Izaga, Xabier
IKUSMIRA

ZAZPI HILABETE ITXITA ETA... LEHENGORA?

Duela zazpi hilabete itxi zituen Sestaoko lantegiko ateak Arcelor Mittalek, altzairuaren prezioaren beherakada zela-eta. Goiko irudian, enpresa horretako langileak ageri dira, joan den otsailean, itxieraren aurka protestan, langabeziaren ezpata buru gainean zintzilik. Azkenaldion hobera egin du altzairuaren merkatuak eta, Lakuako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako sailburu Arantza Tapiak dioenez, horixe izan da ACBko zuzendaritzak lantegia berriro irekitzeko arrazoi nagusia. Hori eta ez bere Gobernuak multinazionalari diru laguntzak eskaini izana. Altzairuaren prezioa bere onera etorri izana eta ez orain aspaldi ez dela ACBren «xantaia» zena onartu izana. Enpresak, enpresa orok, kostuak murriztu behar ditu eta ACBk murriztu ahal izango ditu. Arazoa konponduta. Hartara, ontzat jo zuen sailburuak «zorioneko bukaera», momentuz langileen erdiak kalean utzi, itzuliko direnen lan baldintzak kaskartu eta Ezkerraldeko industria-eraispena azkartu duen bukaera «zoriontsua». Xabier Izaga Gonzalez