Motxilen eta etxeko lanen pisua
Egun hauetan argazkia goizero ikusten dut. Eskolara itzultzen diren haurrak, gurasoen eskutik batzuk, handienak bakarrik, lokartuta gehienak. Oraindik motxilen pisua ez da gehiegizkoa, kurtso hasieran gaude eta egokitzapenarekin dabiltza familia gehienak. Baina laster hasiko dira haurrak burua makurtzen motxilaren pisuak eraginda.
Adituen arabera haur baten motxilaren pisua ez litzateke bere pisuaren %15 baino gehiago izan behar. Gure txikitxoen sorbaldek badakite portzentaje hori ez dela ia inoiz betetzen. Medikuek eta osasunaren inguruko eragile guztiek ohartarazten digute behin eta berriz: motxilen pisua gehiegizkoa da eta ondorioak oso txarrak sorbaldarentzako, haurraren hazte prozesuarentzako, eta abar. Egun hauetan gurasoen kexak Twitterrera ere iritsi dira; #sinmochilas lelopean euren seme-alabek egunero pairatzen duten egoera salatu nahi dute horrela.
Denak ados beraz: motxilen pisua gutxitu beharra dago. Irtenbidean ez dugu berriz hainbesteko adostasunik aurkitzen. Logikoena litzateke pisua gutxitze aldera liburuak ere gutxitzea. Aspaldidanik datorren beste eztabaida batean sartuko ginateke horrela; liburuen interesa eta baliagarritasuna eskoletan, libururik erabiltzen ez dituzten metodologia pedagogiko berrien aurrean. Baina ez naiz saltsa horretan sartuko, ez ditut argitaletxeak nire kontra jarri nahi. Zer egin, beraz? Etxeko lanak gutxi ditzagun, diote beste batzuk. OMEk argitaratutako txosten baten arabera osasunarentzako kaltegarriak dira; buruko eta sorbaldako mina eragiten dute, urduritasuna, estresa eta tristura. Espainia mailan 15 urte inguruko neskatoen %70ek dio presioa gehiegizkoa dela.
Baina, antza denez, ez da bakarrik osasun arazo bat. OCDEk egindako txosten batean salatzen da etxeko lanek ezberdintasun sozialak areagotzen dituztela. Izan ere, familia bakoitzean bizi den egoera sozioekonomikoaren arabera haur batek aukera gehiago izanen ditu etxeko lanak egiteko orduan laguntza jasotzeko. Aipatu gabe jakina dela gurasoen ikasketa mailak baldintzatzen duela bere seme-alabaren ibilbide akademikoa.
Pedagogikoki interesgarriak izan daitezke etxeko lanak noski: ohitura, ardura, jakin mina susta ditzakete. Baina argi dago planteamenduak bestelakoa izan behar duela. Hori da, behintzat, ondoriozta dezakeguna PISAko azterketa ospetsuan lehen mailan dauden herrialdeen jokabidea ikusita.
Estatu espainola txapeldunen artean dago etxeko lanen rankingean: Bigarren Hezkuntzan haurrek sei ordu eta erdiko etxeko lanak dituzte batez beste. Italia (bederatzi ordu) eta Irlandaren (zazpi ordu) atzetik dago estatu espainiarra. Eta a zer kasualitatea, PISAko azterketa ospetsuaren arabera ikasleen jakintza maila altuen den herrietan, berriz, Finlandian eta Ipar Korean, esate baterako, etxeko lanek oso ordu gutxi betetzen dituzte haur baten agendan.
Zerbait gaizki egiten ari gara. Laster ikusiko ditugu haurrak burumakur eskolarako bidean, motxila erraldoiekin euren sorbalda txikien gainean.
Modu asko daude ikastetxeetan gure haurrek ikasten dutenari jarraipena emateko: sukaldean gurekin afaria prestatzen, paseo batean, parkean jolasean. Dagoeneko ordu asko pasatzen dituzte eskolan eta bestelako eskolaz kanpoko jardueretan eta jolasteko orduak murritzak dira. Haur izateko aukera lapurtzen ari gatzaizkiela dirudi. •
