Saioa Iraola

Ziaboga hartzeko garaia da

Euskal Herriko bake prozesua indartzeko bokazioarekin jaio zen Foro Sozialak bost urteko ibilbidea egin du, eta urriaren 22an iragarri zuten Foro Sozial Iraunkorra abiatuko dela. Bertan izan nintzen, azken urte hauetan zehar egindako bakearen eta bizikidetzaren aldeko hainbat ekimenetan bezalaxe. Alderdi politikoetako jende andana bildu zen, baita arlo sozialeko zein kulturaleko hainbat lagun ere. Ekimen guztietan, ondorio nagusienetako bat honakoa izan da: gizarte zibilaren parte hartzearen garrantzia.

Gizarte zibilaz dihardugu, baina nortaz ari gara? Pentsatzen dut alferrikakoa dela gizarte zibilaren inguruko definizio oso eta bakar bat topatzea. Baina definizio anitzek esaten dute jendarte zibila osatzen dutela estatutik eta ekonomiatik aparte egituratuta dauden pertsona eta elkarteek, hala nola: kultur elkarteek, kirol elkarteek, komunikabideek, herri ekimenek, elizek, genero, arraza eta sexualitateari lotutako elkarteak, sindikatuek... Gizarte zibila boterearen banaketarekin estuki lotuta dago, Foucault-en arabera, gobernu liberalek boterea taxutzeko eduki duten era berritua litzateke.

Nire ustetan, gizarte zibilaz hitz egiten dugunean, kosta egiten zaigu identifikatzea berau osatzen duten subjektuak eta taldeak nortzuk diren. Azken batean, han eta hemen, gutaz ari direla entzuten dugu, askotan, guk geuk jakin gabe. Eta horrek kezkatzen nau, baldin eta Euskal Herriko bake prozesuan irtenbidea triangelua osatzen duten hiru ardatzen akordioetatik (instituzioak, gizarte zibila eta Egiaztatze eta Jarraipen Batzordea) etorriko bada behintzat. Nire aburuz, jendartean antolatutako subjektuok ardura daukagu abagune honetan eragiteko, ados. Baina pentsatzen dut prozesuan ezinbestekoak diren langai batzuk baditugula, hots, jendarte zibilaren ezaugarritzearen inguruko adostasuna lortzea, berau ahalduntzeko estrategiak sustatzea, parte hartzerako espazioak ahalbidetzea eta komunikazio zubi eraginkorrak sortzea. Euskal Herrian, zorionez, gizarte zein kultur mugimendu indartsu eta anitza dugu, beraz, ziaboga hartzeko momentua da, ez baitut zalantzarik gizarte zibil indartsu eta aktibo bat izango dela herri honen demokrazia eta bakearen bermea. •