Izaga, Xabier
IKUSMIRA

EHUN OSPITALE BONBARDATU OSTEAN, IKERKETA

Dentistaren kontsulta ematen du, edo ematen zuen Saudi Arabiak gidatzen duen koalizioko hegazkinek bonbardatu baino lehen. Bada, ez, ospitalea zen. Eta bonbardaketaren egunean zazpi hildakoren berri eman bazuten ere, biharamunerako hamalau ziren jada. Hori bai, MSF Mugarik Gabeko Medikuen argazkiko ospitalea ez da Yemenen bonbardatutako lehena, hamasei hilabetean, gerra hasi zenetik, ehunetik gora suntsitu dituzte-eta. Gehienak, Saudi Arabiaren koalizioak. Ezin esan, baina, koalizio horrek ospitaleak soilik bonbardatzen dituenik, aurreko astean eskola bat bonbardatu eta gutxienez hamar haur hil baitzituen. Edonola ere, Saudi Arabiak MSFren ospitaleari buruzko ikerketa abiatzeko konpromisoa iragarri du. Ez dirudi urrunera iritsiko denik ”ikerketa”, baina Saudi Arabiak (edo txandako herri bonbardatzaileak) barkamena eskatu beharko balu, hala egingo luke, bere hegazkinek beste ospitale bat, edo eskola bat, bonbardatzen duten bitartean... Xabier Izaga Gonzalez