Egin herri, eta ez erridikulua
Sorpresarik gabeko sorpresa izan da: Arnaldo Otegi inhabilitatu digute. Argudio juridikoen faltan, guztiz politikoa eta osoki antieuskalduna den urratsa egin dute. Ez da soilik erabaki aberrantea izan. Jazarpen sistema baten azken oroigarria izan da, herri honen kontrako masazko zapalkuntzaren erakustaldi siniestro bat, aurrez aurre ditugunak nolakoak diren eta noraino heltzeko prest diren erakusten duena. Otegiren kontra eginez, ezkerreko herri abertzalea umiliatu eta emozionalki kolpatu nahi izan dute, bere indarren gaineko konfiantzaz hustu, bere borondate kolektiboa akabatu.
Legalki, Otegi ez da lehendakarigai izango. Ez naiz aditua legeetan eta, aitortzen dut, apur bat aspertzen nau eztabaida legalak egiteak legearekin deus ikustekorik ez duten kontuekin. Iñigo Iruinek, maisuki adierazi zuen legez, legalki ez zegoelako auzirik.
Errealitatean, baina, Otegiren neurria eta protagonismoa are handiagotu da. Handiagotuko dugu. Kanpainan latzak bota eta momentu magikoak oparituko dizkigu, ohi legez perla eder askoak. Hain freskagarria den eta zapore herritarrez hain hornitua dagoen EH Bilduren hautagaitzak, auzoz auzo, etxez etxe, botoz boto, jendearen emozioak piztu eta babes handiak irabaziko ditu. Egin herri, hori da bidea.
Ez da berria Elgoibarko liderrarekin espainiar botereek erakutsitako amorrua. Aspaldikoa da. Aspaldi dabiltza bizitza osoan, biziborroka betean, aberriaren alde, justizia sozialaren alde, ideal justuen defentsan jator eta eskuzabal aritu den militantearen atzetik. Euskal politikaren erdigunetik betirako baztertzea nahiko lukete. Azken hamar urteotatik zortzi kartzelan preso egotera behartu dute, haren izen ona eta ibilbidea zikindu nahian direnak eta ez direnak bota dituzte, orain inhabilitatu, gero batek daki zer. Izan ere, Arnaldo Otegi, asko da, handia da, oso handia benetan: ordezkatzen duena, haragitzen duen hori, aurrera begira planteatzen duen desafioa ez delako nolanahikoa.
Erasoari kanpainan are lan handiagoa eginez, botoa hemen botoa han xorro-xorro zakukada betez, arnas luzea eta buru argia eskatuko dituzten hilabeteetan are finago jardunez erantzun behar zaio. Egin herri, horixe baietz! Espainiarren jokabideak sortzen digun amorrua bularrean bilduz, hortzak izerdi norberak berean lan, apustuari, aukerari eta umoreari eutsiz, egin herri.
Hori bai, elefante memoria izanik edo burmuina ziliziozkoa eginez, ez da ahaztu behar Arnaldo Otegiri eraso eginez ezkerreko herri abertzalea zigortzeko saio berri honetan batzuek egin eta esan dituztenak. Eta oso bereziki, EAJko buruek. Miserablea izan behar baita Otegi biktimista dela esateko, ziegan emandako zortzi urteetan hau guztia makiavelikoki prestatu duela eta gisakoak iradokitzeko. Erridikulua da. Egiazki, aprobetxategi eta arrakero hutsak dira. Badakite, badakigu, nahi izan balute, espainiar botereek ez luketela halakorik egingo. Gainera, jada ez dute ezta beste alde batera begiratu eta sudur-zuloak tapatzeko plantarik ere egiten. Erridikuluak dira.
Hola bai, Madrilek «Pintto, Pintto, toz, toz, ekarzu pilota txikia» esan eta, EAJkoek, otzan eta koldar, agindua bete. Hola erraza da korta klientelarra gordetzea, bai.
Ez dira konparagarriak baina mingarriak izan dira Pili Zabalaren hitzak ere. Erridikuluak iruditu zaizkit, eskasak, benetan eskasak. «Zuzentasun morala» Arnaldo Otegiri eskatzen hastea, are exijentzia kutsu horrekin, kaikuan txiza bezala inteligentziari iseka egitea da. Nahiko buruhauste eta demontre badaude berez, zer eta politikarekin baino erlijioarekin zerikusi handiagoa duten argudioekin hasteko. «Zuzentasun moral» txapelketak kanpora euskal politikatik! Horrelako txepelkeriak katekesian edo apaizekin. Hor bai, hor izan lezake zentzu eta interesik. Politikan, baina, etika da gakoa, ez morala.
Zabala andereak ez luke ahaztu behar ez dagoela pertsona bakar bat bera ere, ezta politikaririk ere, zuzentasun moralaren estalkiaren pean osoki tapatuta. Berak bere-berea den eskala eta zentzu partikularra emango dio, libre da horretarako, jakina. Baina, bere eskala denon eskala bihurtzeko nahia politikoki estropezu ziurra da. Morala, gainera, politikan, neurriz kanpo baloratuta dago, batez ere askatasuna gutxiesteko erabiltzen denean. •

