errealitate areagotuko app-ak erabiltzeari buruz hitz egiten genuenean horiek ez zirela inoiz erabiliko esaten ziguten. Eta begira orain», iritzi dio. Bere ustez, errealitate areagotuaren eztanda horren atzean badaude zenbait faktore; irudien kalitate handia eta teknikoki ahalmen handia duten telefonoak eskuratzeko aukera, esaterako. Baina arazoak ere badira; teknologia zenbaiten prezioa, konexio eta geolokalizazio beharra eta baterien gastua, besteren artean.
Pokemonak etorri bezala joango direla iritzi dio, baina errealitate areagotua geratzeko etorri dela. «Orain badirudi Pokemon Go!-rekin jolasten ez bazara eta errealitate areagotuaren berri ez baduzu ez zarela inor. Joko horrek, beste guztiek bezala, iraunkortasun mugatua izango du. Horregatik iraupen mugagabea duten eta pertsona askorengana helduko diren erabileren aldeko apustua egin behar dugu», nabarmendu du. Eta adibide modura jarri du autismoa duten haurrei egokitutako eskola materialak sortzeko ideia, komunikatzeko dituzten oztopoak gainditzeko moduak sortuz errealitate areagotuaren laguntzarekin. Osasunaren arloan ere erabilera oso interesgarriak izan ditzake errealitate areagotuak eta horietako asko martxan dira dagoeneko.
Errealitate areagotuak, beraz, balio du jolaserako, baina baita pertsonen bizitza errazteko eta hobetzeko ere. Interes horiei begira jartzeko deia egin du Jorge Lopez Benitok.

Inauterien izaeran sakontzeko lana, Mediabask eta NAIZ Irratiaren eskutik

Zikin, zaratatsu eta euskarazko hitzaren jabe
Maitasun aitortza bat

«Teletetxoak», erretrobisoreak eta motxilak: torturaren itzala euskal gazterian
