Ez esnatu zakurra


Arraposturako arrazoirik falta ez arren, nekagarria da egun osoa demandan pasatzea. Osasuna galtzera ere hel zaitezke. Munduarekin haserre zaudela aurpegiratuko dizute ingurukoek ezer baino lehen, eta denborarekin, bakearen hobe beharrez, lagunartean, lantokian, edo familia bazkarietan zenbait gauzaren inguruan hitz egiteari utziko diozu, etsiak jota. Gainontzekoen onarpenak gai baten inguruko norberaren iritzia argi uzteak baino gehiago balio baitu sarri askotan.
Alta, bizitza guztia eztabaidak saihestu nahian pasatzea ere ez da askoz hobea. Zure izaeraren zati bat erreprimitzeak ondorio kaltegarriren bat izan behar du nahitaez, erreprimitzen den guztiak ihesbideren bat bilatzen duelako lehenago edo beranduago. Beraiekin ados ez egonagatik haserretu nahi ez dituzun inguruko horiek ere, azkenean, eguraldiari buruz hizketan egunak pasa ditzakeen epeltzat hartuko zaituzte. Asperduraren pertsonifikazioa izango zara guztientzat aurrerantzean.
Haserretu gabe eztabaidatzeko gai izango bazina ez zenuke horrelako dilemarik edukiko. Hori ere horrela da. Bandotan zatitutako eta lubakiz betetako herri honetan, ordea, konplikatua da gaur-gaurkoz horrelako zerbait imajinatzea. Diferentzia onartu eta, ondokoa deskalifikatu gabe, argudioetan oinarrituko den eztabaida bat planteatzea bera ezinezkoa da gurean oraindik, zoritxarrez. Zer esaten den baino, nork esaten duen eta nondik izaten da garrantzitsuagoa gehienetan. Arrazoietan eskas dabilenak “bestea” behar duelako beti bere jarrera justifikatzeko. Izan terrorista edo terroristen bozeramailea, izan txurrodun hippy antikapitalista edo nihilista amorratua, izan azal iluneko etorkina edo gurera izurria baino ez dakarren hezur-haragizko deabrua, izan feminista konbentzitua edo besapeak egin gabe daramatzan lesbiana liskarzalea. Barbaroa da beti, zibilizatua zibilizatu egiten duena.
Eta beste behin ere, inork zalantzarik bazuen, Alfonso Alonso jaunak etorri behar izan du, gure herrian elkarbizitzaren afera zertan den guztiok entzuteko moduan esplikatzera: euskara lasaian eta ahotsik goratu gabe hitz egiten jarraitzen dugun bitartean, ez da gure artean inongo arazorik egongo. Herri honen azken mendeotako historia tragikoa ezin hobeto laburbildu zuen gizonak esaldi bakarrean. Gaztelarrek zibilizatutako barbaro domestikatuak izatera mugatzen garen bitartean, problemarik ez. Horratx gure eskuduntza guztia. Eta hobe gauza batzuei buruz hitz egiten ez badugu, demandan aritzeak giroa gaiztotu baino ez baitu egingo. Sursum corda eta elkar bizi Jaungoikoaren bake fiskalean. Horixe dugu gure pribilegiotxoen truke ordaindu beharreko kupoa.
Horiek horrela, Parisen Maiatzaren Leheneko manifestazioetan poliziak nola erretzen zituzten ikusi eta aste batera, pareta batean pintaketak egitea eta instituzio publikoen ateetan zaborra barreiatzea bihurtzen da ezbairik gabe kondenatu beharreko gizateriaren aurkako delitu barkaezin. Eta irekitzen dira gure albistegiak gertaera larri horien inguruko irudi eta adierazpen instituzionalekin. Eta esaten da lehenago pistola zerabiltenak direla orain espraiak eskuan gure herrian terrorea zabaltzen ari direnak. Bost axola ordurako erraustegiaren inguruko desadostasunek edo nori eskerrak aterako dituen espainiar Gobernuak aurrera bere aurrekontuak hemendik gutxira. Aipatu ere ez da egingo gehiago erraustegia eraikitzeko lanak egingo dituzten enpresak zein saltsatan sartuta dabiltzan eta zein interes eduki dezaketen jeltzaleek obrak enpresa horiei lizitatzeko. Eztabaida beste bat da orain. Eztabaida bestea da.
Demokratek elkarrekin bizi eta negozioak egiten jarraitzeko adostu zituzten arauak errespetatzen ez dituen bestea. Egun osoa ika-mika pasatzen duen barbaro jasanezina. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
