Iker Barandiaran

Topaguneen trantsizioa

Badira espazio batzuk non ez-dakigu-zehatz zergatik ematen diren pertsonen bilketa eta interakzio bereziak; bertara sartu eta duten horretan eroso sentiarazi, bertako egin eta beste batzuekin batera elkarlanean zerbaitetara bultzatzen zaituztenak; jakina, izaera berezia izan ohi dute: lekuak berak, arduradunek, erakarritako jende multzoak… beti ez dago argi zer den zehatz berezia egiten duena. Globalizazio edo uniformizazioaren olatuaren aurreko lekuak dira, jakina. Izan ere, badira gaur egun gazte asko frankiziek eta leku guztietan berdinak diren negozioek erakartzen dituztenak; umeak bezala eroso sentitzen dira ezagun egiten zaien horretan, aldatzen ez den negozio patroian.

Ni, hala ere, tabernez ari naiz, batez ere; orain dela hamarkada gutxira arte gazteriaren –besteak beste– zati handi baten topagune ziren horiez. Kontsumitu, batzuk gehiago beste batzuk gutxiago, ere egiten genuen, baina haren bueltan egoten ginen gehienok, taldean edo bertara banaka joanda ere, giro erosoa aurkituta. Eta garaian gazte kuadrillen lokalik ezean, han biltzen ginen eta kuadrillen loturez harago beste batzuekin –kuadrillakoak ez zirenekin ere– nahasten ginen, harremanak, sorkuntza eta hartu-emanak aberastuz. Hala gogoratzen dut, esate baterako, nire herriko Biona taberna. RIP taldekoak eta haien lagunak han biltzen zirelako egin da gerora ezagun, baina historia luzea eta emankorra izan zuen. Niri dagokidanez, gaztetxerik ez zegoenean bereziki, eta guk sasoi hartan diru ezer gutxi maneiatzen genuenez, ateak zabalik zituen beti ezer kontsumitu gabe bazen ere hara sartu eta han lasai asko egoteko. Han ikusi nituen lehenengo aldiz mutilak musuka, emakumez jantzitako gizonak, fanzineak, punkak sorkuntzan, “kamaraderia” giroa, kooperatiba eran lan egiteko antolamendua, kantu onak (eta ez hain onak) ezagutu eta kontzertu batzuk ikusi ere. Guri, nire belaunaldikoei –eta jakin badakit beste batzuei ere– begiak eta mundua zabaldu zizkigun hein handi batean. Baina belaunaldiz belaunaldi bere erritmo propioan tente eutsi zuen topagune hura azkenean itxi egin behar izan zuten. Erreferente oso antzekoak izan ziren gure eskualde berean luzaroan zutik eta emankor iraun zuten Guria (Oñati) eta Pol-Pol (Bergara) ere. Distantziatik hitz egin arren, uste dut oker esateko beldur gutxirekin, pasta ia berekoak izan zirela haiek ere.

Eta apur bat aldenduta, oso gogoan daukat Eibarren kale bertsuan izan zen taberna enblematikoen giroa, nahiz eta haiek hain sakon ez ezagutu. Horien artean Hilbehera nabarmenduko nuke; bertan aurkitu nuen Euskal Herriko taldeez hitz egiten zuen lehen musika aldizkaria (Natxo Cicatriz azalean zuen “El Tubo” argitalpena), kontzertuetako sarreren salmenta postu finkoa zen (horrek ere bereizi egiten zituen taberna batzuk garai hartan) eta sorpresa atsegin gehiago eskaini zizkidan. Bada, Bost, Margon, Ryder eta Hilbehera bera batzen zituen kale taberneroa ere desagerrarazi zuten. Jada han ez dago ezer.

Egia da gure gizartean izan diren ohitura aldaketa guztiekin tabernek jada ez dutela lehengo funtzio bera betetzen. Horregatik, negozio soil bat baino askoz gehiago bilakatzea lortzen duten halako topaguneak desagertzen diren bakoitzean gutako zertxobait joaten da, gure pentsatzeko, izateko eta antolatzeko zati bat. Gauza bera pentsatu nuen orain gutxi Bilboko Muga taberna 33 urte pasa ostean beste jabe batzuek hartuko dutela jakitean. Hirian egindako egonaldian bertan dozenaka musika talde ezagutu nituen, musika eta underground sorkuntza ugari deskubritu nituen eta oso gogoan ditudan tertuliak bizi izan nituen. Bere burugogorkeriarekin, agitatzaile senarekin, bataila askotatik bizirik irten eta denbora honetan guztian berorren jabe izandakoak asko du monarkikotik esentzia izan ezik, eta dio «guztia ondo lotuta» utzi duela topagunea orain arte izan denarengandik askorik aldatu ez dadin, baina denborak esango du zer gertatuko den; denborak eta guk, guk ematen baitiegu izana eta izaera. •