Koldo Sagasti

Maccabi, kiroletik harago

Datorren abenduaren 29an Israelgo Maccabi saskibaloi taldea izango dugu, berriz ere, Gasteizen, Baskoniarekiko norgehiagokan. Tel Avivekoek gurea bisitatu duten bakoitzean bezala, elkartasun aldarriak Zurbanoko pabilioia hartuko du sionisten presentzia gaitzesteko, eta zenbaitek kirolariei boikot egitea zilegi ote den ezbaian jarriko dute. Jakin dezatela kirola eta politika nahastea bidezkoa ez dela argudiatzen duten horiek Maccabik, kiroletik harago, lotura estua daukala palestinarren giza eskubideak eta nazioarteko legedia etengabe urratzen dituen erregimenarekin. Are gehiago 2015ean Israelgo Gobernuak Hasbara Ministerioa (Propaganda Ministerioa) abian jarri zuenetik, kirolari, artista zein musikarien irudiak baliatuz erregimen sionistak burututako sarraskiak zuritu eta estatu normalizatu baten irudia emateko.

Datuek, gainera, konfirmatu egiten dute harreman hori. 2009ko urtarrilean, Israelgo armada 1.170 hildako palestinar utzi zituen erasoa burutzen ari zelarik, Tel Aviveko klubak bere izar entzutetsuenak bidali zituen Gazako zerrendarekiko mugara, soldadu erasotzaileei animoak eman eta armada genozidaren irudia zuri zezaten. 2014ko udan, berriz, 2.219 biktima palestinar utzi zituen armada israeldarrak Gazan bertan egindako erasoak. Orduan Maccabik partida benefikoa antolatu zuen AEBetako Cleveland Cavaliers NBAko taldearen kontra, Israelgo Defentsa Indarren Lagunen Elkartea erakundea diruz laguntzeko.

Maccabi ez da kirol talde hutsa, Israelgo erregimen sionistaren normalizazio kanpainaren ikur gorenena baizik. Ez bakarrik utzikeriagatik; aitzitik, aktiboki hartu dute parte kanpaina horretan Israelgo gerra krimenak irudiz eta diruz ere lagunduz. Izango da oraindik errealitate hori ikusi nahi ez duenik; giza eskubideekiko gutxieneko begirunea daukan orok, aldiz, jakingo du maccabitarrei adierazten ez direla ongi etorriak Gasteizen. •