Unai Fernandez De Betoño
Arkitektoa

Geure turismo eredua

Euskal Herrian oraindik ez dugu ikusi Veneziak edo Bartzelonak pairatzen duten turista-olde demasekoaren neurriko inbasiorik, baina azken udatan jazotako «turistakadak», bereziki kostaldean, kezkatu gaitu. Masiboa denean turismoa oso predatzailea delako. Hala ere, turismo ororen aurkako diskurtso erradikala landu ordez, benetako erronka da geuretzat zentzuduna den berezko turismo-eredua asmatu eta sustatzea. Ezin dugulako baztertu turismoak dagoeneko barne produktu gordinaren %10 dakarrela berekin, eta kopuru horrek goraka egingo duela, antza, datozen hamarkadotan.

Kostu baxuko turismoaren eskaintza masiboak dakartzan arriskuak zuzentzean eta turisten oldeak aldez aurretik planifikatzean datza jarraitu beharreko estrategiaren zati garrantzitsu bat, mugak eta debekuak ere baztertu gabe. Baina turismoaren planifikazio egokiak prebentiboa izan behar du, batez ere (tematikoki, geografikoki, tenporalki…), turismoa dirua egiteko tresna bat gehiago bezala hartzetik garapen integralerako lanabes erabilgarri gisa ulertzera igaroz. Alegia, ikuspegi ekonomiko hutsari gizartearen, ingurumenaren eta kulturaren geruza ezinbestekoak gehituz.

Horretarako saiakera da EAEko Turismoaren Lege berria, aurreko legegintzaldiko azken egunean bertan, uztailaren 28an, onetsi zena, EH Bilduren ekarpen esanguratsuekin. PPk ez zuen legearen alde bozkatu, hain zuzen ere merkataritza neoliberal erabat askeari mugak ezarri nahi dizkiolako testuak, besteak beste pisu turistikoen kontrola areagotzeko balioko duen heinean. EH Bilduren lege-zuzenketek turismoaren alde kulturalean sakondu dute, turismo aktiboaren papera aldarrikatu, inklusioaren garrantzia azpimarratu, Ipar Euskal Herriarekiko zein Nafarroarekiko erlazio turistikoak indartzeko aukerak zabaldu, tokiko hizkuntzaren eta produktuen tokia indartu, eskualde ezberdinen arteko oreka turistikoa sustatu, lurralde-plangintza koordinatuagoa aldarrikatu, eta, bereziki, turismoaren sektorean dagoen lan prekarioa hobetzen saiatu.

Zenbait kontu erregelamendu bidez gehiago garatu beharko badira ere, Turismoaren Lege berria geure turismo eredua eratzeko pausu bat da. Globalizazioaren turismo banalizatzailearen aurrean, geure lurraldearen eta hirien berezko nortasunari eusteko asmo argia azaltzen baitu. Hemengo berezitasunak urtzen uzten baditugu, paradoxikoki, turismorako ere erakargarri izateari utziko diolako gure herriak.

Hurrengo pausua turismoaren diru-itzulkinak publiko (ere) bihurtzea litzateke. Sortarazten dituen deserosotasun eta gastuak bereziki publikoak direnez, turismoaren itzulkin ekonomiko guztiak sektore pribatura soilik ez joatea lortzea, alegia. Tasa turistikoa izan daiteke hori lortzeko bideetako bat. Dagoeneko alderdi politiko eta instituzio ezberdinen arteko liskar kontu bihurtu dena, eta erantzun bateratu eta adostua beharko lukeena. Turismoarekin denok zerbait irabazten badugu (ekonomiak, gizarteak, ingurumenak eta kulturak), akaso «turistak besteak dira» pentsatzeari utziko diogu. •