Gaizka Amondarain
Irakaslea

Fenomeno atmosferikoak

Ez dago, jaiki berritan, munduan lurrartzeko, albistegien amaierako eguraldiaren iragarpena entzutea bezalakorik. Jertse batekin nahikoa dugun ala berokia janztea komeni den jakinda, lasaiago ateratzen baikara kalera normalean.

Michelinen subkontrata batentzat lanean ari zen gazte bat bost mila kiloko pieza batek azpian harrapatuta hiltzea. Altsasun, goizeko bostetan eta taberna batean, guardia zibilen eta gazte batzuen arteko enkontrua mutur joka bukatzea. Azken hamarkadetan euskararen ezagutza, gazteetan batez ere, hainbeste hazi eta gero egunerokoan inork ez erabiltzea. Atxilotu bat polizia-etxera eraman eta ordu gutxira hankak aurretik dituela ateratzea handik, zerraldo, eraman zuten berdinek. Iparraldeko herrialdeen apetitua aseezina izanda, hegoaldeko herrialdeetan jendea gosez akabatzea. Gizonezko batek bere emazte ohia hil arte jipoitzea. Banketxeak salbatzen diren estatu batean, jendea egunero bere bizilekutik kaleratzea. Geratzen diren A ereduko ikastetxeak etorkinen seme-alaben ghetto bihurtzea. Kirmen Uribek Espainiako sari nazionalen bat irabaztea, bihar edo etzi. 400 preso politiko dituen herri batean, “bakea” esanahi bako hitza izatea. Jendea haserre egotea. Jendeak gorrotoa sentitzea. Mediterraneoan, gure muturren aurrean, hilero, beraien herrialdean sortu ditugun miseria eta gerretatik ihesi datozen milaka pertsona itotzea. Futbola izatea berriro ere gure sentimendu nazionala. Lurrak gero eta sarriago dardara egitea gure gomazko zolen azpian. Norbaitek euskaldunon kirtenkeria eta onberatasuna, normaltasun adostua zein den azpimarratzeko, andaluziarren alferkeria eta xelebrekeriekin elkartu nahi izatea telebista saio batean. Kolonbian bakea laudatzen duten berdinak izatea gero hemen, gerra predikatuz botoak irabazten dituztenak. Hezurretaraino ustelduta dagoela agerian geratu bada ere, Alderdi Popularrak Espainia gobernatzen jarraitzea, 80 urteren buruan. Euskal Herrian duela gutxira arte borroka armatuan ziharduen erakunde bat existitzea. Erlojuak ordu bat atzeratzea izatea azkenaldian gizartean eman den aldaketa esanguratsuena. Ezkerrak eskuinari ematea eskerrak, eta aldrebes. Errege aitak sofan, barrez lehertzen den bitartean, egindako lanaren alde topa egiteko beste cava botila bat zabaltzea ahoarekin. Normaltasuna izatea nagusi gure errepideetan, botatzen ari denarekin.

Bihar haizeak hego-mendebaldetik joko duela dakigun modu berean, irensten ditugu gainontzekoak ere egunero. Gero eta zailagoa da albisteak eguraldiaren iragarpenetik bereiztea. Fenomeno atmosferikoen ondorioz gertatzen diren gauzak ematen dute guztiek. Halabeharrez gertatzen direnak, inork oso ondo zergatik gertatu diren ulertu barik. Beharrik ere ez. Nork bere buruari pisu bat gainetik kentzeko modu bat ere bada, inori esplikaziorik ez eskatzea. Kontzientzia hartzen duenaren bizitza nekezagoa baita. Kausez jabetzearekin batera, gertaera horietan duen ardura ere onartzen duelako zeharka. Albiste horiek denak zoriaren ondorio direla sinestearekin konformatzen denak ez du horrelako ardurarik sentitzen. Eta jendeak ez du kezka gehiago nahi, nekatuta bizi da oro har. Zerua lainotuta dagoen edo ez jakiteko leihorik zabaldu behar ez badu, hobeto. Errazegi ohitu gara guztiok, orain inori matraka ematen hasteko.

Ez dizuet gezurrik esango; nik ere nahiago nuke bihar euria egitea etzi bakeak egitea bezain erraza balitz, baina, guk ezin dugu atmosferan hala eta hola eragin, euri premia egonagatik. Meteorologoek sinesgarritasun handiegia duten leku batean bizi gara gainera. Eta ez da harritzekoa ere, albistegietako aurkezleek lotsatu gabe esaten dituztenak entzunda.

Egiarekin eguraldiarekin bezala gertatzen da hemen: inoiz ez da denon gustukoa izaten eta zaila da aldez aurretik hemendik hilabete batera zer egingo duen jakitea. •