Joxean Agirre

«Ama!, ez dudala nahi»

Mutikotatik memorian iltzatuta geratu zaizkidan oroitzapenen artean badago bat eraso sexistekin lotua. Etxetik hiru bat kilometrora erromeria leku bat zegoen eta hara zer suma gerturatu ginen arratsalde apurretan eszena bat errepikatzen zen: neskek egiten zuten dantza eta mutilak begira egoten ziren. Erromeria bukatzerako iluna izaten zen kanpoan eta gogoan dut mutilak atean jartzen zirela ateratzen ziren neskei etxera laguntzea eskaintzeko, eskatzeko edo beharbada horretara behartzeko, ez dakit. Oroitzapenak lainoak dira, baina irudipena dut neskak ilunpean desagertzen zirenean “Ama!, ez dudala nahi”, esaten zutela, nahiz eta batzuetan pentsatu izan dudan esaldi hori neuk asmatua ote den.

Interesgarria litzateke, garai hartako neskek gaur kontu horiek berrituko balituzte. Itziarko Andutz kultur elkarteak eskatuta “Txankarta, itzalean geratu zen maisua” liburua idatzi nuenean inguruko erromerien mapa osatu, haietako giroaz hitz egin eta neska-laguntzaren ohituraz ari ginela garaiko emakume baten lekukotasuna eskatu nuen. Gogoan dut neska-laguntzaren inguruko ikuspegi guztiz positiboa, beharbada positiboegia eman zidala. Mariaren Alabak kongregaziotik bota zuten gaztea zela, dantza lotua egiteagatik, eta geroztik miresle eta nobio-gaien kopurua izugarri gehitu zitzaion. Gustuko zituen mutilekin elkartzeko estrategiez, gauetako giroaz eta beste hainbat kontuz hitz egin zuen. Herriko apaiza saiatu zen berriro Mariaren Alaben altzora itzul zedin, baina ez zuen nahi izan. Emakume alaia, bitalista eta karakter handikoa zen eta izango da, seguru asko.

Aurki genitzakeen ikuspegi negatiboagoak ere, seguru bainago giroa okerragoa zela orain 50 urte gaur baino. Hori frogatzen duten datu ugari aurki daitezke atzerrian bederen. Noemi Wolfen liburu batean aurkitu ditut hauek: Diana Russellek 1983n San Frantziskoko 930 emakumeri egindako inkestaren arabera, %44k bortxaketa edo bortxaketa saio bat jasandakoak ziren. Herbehereetan klase ertaineko emakumeei garaitsu horretan egindako inkesta baten arabera, %32 esperientzia sexual behartuak izandakoak ziren 16 urte baino lehen. Kanadan lau emakumetik batek behartuta izan zuen bere lehen esperientzia sexuala. 1981ean Londresen egindako inkesta baten arabera, sei emakumetik bat bortxaketa jasandakoa zen. •