Laura Mintegi

Zeri esaten zaion terrorismoa

Pasa den astean Munichen izan zen jazoera izendatzeko, non bederatzi pertsonak galdu zuten bizia, «ekintza terrorista» hitza erabili zen lehen orduetan, ekintza nork egin zuen jakin arte. Behin jakinda triskantzaren egiletza, «tiroketa» izatera pasatu zen. Aste berean Kabulen izandako atentatua, 80 hildako utzi dituena, ez da izan «ekintza terrorista», egiletza Daesh-ek aitortua izan arren. Mendebaldeko gobernuek ez dute jarri martxan terrorismoaren aurkako protokoloa: ez da elkarretaratzerik deitu, ez da banderarik jarri haga erdian eta ez zaio isiltasun minuturik eskaini; ekintza bortitz hutsa izan da, baina ez terrorismoa.

Beraz, terrorismoa ez du definitzen hildakoen kopuruak. Ezta ere nork burutu duen ekintza. Terrorismo hitza estuki lotuta dago izendatzen duenarekin, bere ideologiarekin eta bere interpretazio politikoarekin. Hitzak, beste behin, ez du adiera objektiboa. Adiera subjektiboa du, esan nahi baitu hizlariak ematen dion esanahia. Humpty Dumpty-k argiro ziotson Aliziari Lewis Carrollen “Through the Looking-Glass” liburuan: «Nik hitz bat erabiltzen dudanean, hitz horrek esan nahi du nik nahi dudana, ez gehiago ezta gutxiago ere». Aliziak esaten dio orduan, «arazoa da ea zeuk eman ahal diozun hitz bati zeuk nahi beste esanahi». Baina Humpty Dumptyk bazuen erantzuna, «arazoa da nor den nagusia, hori da guztia». Boterea duena da signifikatzailearen jabea, nahiz eta ez izan signifikatuarena.

Terrorismoa kontzeptu politiko gisa Iraultza Frantsesean sortu zen 1789an. Robespierrek eta bere kideek Terrorearen Garaia ezarri zuten 1792-1794 biurtekoan, eurak ere gillotinan erail zituzten arte. Terrorea lanabes politikoa zen (lanabes bakarra) irauli nahi ziren balioak ezartzeko.

Kantek Iraultza Frantsesaren berri izan zuenean «horrorea, horrorea!» oihukatu zuen arren, bigarren hausnarketa batean konturatu zen ustez immoralak ziren haiek, terrorearen bidez moral berri bat ezartzen ari zirela (‘guztiak berdinak gara legearen aurrean’), eta horretarako moral zaharra (monarkia absolutua) irauli behar zutela behetik gora. Luis XIV.a eta Sans-Culottesak parekatuko lituzkeen erregimen politikoa ezarri nahi bazuten (‘gizon bat boto bat’), aldaketa hori ezin zitekeen gozo eta baketsua izan. Kanten ustez, iraultzaile haiek ez ziren immoralak, amoralak ziren: moraletik kanpo jokatzen zuten moral berri bat ezartzeko asmoz.

Nietzschek proposatzen digu moralaren genealogia egin dezagula, bila ditzagula boterearen jatorria eta interesak, eta honela ulertuko dugula indarrean dagoen morala, morala beti-beti baita tresna politikoa jendartea kontrolpean edukitzeko. Morala da botereak bere burua iraunarazteko daukan babes legezkotua. Mundu zaharra islatzen du moralak. Jendarte berriak moral berria ezarri beharra dauka.

Horrexegatik ekintza bera izan daiteke immorala (terrorista) ala ez, ekintzailearen asmoaren arabera. 9 edo 80 pertsona hiltzea ez da, berez, ekintza immorala. Moralak ez du zerikusirik ekintzaren larritasunarekin edo kaltetuen kopuruarekin. Helburuak egiten du immorala. Gizartearen balioak aldatu nahi baditu, horrek bihurtzen du immoral; terrorista bihurtzen du ekintza. Helburua ez baldin bada gizartearen balioak iraultzea, orduan eraso bortitza da, tiroketa, mendekua, zoroaldia, edo unean uneko enajenazioa. Baina ez da terrorismoa.

Ondorioz, ez da terrorismoa David Ali Sonbolyk Munichen egindakoa (ez zuen nahi sistema aldatu), eta ez da terrorismoa Kabulen izandako triskantza, helburua ez zuelako Afganistanen dauden ‘balioak’ aldatzea. Eta, aitzitik, terrorismoa izan daiteke kutxazain automatikoa erretzea, pintaketak egitea horma batean edo egunkari bat argitaratzea. Helburua zein den. Hor datza gakoa. •