Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Hezkuntza eskubidea lortzeko

Gogoan dut gure herriko horma batean palmondodun uharte koloretsu baten marrazki handia zegoela. Azpian, letra beltz lodiz, «Sin Cuba nada sería igual» zegoen idatzita. Artean ezer gutxi genekien Kubaz, baina aitortu behar dut marrazkiak eta esaldiak gure jakin-mina erakarri zutela.

Gaur, abenduaren 10a, Giza Eskubideen Eguna da, egun bakoitzak izena duen egutegian. Azaroaren 20a, berriz, Haurren Egun Unibertsala izan zen. Bertan jasotako oinarrizko eskubideen artean dago hezkuntzarako eskubidea.

Mundutarrok 2000n egindako Hezkuntzaren Gaineko Mundu Foroan erabaki genuen hezkuntza arloan hainbat erronka jarriko genizkiela geure buruei. Bertan, 2015erako sei helburu ezarri eta haiek lortzeko hainbat estrategia definitu ziren. Helburuen artean zegoen oinarrizko hezkuntza unibertsala lortzea denentzat. Horren arabera, «2015aren aurretik, haur guztiek, eta batik bat egoera zailean daudenek, lehen mailako kalitate oneko hezkuntza doako eta derrigorrezkorako sarbidea izan behar zuten eta ikasketok amai zitzaten bideak jarri behar ziren». Iaz egindako “Guztiontzako Hezkuntza” jarraipen txostenaren arabera, 1999tik etapa horretako matrikulazioa %9 igo dela estimatu zen. Igoera nabarmena iruditu arren, 2012an ia 58 milioi haur matrikulatu gabe zeuden munduan. Beraz, hamabost urte ondoren, 164 herrialdetako ordezkariek hartutako konpromisoa erdizka besterik ez da bete.

Kubari begira ipini garenez, esatea dagokigu aurten eskubideez ari zaizkigun bi data horien artean Fidel Castroren heriotza gertatu dela. Seguruenik denontzat ezaguna da Castro buru zuen taldeak 1959an Kuban egin zuen iraultza. Ezezagunagoa izango da, akaso, iraultza horrek hezkuntza arloan izan zituen ondorioak, eta iraultza horri eusteko hezkuntzak izan zuen berebiziko garrantzia. Iraultza hainbat hankaren gainean sendotu zen, eta horietako bat hezkuntza izan zen.

Iraultzatik urtebetera, 1960ko irailean, Fidel Castrok Nazio Batuen Erakundearen aurrean egin zuen agerpen publikoan, munduari iragarri zion urtebetean ezabatuko zuela Kuban analfabetismoa. Esatetik egitera pasa zen. Hurrengo urteari “Hezkuntzaren Urtea” deitu zioten, herrialdeko bazter guztietara Alfabetatze Kanpaina Nazionala zabaldu zutelako. Urte hartan lelo batek mugitu zituen kubatar guztiak: “Baldin badakizu: irakatsi. Ez badakizu: ikasi”.

Sei hilabete geroago, 1961eko ekainaren 6an, Hezkuntzaren Nazionalizazio Legea agindu zuen Gobernuak. Lege horren bidez, betiko utzi zen ordura arteko hezkuntza sistema eta benetako izaera demokratikoa ahalbideratu zen hezkuntzarako.

Castrok, Alfabetatze Kanpainan aritu ziren milaka brigadistekin eta hezitzailerekin bildurik, Kuba “Analfabetismotik lurralde askea” zela aitortzen zuen bandera jaso zuen. Hori, 1961eko abenduaren 22an izan zen, eta ordutik egun hori Hezitzailearen Eguna da Kuban.

Ahalegin eta konbentzimendu horrek guztiak ahalbidetu du Kuba hezkuntzan aitzindariak diren herrialdeen artean egotea eta garabidean diren herrialde askotan analfabetismoa desagertzeko laguntzaile paregabea izatea.

Beraz, eta «hirugarren mundua» deitutako herrialde horien taldean egon arren, ez dezagun ahaztu: historian lehen aldiz aldarrikatu zen Kuban, eta bete zen, hezkuntza denen eskubidea eta betebeharra dela, doakoa eta pribilegiorik gabea. Fidel Castroren argia amatatu den ia egun bertsuetan Karibeko uharte hartatik bertatik Joseba Sarrionandiak egin digu kuku. Urte luzeetan bizi omen da bertan. Orain, Habanako Unibertsitatean irakasle da.

Sarrionandiak honela definitu zuen ESKUBIDEA “Hitzen ondoeza” bere lanean: «Giza eskubideen erreklamazioa paradoxikoa izan daiteke giza eskubidez gabetua bizi den jendearentzat. Esate baterako, ‘ogia’ eskatzen duen afrikar belztxoak, ogi zati konkretu bat behar du ahora sartzeko. Giza eskubide zale batzuek, ostera, ogia eman beharrean, ‘ogia jateko eskubidea’ da ematen diotena. ‘Indarra duenak eskubidea’ da errefraua. Baina, indarrik ez duenari ‘eskubide’ deituz gero, indarra duenari ‘oinbide’ deitu beharko litzaioke».

Eta gure oroitzapenetara bueltatuz, zentzua hartzen ari gara aspaldiko “Sin Cuba nada sería igual” hari. •