Emakumeek idatzitako historia pasartea
Historia, letra larriz, heroi anonimoek idatzitako istorio txikiz beteta dago. Horietako batek iragan irailaren 14an izan zuen abiapuntua, Bartzelonako portuan.
“Emakumeak Gazarako Bidean” izeneko nazioarteko ekimenak bi itsasontzi abiarazi zituen Mediterraneoa zeharkatu eta Israelek Gazako zerrendaren gainean ezarritako itsas blokeoa urratzeko asmoz. Ekintza solidarioa emakumeek sortua eta sustatua zen; horrela, emakume palestinarrek herri erresistentziaren historian izandako lekua aldarrikatu eta omendu nahi zuten.
Hiru aste geroago, urriaren 5ean, bidaia gorabeheratsu baten ostean, bi belaontzietako bat, “Zaytoun”, helmugara iristeko 30 itsas milia eskasetara zegoen. Lehorrean, berriz, gazatarrek harrera beroa zuten prest ontziko andre ausartentzat. Erregimen sionistako gerraontziek, bestalde, bestelako amaiera zeukaten aurreikusita elkartasun bidaia horretarako. Nazioarteko uretan, eta legez kontra, barkuari eraso egin eta hango hamahiru emakumeak bahitu egin zituzten. Bitartean, Gazako hondartzan ekintzaileei ongi etorria egiteko zain zeudenei soinu-bonbak jaurti zizkieten.
“Zaytoun” ontziko andreen ekintzak helburu argia zuen: nazioarteko iritzi publikoaren arreta Gazako populazioak pairatzen duen setioaren gainean jartzea. Halaxe adierazi zuen Sandra Barrilarok, argazkilari bilbotarra eta elkartasun ontzidiko bidaiarietako bat, Israeletik deportatuta iritsi berritan: «Gu ez gara istorio honen protagonistak, salaketa baten bozgorailuak baizik».
Emakumeen balentriak, baina, ez du apenas oihartzunik izan Mendebaldeko hedabide hegemonikoetan, bidaiarien artean itzal handiko pertsonaiak baziren ere, besteak beste, Mairead Maguire, 1976an bakearen Nobel saria eskuratu zuen irlandarra. Akaso elkartasun istorio hau historiaren orrialde anonimoak betetzen dituen horietakoa izango da. Herri zanpatuen historia letra xehez idazten da, nonbait. •

