Politika baskoaren erotika
Aitortzen dut ez ditudala gehiegi maite altuerak. Bi metro arterainokoak (jada jaisten…) eramaten ikasi banuen ere, Port Aventurako erorketa libreak edo Usurbilgo kanpandorretik zein etxeko balkoitik behera begiratzeak bertigoa sortzen dit. Marka da gero, baina tokatu zait entrenatzaile profesionalik azken urteetako lorpenekin gustura egon bai baina eskubaloiak eskaintzen dituen mailarik gorenetara igotzeko aukera izan arren nahi ez zuenik, bertigoak jota. Distantziak distantzia, iruditzen zait azken hauteskunde kanpainan lehendakarigai bat baino gehiago bertigoak jota ibili dela, irabazteko lehian aspergarri eta inspiraziorik gabe, Legebiltzarrean egote hutsarekin konformatuko balitz bezala. Nola liteke bestela lehendakaritzarako hautagaien artean tristeena eta zozoena nabarmenki bereiztea emoziozko mezu gehien eta indartsuenekin…
Hauteskunde kanpainek urtikaria sortzen didate eta ileak ziztagarri tentetu. Baina, dios!, nola jarri nauen hauteskunde kanpainak! Emaitzekiko morboak eta egunez eguneko asperdura-tentsioen arteko kontrasteek, zalantza eta urduritasun zipriztinek politikaren alde erotikoa esnarazi didate. Gehiago, esango nuke hauteskunde kanpaina aurrera joan ahala politika baskoaren erotikak klimaxaren gorena duela jo, nireez gain askoren ileak zut jartzeraino. Horretan ibili dira pauma-paparrak eta isats-lumak harro-harro eragiten hautagai berritsuak eta haragi gantzetan bildutako gerri bueltak. Argi dago bozak erakartzeko paumaren erritual erotikoan Iñigo izan dugula pauma-erreal. Ze itxura! Ze ahoskera! Ze besoen mugimendu…! Enpresa eta enpleguaz esandakoek izango zuten oihartzunik, baina mila bider errepikatutako emoziozko hitzek dituzte bozen bihotzak bereganatu: «Harro nago lehendakaria izatetik; harro euskal gizarteaz, familiez, enpresez, emakumeez eta gizonez; harro nago Ertzaintzaz…». Azken horrekin irabaziak ditu kide eta senideen botoez gain maitale fisikoenak eta birtualenak ere. Izan ere, amets lizunik zabalduena ez al da ba polizia batekin desiratutakoa… Hauxe bai kanpaina arduradunen kolpe magistrala! •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»

Turismoak hiria irensten duenean
